EiTB TALDEA
Munduari lehen itzulia
EITB Media
1522ko irailaren 6an, Victoria itsasontzia Sanlucar de Barrameda portura iritsi zen 18 gizonekin, Elkano Getariako itsasgizona buru zutela. Munduko lehen itzulia egiten lehenak izan ziren.
Elkanoren bidaiari buruzko infografiaren irudia. EITB MEDIA
Informazio gehiago (1)
Gaur, irailak 6, EITBk Juan Sebastian Elkano buru izan zuen munduko lehen biraren bosgarren mendeurrena ospatuko du. Hori dela eta, ETBko "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiak zuzenean eskainiko dira Getariatik. Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Radio Vitoriak ere, luze eta zabal emango dute ospakizunaren berri. Gainera, eitb.eus-ek Magallanes eta Elkanoren bidaiaren inguruko infografia ikusgarria publikatu du.
Lehen mundu biraren 500. urteurrena betetzen den egunean, Juan Sebastian Elkano nabigatzaileari eskainitako programazio zabala prestatu du ETBk. "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegien lehen edizioa Getariatik egingo da, data berezi horren ospakizunen berri zuzenean eskaintzeko.
Horrez gain, 16:50etik aurrera, Getariako Elkanoren lehorreratzearekin bat egingo dute ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean. Gipuzkoako kostaldeko herriak bere nabigatzaile ospetsua omenduko du beste behin, lehorreratzearen antzezpena eginez. Ilaski Serranok eta Jon Ander de la Hozek egingo dute euskal marinelaren eta bere tripulazioaren itzuleraren kontakizuna. 18 lagun atera ziren bizirik, eta guztiak elizaraino joango dira Ama Birjinari eskerrak emateko. Egoitz Txurruka berriemailea kalez kale ibiliko da portuan dauden ikusleen iritziak eta testigantzak jasotzen.
Gauean, 22:30etik aurrera, "Oholtzan" saioak Amoria & Dolore ikuskizuna eskainiko du. Kresala dantza konpainiaren eskutik datorren dantza ikuskizunak euskal nabigazioaren urrezko aroan du sorkuntza abiapuntua. Elkanoren lehen lurbira gogora ekarriz, antzinako musikan du inspirazio iturri nagusia.
Elkano uhinetan
EITB taldeko irratiei dagokienez, Euskadi Irratiko "Faktoria Magazina" saioak ere bat egingo du ospakizunarekin. Amaia Eneterreaga kostaldeko herrira joango da Getarian bizi den giroaren berri emateko. Horrez gain, Ekai Txapartegi filosofo eta EHUko filosofia irakasleak euskal nabigatzailearen inguruko bitxikeriak ekarriko ditu. Gainera, arratsaldean, Euskadi Irratiak zuzenean bat egingo du Elkanoren lehorreratzearen emanaldiarekin.
Radio Euskadiko eta Radio Vitoriako "Entre Calles" udako magazina Getariara gerturatuko da, munduko lehen itzuliaren 500. urteurrenaren ospakizunaren berri emateko. 11:00etan hasi eta 13:00ak arte luzatuko den irratsaio berezian, besteak beste, Getariako alkate eta Elkano Fundazioko presidente Haritz Alberdi elkarrizketatuko dute; portuan, Juanita Larando patatxea bisitatuko dute, Albaolak XVIII. mendean eraikitako ontzi baten erreplika, alegia. Horrez gain, Juan de Zubiletaren omenez Barakaldon antolatutako ekitaldien berri emango dute. Bizkaitarra espedizioan parte hartu zuen itsasgizon gazteena izan zen.
Arratsaldean, 19:00etan, "La Mecánica del caracol" programaren edizio berezi batean, Rafa Zulaikak, Elkano Fundazioko proiektuen koordinatzaileak, Juan Sebastian Elkanoren eta espedizioan parte hartu zuten gainerako euskal tripulatzaileen inguruan egindako ikerketa lana azalduko du. Adituen ahotsetatik, XVI. mendearen hasierako nabigazioari, euskal itsas hirietako bizitzari eta eguneroko bizitzako beste alderdi batzuei buruzko xehetasunak entzungo dituzte, hala nola emakumeen lanari buruzkoak.
Elkano online
eitb.eus-ek "Magallanes/Elkano. Lurraren lehen zirkumnabigazioa" infografia ikusgarria estreinatu du. Bidaldi historiko horren garrantzia azaleratu nahi izan du eitb.eus-ek eta infografia oparo eta zehatz bat prestatu du. Erabiltzaileak, nabigazio interaktibo eta ikusgarri baten bidez, munduari bira emateko bidaia antolatzeko lanak, Magallaesek zuzendutako espedizioa eta Gaztelara egindako bueltako bidaia kontsultatu ahalko du.
Harpidetu EiTBko Newsletterrean eta eguneko albisterik garrantzitsuenak jasoko dituzu zure ordenagailu edo mobilean.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa