EiTB TALDEA
Gasteizko Telebista Jaialdia
EITB MEDIA
"Gai konprometitu bati modu ausart eta serioan heltzeko" egindako lana aitortu nahi dio FesTValek "Porno Belaunaldia" programari; eta "Joseba Arguiñano Sukalerrian" saioren kasuan, berriz, Euskal Herriko gastronomiaz gozatzeko bestelako modu bat eskaintzeko gaitasuna.
"Joseba Arguiñano Sukalerrian" eta "Generación Porno"
EITBk bi sari jasoko ditu aurten FesTVal 2024 jaialdian, "Porno Belaunaldia" dokumental saila eta "Joseba Arguiñano Sukalerrian" gastronomia saioa sarituko baitituzte bertan. Irailaren 7ko itxiera ekitaldian izango da, Gasteizen.
Hala, Arabako hiriburuko Telebista Jaialdiak "Porno Belaunaldia" (EITB/Shine Iberia) programari emango dio aurtengo sarietako bat, "gizartean gero eta agerikoagoa den arazo bat azaltzeagatik eta gai konprometitu bati ausart eta serio heltzeagatik, nerabeek sexuarekin duten harremanari buruzko dokumental batean argi eta garbi hitz eginez, errealitatea azalduz eta ikusleari horren inguruan gogoeta eraginez". Gaur egungo nerabeen, sexuaren eta pornografiaren arteko harremana aztertzen duen lanak, beraz, aitortza berri bat jasoko du, Pello Sarasola eta ARFF BARCELONA AWARDS sarien ostean. Gainera, joan den maiatzean, INPUT 2024 nazioarteko konferentziako profesionalek ETBren "ausardia" nabarmendu zuten horrelako gai bati heltzeko, eta duela gutxi Berlin International TV SERIES FESTIVAL jaialdian ere hautatu dute lana.
"Joseba Arguiñano Sukalerrian" (EITB/Digital Audiovisuales) programaren kasuan, "Euskal Herriko gastronomiaz gozatzeko beste modu bat eskaintzen duen sukaldaritza programa sortzeko gaitasuna" nabarmendu du FesTValek. Komunikatzaile gisa Joseba Arguiñanoren lana azpimarratu du, "publikoarekin bat egin eta sukaldea barrutik kontatzeko duen gaitasuna" balioan jarrita. Ez da lehen saria programarentzat ezta Joseba Arguiñanorentzat berarentzat ere. Izan ere, 2021ean Irrati eta Telebistako Profesionalen Elkarteako Airean! saria jaso zuen.
Ekimen egitarau betea izango du EITBk FesTVal jaialdian
Ohi bezala, EITBk, hasieratik ikus-entzunezko jaialdiaren babesle izanik, presentzia nabarmena izango du irailaren 2tik 7ra egingo den telebista jaialdian, eta aurkezpenak, aurrestreinaldiak eta jardunaldi profesional bat egingo ditu Gasteizen. Hala, irailaren 3an Euskal Telebistaren denboraldi berriaren aurkezpena egingo du Andre Maria Zuriaren plazan, eta irailak 4an MAKUSI gaztetxoentzako plataformak ere bere lekua izango du bertan, besteak beste Potx eta Lotx pailazoen ikuskizunarekin. Gainera, bi aukezpen egingo ditu: "Generación Porno"ren arrakasta eta entzutearen ondotik iritsiko den "Generación Click" saio berria eta PRIMERANen ikusgai izango den "Acoustic Home" musika dokumental saila. Irailaren 6rako, gainera, EITBk Europa Jauregia gorde du, datorren denboraldiko ETBren ustekabeko apustu garrantzitsuaren aurrestreinaldia egiteko.
Harpidetu EiTBko Newsletterrean eta eguneko albisterik garrantzitsuenak jasoko dituzu zure ordenagailu edo mobilean.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa