AEBko hauteskundeak 2020: Azaroak 3, legegintzarako hauteskundeak AEBn | EITB Hauteskundeak AEB

AEB-ko HAUTESKUNDEAK

13:32

AEB-ko HAUTESKUNDEAK

AEBetako hauteskundeak

Hauteskunde-kanpainaren gaiak

Naiara Gonzalez

Osasun-erreforma, krisi ekonomikoa, langabezia, immigrazioa edo sexu bereko pertsonen arteko ezkontza izango dira AEBetako hauteskunde-kanpainan eztabaidatuko dituzten gai nagusietako batzuk.

  • Hauteskundeak azaroaren 6an izango dira. Argazkia: EFE

    Hauteskundeak azaroaren 6an izango dira. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

AEBetako hauteskunde-kanpainaren ohiko gaiak ekonomia, immigrazioa, osasuna eta familia dira. Gida honek bi hautagai nagusien aldarrikapenak laburtzen ditu: Mitt Romney errepublikanoarenak eta Barack Obama demokratarenak.

Osasun-erreforma

Auzitegi Gorenak argi berdea eman dio Barack Obama presidenteak proposatutako osasun-erreformari, bere agintaldiaren anbizio handiko proposamena. Erabaki horrek eragin handia izango du presidenteak azaroko hauteskundeetan berriro hautatuta izateko dituen aukeretan. AEBetako Auzitegi Gorenak lege-proiektuaren elementu garrantzitsuena onartu du; hau da, estatubatuarrak 2014. urterako aseguru medikoa izatera behartzen dituen puntua.

Mitt Romneyk, errepublikanoen hautagai birtualak, aldiz, azaroko hauteskundeak irabaziz gero Obamaren osasun erreforma baliogabetu eta ordezkatuko duela baieztatu du.

Ekonomia

Mundu mailako krisia, langabezia-tasaren igoera eta Europako egoera ekonomikoa izango dira kanpainan zehar nabarmenduko diren gai nagusiak. Barack Obamak ez du nahi Europako krisia AEBetaraino hedatzea. Bestetik, langabezia-tasa % 8,2ra igo izanak (maiatzeko datuak kontuan hartuz) ez dio mesederik egingo hautagai demokratari; bere lehiakideari, ordea, bai.

Mitt Romney, errepublikanoa

Mitt Romneyk Obamaren politika ekonomikoa kritikatu du, "langabezia kronikoa" ekarriko duela adieraziz. Hautagai errepublikanoak Espainia eta Greziaren egoera adibidetzat jarri ditu. AEBetako presidentea ez dute inoiz berriro hautatu langabezia-tasa % 7 baino altuagoa izan denean.

Immigrazioa eta latinoen botoa

Latinoen botoak berebiziko garrantzia izan lezake azaroko hauteskundeetan. Latindar komunitatearen boto-asmoari dagokionez, Obamak aldea hartu dio Romneyri giltzarri diren bost estatuetan: Arizonan, Coloradon, Floridan, Nevadan eta Virginian.


Latino Decisions-ek egindako inkesta baten arabera, Obamak latinoen botoaren % 63 eskuratuko luke; Romneyk, aldiz, % 37. Bai hautagai demokratak bai errepublikanoak, komunitate latinoaren botoaren bila, migrazio erreforma berri baten alde egingo dutela promestu dute.

Obamak aurrerapauso bat eman du Dream Act legearen bidez, baina baldintza zehatz batzuen arabera aplikatuko den behin-behineko neurria dela adierazi du. Dream Act legeak, milaka estatubatuar gazteren deportazioak geldiaraziko ditu. Bete beharreko baldintzen artean, Estatu Batuetara 16 urte bete baino lehen ailegatu izana eta 30 urte baino gutxiago izatea daude. Hala ere, Obamaren Administrazioak deportazio marka hautsi du. Horren agintaldian, milioi bat eta erdi pertsona deportatu dituzte.

Mitt Romneyk azaroko hauteskundeetan irabaziz gero, Dream Act legea baliogabetuko duela adierazi du, eta Obamaren behin-behineko neurria ordezkatuko duen "konponbide propioa" aplikatuko duela azpimarratu du.

Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza

Obama presidenteak gizarte estatubatuarra ezustean harrapatu zuen, publikoki sexu bereko pertsonen arteko ezkontza bultzatu zuenean. Homosexualen arteko ezkontza eskubidearen gaiak herrialdearen iritzia banatuta du. Estatubatuarren % 50 eskubidearen alde daude; % 48, aldiz, kontra.

Barack Obama, demokrata

Momentuz, Obamaren adierazpenek indar sinboliko handiagoa dute praktikoa baino. Gaur egun, AEBetako 31 estatutan sexu bereko pertsonen arteko ezkontza debekatzen duten zenbait lege indarrean daude.

Alderdi errepublikanoak Obamaren adierazpenak hauteskundeetara begira botoak lortzeko "mugimendu hutsa" direla kritikatu du. Erabakiaren inguruan, Romney mormoiak adierazi du "ezkontzaren berdina den baina izen desberdina duten batasun zibilen aurka" dagoela.

Kanpo-politika

Iran, horren programa nuklearra eta Estatu Batuek gatazka horretan bete behar duten papera zein izan behar den; eta Israelgo estatuarekin duten harremana izango dira hauteskunde kanpainan kanpo-politikari dagokionez landuko diren gaietako batzuk.

Barack Obama Irango agintariekin biltzeko prest dago, aurretik inolako baldintzarik jarri gabe. Armadaren zereginari dagokionez, presidenteak esan du ez dela gerra-joko bat, eta gatazka diplomaziarekin konpontzeko oraindik "denbora" dagoela gaineratu du. Mitt Romney, ordea, zigor ekonomikoak jarri eta isolatze diplomatikoa bultzatzearen alde dago, eta ez du baztertzen, behar izanez gero, Armadak parte-hartzea.

Israel da eztabaida pizten duen beste gaietako bat. Obamaren agintaldian Israelgo estatuak AEBetako Gobernutik jaso duen tratua kritikatu du Romneyk. Hautagai errepublikanoak esan duenez, "mundu askearen liderraren eskutik zerbait hobea jasotzea merezi du Israelgo herriak".

AEBetako presidente hautatuko balute atzerrira egingo lukeen lehen bidaia Israelera izango litzatekeela aurreratu du errepublikanoak. Gainera, amaitzear dagoen agintaldian Israel inoiz ez bisitatu izana ere leporatu dio Romneyk Obamari. Mitt Romneyk eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ondo ezagutzen dute elkar, hiru hamarkada egin dutelako lan batera.

Obamaren kanpainako kideek gogorarazi dutenez, Obamak ere bidaia egingo du Israelera, azaroko hauteskundeak irabaztekotan.
 

Iruzkinak

    • BILATZAILEA

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena