15:22

EiTB TALDEA

Batzen gaituen berdintasuna

Emakume gazteei emango die ahotsa EITBren 2023ko M8ko kanpainak

EITB Media

24 urtez azpiko emakumeen aldarrikapenak jaso eta zabaltzeko hainbat solas-mahai egingo dira irratian, telebistan eta webgunean. EITB DATA datu kazetaritzaren atal berezia ere kaleratu da, emakumeek aukeratzen dituzten ikasketak ardatz.

  • 'Batzen Gaituen Berdintasuna'

    'Batzen Gaituen Berdintasuna'

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Batzen gaituen berdintasuna lelopean kanpaina jarriko du abian EITB Taldeak.

Horren ildotik, gaur emakumeek aukeratzen dituzten ikasketen inguruko EITB DATAren datuak eman dira ezagutzera eta horien azterketa egingo dute EITBko Albistegi Zerbitzuek. Egin klik hemen erreportaje horiek kontsultatzeko.

Bestalde, emakume gazteen aldarrikapenetan jarriko dute fokoa aurten EITBko hedabideek: Zerk kezkatzen ditu gehien gaur egun? Zein zailtasunekin egiten dute topo egunerokoan? Zeintzuk dira etorkizuneko erronka nagusiak? Hala, zenbait solas-mahai egingo dituzte irratian, telebistan eta Interneten 24 urtez azpiko emakumeak protagonista hartuta. Azkenik, martxoaren 8an, egunak ematen duenaren inguruan berri emango dute albistegietan eta programetan.

"Ta Bihar Zer?" saio berezia martxoaren 7an

Martxoaren 7an "Ta Bihar Zer?" saio berezia eskainiko da Leire Palaciosek aurkeztuta. Lau emakumez osatutako mahai eta solasaldia izango du ardatz: Ziortza Karrantza, psikologo eta sexologoa; Olarizu Frías, tabernaria; Itzea Urkizu, kazetaria; eta Andikona Ariztondo, baserritarra eta adineko pertsonen zaintzailea. Lei Bueriberi kolaboratzaileak eginiko kale-inkestak, Ainhoa Etxebarria, Miren Gaztañaga eta Erika Olaizolaren bakarrizketa eta esketxek, eta Miren Narbaiza NICEren musikak osatuko dute programa.

Martxoaren 8an, eduki bereziak izango dira hainbat saiotan: "Biba Zuek!"en solasaldia egingo dute gazteen kezkak, zailtasunak, bizimodu eta errealitate desberdinak ezagutzeko; eta, ondoren, Eneritz Iturriaga txirrindulari ohi eta Abadiño Cycling akademiaren sortzailea elkarrizketatuko dute. Bere gazte garaiak eta eguneko emakume kirolariena alderatzea izango dute helburu.

"En Jake" eta "Nos Echamos a la Calle" saioak M8ko konzentrazio eta manifestazioetan izango dira zuzenean, eta gazteen kezka eta ikuspuntuak bilduko dituzte elkarrizketa eta erreportajeen bitartez.

Azkenik, ostiral iluntzean, Nafarroarako deskonexioan ematen den "Navarra Hoy" albistegiak foru erkidegoko ekitaldien berri emango du eta Aiora Renteria Zea Mayseko abeslariarekin egindako elkarrizketa eskainiko du, besteak beste.

Irratiak eta Internet

Euskadi Irratiak konexioak egingo ditu martxoaren 7an San Telmo Museoan egingo den Berdintasunaren aurkako erresistentziak gure inguruan jardunaldiarekin. Martxoaren 8an Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun sailburua elkarrizketatuko dute "Faktoria" albistegian; magazinean, berriz, Emakunde saria jaso duten Ongiz proiektuko dinamizatzaileekin eta parte hartzaileekin izango dira. Halaber, lanbide heziketako ikasketak aukeratu dituzten emakumeekin solasaldia egingo dute. Arratsaldeko "Baipasa" saioan, M8aren inguruko ikurrei buruz mintzatuko dira Amaia Nausia historialariarekin, Haizea Zurutuza lore-saltzailearekin eta Elena Velasco publizistarekin. Halaber, DBus konpainiako autobus gidari gaztea elkarrizketatuko dute.

Astelehen honetan, Radio Euskadiko "Boulevard" saioak solasaldia egingo du bi ikasle gazterekin, Marta eta Ariadnerekin, gazteen jarrera matxistak aztertzeko. 10:00etatik aurrera izango da. "Distrito Euskadi" programan, berriz, Enara Susano eta Noelia Grau Quarteto Maittena Kuartet taldeko bi kiderekin hitz egingo dute. Kontrabaxu-jotzaileak dira biak, pisuagatik emakumeei jotzea gomendatzen ez zitzaien instrumentua, nahiz eta biek idatzi gabeko arau horri aurre egin dioten. Azkenik, nola ez, Radio Euskadik gertutik jarraituko du martxoaren 8ko jardunaldia.

Radio Vitorian, bestalde, EITB DATAren datuak zabalduko dituzte igandeko "Déjate Llevar" magazinean, eta azterketako arduradunarekin hitz egin dute. Astelehenean, martxoak 6, 25 urtetik beherako lau emakume izango dituzte "Elkarrizketak" tartean, belaunaldi gazteenentzat martxoaren 8ko egunak duen esanahiaren inguruko iritziak biltzeko. Gainera, "Gaur" albistegiak María Jesús Pacho historialaria izango du protagonista, "(Des) patriarcalizar el Patrimonio Cultural" jardunaldia hizpide. Martxoaren 8an, azkenik, egunari jarraipen zabala egiteaz gain, "Gaur" magazinak solasaldia irekiko du, hainbat arlo profesionaletan, kultur arloan eta kirol munduan lider diren lau emakumerekin; eta zientziaren eta ikerketaren munduko emakumeek protagonismo nabarmena izango dute "Elkarrizketak" saioan.

Gainerako hedabideetako edukiak atari berezian biltzeaz gain, eitb.eus-en emakume gazteak protagonista izango dituen erreportaje eta solasaldiak landuko dituzte, feminismoaren belaunaldi berrien mezua zein den ezagutzeko. Gainera, ekimen bereziak egingo dituzte EITB Live Instagrameko perfiletik eta, besteak beste, zuzenean egingo dute solasaldia EITBren YouTubeko kanalean, martxoaren 8an, 21:00etan.

Iruzkinak

    • Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu EiTBko Newsletterrean eta eguneko albisterik garrantzitsuenak jasoko dituzu zure ordenagailu edo mobilean.

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena