13:57

Kataluniako Hauteskundeak

Hauteskundeak Katalunian

'Zure bizitzako botoa', Junts pel Si hautagaitzaren kanpainako leloa

Agentziak | Erredakzioa

Irailaren 27ko hauteskundeetarako kanpaina "inoizko garrantzitsuena", zerrenda bateratuaren bultzatzaileen irudiko.

  • Kanpainako irudi eta leloaren aurkezpena. Argazkia: @JuntsPelSi

    Kanpainako irudi eta leloaren aurkezpena. Argazkia: @JuntsPelSi

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Irailaren 27an Katalunian izango diren hauteskunde autonomikoen garrantziaz jabetuta, tamainako leloa aukeratu du Junts pel Si independentziaren aldeko zerrenda bateratuak kanpainarako: 'Zure bizitzako botoa'.

Kanpainaren irudi eta leloak aurkezteko prentsaurrekoan Francesc Homs CDC alderdiko buruzagi eta Presidentetzako kontseilariak azaldu duenez, hautagaitza osatzen duten kide guztiek uste dute "inoizko hauteskunde kanpaina garrantzitsuena" dela honakoa, independentziari buruzko erreferendumtzat jo dutelako.

Raul Romeva zerrendaburua erakusten duen kartela eta Bartzelonako lehen bost buruzagiak (Romeva, Forcadell, Casals, Mas eta Junqueras) jasotzen dituena prentsaurrekoan aurkeztu dituzte.

Lluis Salvado ERCko buruzagiak azaldu duenez, kanpainarako prestatu dituzten karteletan hautagaitzako bost aurpegi ezagunenak agertuko dira, batez ere, baina lurraldetako hautagaiek ere izango dute lekua: Lluis Llach (Girona), Germa Bel (Tarragona) eta Josep Maria Forne (Lleida).

Kanpainako ekitaldi-programa guztiz itxita ez duten arren, egunean, gutxi gora behera, 20 ekitaldi egitea dute aurreikusita. Kanpainako 15 egunetan, beraz, 300 ekitaldi inguru. Kanpainako lehendabiziko egunean ohiko kartel jartzea egin nahi dute Kataluniako 947 herrietan.

Ekitaldi nagusia, zehazteke

Hautagaitzako kideek adierazi dutenez, hamar bat hauteskunde-eztabaida izango dira kanpainak irauten duen bitartean. Ez dute baieztatu eztabaida horietako bakarren batean Artur Mar Generalitateko presidenteak parte hartuko duen. Bartzelona hautagaitzan laugarren lekuan dago Mas.

Baieztatu dutena, hori bai, eztabaida guztietan Junts pel si hautagaitzako kideren bat izango dela da. TV3koan, seguruenik, Romevak hartuko du parte, eta gainerakoetan, beste zerrendaburuak.

Ekitaldi nagusia irailaren 19an egingo dela ere aurreratu du Salvadok gaurko agerraldian. Hasiera batean, ekitaldi nagusia Bartzelonako Lluis Companys estadioan egitea pentsatu zuten arren, aukera hori baztertu egin dute eta beste leku baten bila ari dira.

Pau Vila plazan ekingo diote kanpainari, eta L?Hospitaleten amaituko dute. Bartzelonako metropoli-barrutia izango da, hain zuzen, Junts pel si-k kanpainarako aukeratu duen indarguneetako bat. Inkesten arabera, barruti horretan du babesik txikiena hautagaitzak.

Orotara, 3,7 milioi euro bideratuko dituzte kanpainako gastuetara CDC eta ERC alderdiek. Salvadok argitu duenez, % 90 ekarpen publikoekin finantzatzea espero dute.

Iruzkinak

    • BILATZAILEA

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena