AEBko hauteskundeak 2020: Azaroak 3, legegintzarako hauteskundeak AEBn | EITB Hauteskundeak AEB

AEB-ko HAUTESKUNDEAK

11:50

AEB-ko HAUTESKUNDEAK

Bozak

Donald Trump, AEBko presidente

EIDER GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Errepublikanoak Etxe Zuria eskuratu du gako ziren estatuetan gailenduta. Bere lehen hitzaldian adeitsuago mintzatu da, eta estatubatuar guztien presidente izango dela hitzeman du.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eta 2016ko azaroaren 8an AEB gorriz jantzi dira... Ustekabean, eta mundua hankaz gora jarrita, Donald Trump AEBko 45. presidente aukeratu dute, AEBko hauteskundeen emaitzen arabera.

Hain zuzen ere, hautagai errepublikanoak 306 ordezkari erdietsi ditu, Hillary Clinton aurkari demokrata aise gaindituta (232). Hauteskundeak irabazteko 270eko langa pasatu behar zuen Trumpek.

Inkestek Clintoni ematen zioten garaipena, baina kale egin dute. Boto-kontaketa hasi eta berehala galdeketak oker zeudela azalarazi da. Estatu gako batean errepublikanoak lortutako garaipenarekin hasi da Clintonen gainbehera. Floridan (29 boto edo ordezkari zeuden jokoan) irabazi du Trumpek. Gerora etorri dira Ipar Karolina (15), Iowa (6) eta Ohio (18), eta denak bere zakuan sartu ditu milioidunak.

Pennsylvanian ere, berez demokrata den estatuan, nagusitu da Trump. Errepublikanoek 1988an irabazi zuten azkenekoz, George H.W Bush presidente aukeratu zutenean.

Michigan (16) eta Wisconsin (10) estatutuetatik ere esku hutsik joan da Clinton, historikoko biak demokraten gotorleku izan diren arren. Azken estatu honen garaipenarekin, Euskal Herrian 08:35 zirenean, etorri da albistea: matematikek Trump egin dute presidente.

Presidentetza ez ezik, AEBko bi ganberen gehiengoari eustea ere lortu dute errepublikanoek. Hala, agintaldi lasaiagoa izango du enpresaburuak.

 

 

Bideoa: Giltzarri ziren estatuetan irabazi du Trumpek

"Estatubatuar guztien presidentea izango naiz"

Garaipena baieztatuta, New Yorkeko Hilton hoteleko eszenatikora igo da Trump. Txaloka eta bibaka hartu duten milaka jarraitzaileei jakinarazi dienez, Hillary Clintonen telefono deia jaso du, garaipenagatik zorionak emateko.

"Gure garaipenagatik zoriondu gaitu, eta nik ere zorionak eman dizkiot berari eta bere familiari oso gogor borrokatu baitute kanpaina honetan", adierazi du.

Emaztea eta senideak alboan zituela, kanpainan baino baketsuago mintzatu da Trump, eta estatubatuar guztien presidentea izango dela hitzeman du. Aldi berean, herrialdea berreraikitzea eta amets amerikarra berritzea defendatu du.

Orain batzeko garaia dela azpimarratu ostean, estatubatuar guztien presidentea izango dela hitzeman du. "Etorkizunerako nahi dugun guztia gure esku dago", aldarrikatu du.

Trump EFE

Berea den Hilton hotelean eman du bere lehen hitzaldia AEBko presidente berriak. EFE

AEBko presidente berriaren esanetan, herrialdea berreraikitzea eta amets amerikarra berritzea izango dira bere lehentasunak. Ildo horretan, enpresaburu gisa duen esperientzia azpimarratu du, eta estatubatuar guztiek beren potentziala baliatzeko aukera izango dutela gaineratu du.

Bestalde, nazioarteari esan dio AEBren interesak jarriko dituela gauza guztien gainetik, baina haren Gobernuak beste herrialdeekin modu "justuan" lan egingo duela.

Malkoak eta ezustea demokraten artean

Bien bitartean, oso bestelakoa zen Manhattango Javits center aretoko giroa. AEBko lehen emakumezko presidente izan behar zuenarentzat prestatutako jai handia ezerezean geratu da. Clinton ez da agertu ere egin.

John Podesta demokraten kanpainako buruak hitz egin du Clintonen izenean, eta jarraitzaileei etxera joateko eskatu die: "Kanpaina eta gaua oso luze joan dira. Joan etxera denok", esan du Podestak aurpegi goibeleko jarraitzaileei.

elecciones estados unidos hauteskundeak estatu batuak 2016 EFE

Jarraitzaile demokrata bat, negar batean, emaitza ezagututa. EFE

"Itxaron dezagun apur bat", esan du Podestak, "botoak heltzen ari zaizkigu". Kanpainaburuak argitu du Clintonek ez duela adierazpenik egingo, eta hautagaia jasotako babesarekin "harro" dagoela azpimarratu du. "Eskerrik asko lagun izatearren. Gabon, esateko gehiago dugunean aterako gara berriro", argitu du Podestak.

Clintonek berak handik eta ordu batzuetara egin du agerraldia, eta hauteskunde emaitzak onartu egin ditu. "Donald Trump gure presidentea izango da; oportunitate bat eman behar diogu", adierazi du Clintonek, eta AEB "uste baino zatituago" dagoela ohartarazi du.

Clintonek deitoratu egin du AEBko lehen emakumezko presidente bihurtu ez izana, baina erronka hori "aurki" egingo dela errealitate uste duela nabarmendu du.

"Oraindik ez dugu hautsi beirazko kristal handiena eta gogorrena, baina inoiz norbaitek egingo du, uste baino lehenago", adierazi du.

Erreakzioak

Mundu erdia logale zegoela, apurka-apurka heldu dira erreakzioak. Lehenetarikoa izan da Marine Le Pen Frantziako Fronte Nazionaleko idazkari nagusia, Trumpek presidente izateko behar zituen ordezkariak oraindik ez zituela. Euskal Herrian 07:00ak zirenean, zorionak eman dizkio Trumpi, "AEBko presidente berriari eta AEBko herriari". "Libre" hitzarekin amaitu du mezua:

 

Erreskadan etorri dira Europako eskuin muturreko beste buruzagi batzuen mezuak ere: Nigel Farage britainiarra (UKIP) edota Vladimir Yirinovski errusiarra (PLDR).

Europako agintariak adiskidetsu azaldu dira. Donald Tusk eta Jean-Claude Juncker, hurrenez hurren, Europar Kontseiluko eta Europar Batzordeko presidenteek "zorion zintzoenak" helarazi dizkiote presidente berriari. Euren hitzetan, "AEB Adiskide eta aliatuekiko harremanak lantzen jarraituko dutela espero dute europarrek". Horrez gain, "albait arinen" EBra etortzeko gonbita egin diote datozen lau urteotako harremanen "nondik norakoak zehazteko".

"Europar Batasunaren eta AEBren arteko loturak politikan egindako ezein aldaketa baino sakonagoak dira. Elkarrekin lanean jarraituko dugu, Europaren indarra berriro deskubritzen", idatzi du Federica Mogherini Europako diplomaziaren buruak Twitterren.

 

 

Argiago hitz egin du Martin Schulz Europako Parlamentuaren presidenteak: "Zailagoa izango da lan egitea", baina errespetua eskatu du estatubatuarrek bozkatutakoari.

Mariano Rajoy Espainiako presidenteak Twitter erabili du Trump zoriontzeko. Gogorarazi duenez, AEB "bazkide ezinbestekoak" dira Espainiarentzat.

 

 

 

 

Iruzkinak

    • BILATZAILEA

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena