EiTB TALDEA
Programazio berria: Aurkezpena
EITB MEDIA
Estreinaldien artean ditugu "Ametsen Arbola" eta "Klik Belaunaldia" saioak. Alaitasuna eta irribarrea izango dira nagusi "Vaya Semanita"ren itzuleran, eta "Ztanda" eta "La Caza"ren denboraldi berriak ere emango ditu ETBk. Kirol arloan, Lehen Mailako futbolaren itzulera EITBra.
Euskal Telebistako programazio berriaren aurkezpena
Ikus-entzuleen artean sentimenduak piztu nahi ditu EITBk udazken honetan telebista programazio eskaintza zabalarekin: intriga, irribarrea, maitasuna, poza, samurtasuna, zirrara… Emozioen festa hori posible egingo duten edukien berri eman du Unai Iparragirre ETBko zuzendariak Gasteizko FesTVal telebista jaialdiaren barruan, Europa Jauregian egin den aurkezpen ekitaldian.
Alboan izan ditu programetako aurkezle, kolaboratzaile eta aktore andana: Xabier Madariaga, Miren Nogales, Julen Telleria, Maialen Arzallus, Xabier Sukia, Iker Villa, Ilaski Serrano, Klaudio Landa, Mikel Pagadi, Mirari Martiarena, Iñaki Leturia, Nerea Alias, Egoitz Txurruka "Txurru", Gorka Aginagalde, Pirata, Leire Torre, Dani Álvarez, Gabriela Uriarte, Ander González, Jon Salvador, "Go!azen" telesaileko Kimetz Etxabe, Julen Taboada eta Irati Marin, eta "Vaya Semanita"ko Maribel Salas. Halaber, hitza hartu du Joseba Urkiola EITB Media Kiroletako zuzendariak.
Denboraldi berriko estreinaldien artean daude "Ametsen Arbola", hainbat herritarren ametsak egi bihurtuko dituen saioa, eta "Klik Belaunaldia", gazteek Internetera konektatzen direnean izaten dituzten mehatxuak eta erronkak aztertuko dituen dokumental saila.
Xabier Madariaga
Xabier Madariagak aurkeztutako saioan, astero, Euskal Herriko eskola batean ametsen arbola landatuko dute. Arbola horretan, ikasleek ametsak zintzilikatuko dituzte, kontuan hartuta desio horiek beste norbaitentzat izan behar dutela, ez haientzat. Arbolak, saio bakoitzean, hiru amets aukeratuko ditu, eta Xabier Madariagak egi bihurtuko ditu senide eta ingurukoen laguntzaz.
"Porno Belaunaldia" dokumental sailak pornoaren industriak belaunaldi berrien bizitza sexualean nola eragiten duen aztertu zuen, oraingoan, "Klik Belaunaldia" saioak ikusaraziko digu zeintzuk diren egungo gazteen eta nerabeen osasun mentalean eragina duten arazo edo gertaerak, telefono mugikorren, tableten edo ordenagailuen bidez konektatzen direnean.
Aurkezpenaren argazkia
Nobedadea dugu, halaber, "Vaya Semanita"ren itzulera, betiko umore lotsagabe eta urratzaileenarekin. Gaurkotasuneko gaiak jorratuko dituzten esketx berrietan ikusiko ditugu, besteak beste, Maribel Salas, Andoni Agirregomezkorta, Miriam Cabeza, Nerea Garmendia, Javier Antón eta Diego Perez aktoreak.
Gainera, umorearen bitartez eguneroko albiste nagusiak beste ikuspuntu batetik aztertzen dituen "RH+" saioak jarraituko du udazkenean. Gorka Aginagaldek gidatutako infoshowa abuztuaren 26an estreinatu zen, ETB2n.
Bestalde, bueltan izango ditugu "Ztanda" lehiaketa, ETB1en, eta "La Caza: Nada es lo que parece" abentura eta estrategia realitya, ETB2n, Juanma López Iturriagak aurkeztuta. Piztiek eta basatiek telebistako reality psikologiko basatienari eta etsai arrunt enigmatiko bati aurre egingo diote berriro: Otsoen taldeari. Bertako kide infiltratuak aurkitzea da gakoa. Estrategia eta traizioa itzuliko dira, otsoen eta errugabeen arteko etsaitasuna indartuko duen mekanika berri bat izango duen programan.
Barbara Goenagak eta Iker Villak gidatutako talent showaren nobedadeetako bat da ikusleek, etxetik, aukeratu ahal izango dutela zein lehiakide kaleratu eta zein salbatu den saio bakoitzeko amaierako dueluan. Miriam Lujua iazko irabazleak egin zuen moduan, aurten garaipena eskuratzen duen abeslariak 15.000 euroko saria eskuratuko du.
Udako etapa amaituta, Miren Nogalesek Julen Telleria lagun izango du berriz ere, ostegunero, Bilboko Erriberako merkatuan egingo duten "Gora Bihotzak" talk-showan, eta Klaudio Landak gidatutako "Hamaika Entzuteko" eztabaida saioan aktualitatea eta gai sozialak jorratzen jarraituko dute.
Unai Iparragirre eta Miren Nogales
ETB2n, Julius Bienert sukaldariak jatetxe bihurtutako Euskal Herriko baserrietan barrena ibilbide gastronomiko eta sentimentala egingo du "Baserri Gourmet" saioaren atal berrietan, eta Dani Alvarezek zinema munduko kontuak ekarriko dizkigu, asteartero, "La Noche De…"n.
"Ur Handitan" saioaren bi atal berezi izango ditugu ikusgai udazken honetan, Xabier Madariagaren eskutik: lehena, urrian, Palestinaren eta Israelen arteko gatazka aztertzeko; bigarrena, abenduan, EITB Maratoiaren ingurukoa. Bestalde, "Vascos por el Mundo"ko lantaldearen eskutik, "Euskadi Solidaria" saioaren lau atal emango dira, munduan barrena elkartasun ekimenak egiten ari diren euskal herritarren bizipenak jasotzeko. Halaber, azaroan, denboraldi berriak (hamaikagarrena, biek ala biek) abiatuko dituzte "Go!azen" telesailak eta "Herri Txiki, Infernu Handi" saioak.
'Go!azen' telesaileko aktoreak
Astelehenetik ostiralera, programazioan jarraituko dute "En Jake", "Biba Zuek!" eta "Quédate" zuzeneko saioek; "Mihiluze" eta "Esto No Es Normal" lehiaketek eta "Txoriene", "Joseba Arguiñano Sukalerrian" eta "A Bocados" sukaldaritza saioek. Horrez gain, astero, "Teknopolis", "Artefaktua", "Hitzetik Hortzera" eta "EITB Kultura" saioek dibulgazio lana egingo dute, dagokien esparruan .
Leire Torre
Kiroletan, nobedade nagusia da Lehen Mailako futbolaren itzulera EITBra, bi hamarkadaren ondoren. Izan ere, euskal taldeek 2024-2025 denboraldian EA Sports Ligan astelehenetan jokatuko dituzten partidak emango dira ETB1en eta eitb.eus-en. Horrekin batera, Winter Series zesta punta txapelketaren laugarren edizioaz gozatu ahal izango dugu, astelehen gauetan ere. Kros lasterketek arreta berezia izango dute, esku pilota eta herri kiroletako emankizunak ahaztu gabe. Bestalde, egunerokotasunean horrenbesteko presentzia ez duten euskal kirolariei tartea eskaintzen jarraituko du "Helmuga" saioak.
Zatoz gurekin emozioen festara
Harpidetu EiTBko Newsletterrean eta eguneko albisterik garrantzitsuenak jasoko dituzu zure ordenagailu edo mobilean.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa