EiTB TALDEA
Kopako Finala
EITB Media
Euskal kirolarentzat hitzordu garrantzitsua izanik, EITBk programazio eskaintza berezia prestatuko du hemendik eta apirilaren 3ra bitartean Geurea, bai edo bai! lelopean.
Euskal Telebistak zuzenean eskainiko du datorren apirilaren 3an Athleticek eta Realak jokatuko duten Errege Kopako finala. Bi euskal taldeen arteko norgehiagoka historikoa ETB1en ikusteko aukera izango dugu. Halaber, emanaldia Euskadi Irratian eta Radio Euskadin ere jarraitu ahal izango da.
Euskal kirolarentzat hitzordu garrantzitsua izanik, EITBk programazio eskaintza berezia prestatuko du hemendik eta apirilaren 3ra bitartean Geurea, bai edo bai! lelopean. Halaber, EITB Mediako lantalde zabala joango da Sevillara eta bertatik bertara emango dute Kopa finalaren azken orduaren berri telebistan, irratian eta webgunean. Horretarako, baliabide eta bitartekari guztiak jarriko dituzte: hemeretzi kazetari, hogeita lau kamera, helikoptero bat, plato ikusgarria, zuzeneko saioak, elkarrizketak eta gonbidatu bereziak.
Athleticen eta Realaren arteko neurketa 2020ko Errege Kopako finala da, baina koronabirusaren ondorioz atzeratuz joan da. Lehen aldia da bi taldeek indarrak neurtzen dituztela titulu baten lehian, eta pandemiak eta zaleak bertan egoteko ezintasunak bultzatuta hartu du Euskal Telebistak partidaren emanaldia zuzenean eskaintzeko erabakia.
Kirol lantalde zabala Sevillara
Euskal Telebistako kazetari lantalde zabala joango da Sevillara. Janire Fragua eta Asier Aranguren kazetariak apirilaren 1etik izango dira bertan, "Gaur Egun" eta "Teleberri"rako zuzeneko konexioak egiten. Hurrengo egunetan, Jorge Cerrato, Jon Balentziaga, Iñaki Mikeo, Jose Ituarte, Aner Murua eta Cristina Vargas gehituko zaizkie.
Telebistako kazetariei Euskadi Irratiko Haritz Gallastegi, Maitane Urbieta, Rafa Mungia eta Unai Urreaga, eta Radio Euskadiko Alberto Negro, Txema Oliden, Jagoba Arostegi eta Ander Iribar batuko zaizkie, baita Iñigo Barrena ere, EITBko sare sozialetarako edukiak lantzen. Jonan Apaolaza eta Juan Carlos Etxeberria "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegietako aurkezleak ere Sevillan izango dira norgehiagokaren egunean.
EITBk plato ikusgarria izango du Sevillan, hiriburuko ikuspegi panoramiko itzela erakutsiko duena. Bertatik arituko dira berri ematen EITB Mediako kazetariak, nahiz eta kaletik eta zelaitik ere zuzenekoak egingo dituzten.
Zuzeneko saio bereziak ETBn
ETB1en, Jon Balentziagak egingo du finalaren kontakizuna Cartuja estadiotik zuzenean. Halaber, partidaren aurretik eta ondoren, baita bezperan ere, saio bereziak izango dira ikusgai ETB1en eta ETB2n.
Apirilaren 2an, Jon Balentziagak "Koparen Bila" saioa aurkeztuko du ETB1en, 22:00etan, Janire Fragua eta Asier Arangurenekin zuzeneko konexioan. Gainera, Jorge Cerratok eta Iñaki Mikeok taldeen azken ordua emango dute.
Apirilak 3an, "Gaur Egun" eta "Teleberri"ko kirol tartea Sevillatik bertatik aurkeztuko dute Jon Balentziagak eta Jose Ituartek hurrenez hurren. Bertatik aurkeztuko dute albistegiaren zati bat ere Jonan Apaolazak eta Juan Carlos Etxeberriak. Bilboko estudioetatik Lierni Agirrezabala eta Estibaliz Ruiz de Azua arituko dira gidari lanetan. Halaber, Aner Murua izango da Sevillako giroaren berriemaile albistegian.
Arratsaldean, Xabier Lapitzek "Geurea bai edo bai!" saio berezia aurkeztuko du ETB2n, 18:30ean hasi eta 21:00ak arte. Zuzeneko saio honek gonbidatu bereziak, kazetari adituak eta jokalari ohiak izango ditu, eta hainbat konexio egingo dituzte zaleen etxeetatik, teknologia berrien bitartez.
Gainera, Sevillako zein Euskal Herriko kaleetako giroaren berri emango dute: Mikel Egia Bilbon izango da, Leire Torre Donostian eta Cristina Vargas Sevillan. Jose Ituarte kiroletako kazetariaren parte hartzea ere izango dute.
ETB1en, 20:20ean, Sara Gandarak finalaren atariko saioa gidatuko du Bilbotik, Sevillako Cartuja futbol-zelaian egongo den Jon Balentziagarekin zuzeneko konexioan. Bertan, Janire Fraguak eta Asier Arangurenek bi euskal taldeen azken orduaren berri emango dute.
Saioak jarraipena izango du norgehiagoka amaitzean, gertatutako guztia aztertzeko. Bertan, lehen erreakzioak, zuzeneko konexioak, elkarrizketak, etxeko zaleen hitzak eta prentsaurrekoetan esandakoak bilduko dituzte, besteak beste.
"Aurten kopa geurea da!" eta "Cara y cruz de la copa" saioak
Martxoaren 31n, "Aurten kopa geurea da!" saio berezia izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 22:15etik aurrera. Pedro Mari Goikoetxea kazetariak aurkeztuta, final honetarako bidean egon diren protagonista nagusien iritziak jasoko dira, momentu historiko hunkigarrienak errepasatuz eta, nola ez, Athleticeko eta Realeko zaletuek ere, euren arteko lehia alde batera utzi gabe, finalaren inguruko iritziak partekatuko dituzte.
Bestalde, Athleticek irabazi zuen azken kopa (1984) Andoni Zubizarreta, Endika Guarrotxena eta Jose Maria Txato Nuñezekin gogoratuko du Pedro Mari Goikoetxeak, eta Realak irabazitako azkena (1987) Jose Maria Bakero, Juan Antonio Larrañaga eta Txiki Begiristainekin ekarriko du gogora. Hauez gain, Jose Angel Iribar eta David Zurutuza elkarrizketatuko ditu, bi taldeek final handirako bidean egindako lanak eta ospakizunak errepasatzeko.
Apirilaren 1ean, "Cara y cruz de la Copa" saio berezia eskainiko dute ETB2k eta eitb.eus-ek 22:30etik aurrera. Sara Gandarak finalaren protagonisten sentimendu eta kezkak bilduko ditu: Realeko Oyarzabal, Guevara eta Merinok, eta Athleticeko Raul Garcia, De Marcos eta Villalibre izango ditu solaskide.
Gainera, bi taldeetako jokalari ohien eta pertsonaia ezagunen partaidetza izango dute, eta euren talde kuttunarenganako sentimenduak azalduko dituzte final historikoaren aurretik.
Jarraipen berezia irratietan
Euskadi Irratian eta Radio Euskadin ere tarte zabala hartuko du kopako finalak.
Apirilaren 1ean, Euskadi Irratiak "Hiru Erregeen Mahaia" saio berezia eskainiko du 19:00etatik 20:00etara. Partidaren inguruko edukiak eta Haritz Gallastegi eta Maitane Urbietaren zuzenekoak Sevillatik tartekatuko dituzte.
Radio Euskadiko saio berezia 20:15etik 21:00etara izango da entzungai. Alberto Negro, Txema Oliden eta Yagoba Arostegi kazetariak zuzenean arituko dira Sevillatik, eta Realeko eta Athleticeko protagonistak izango dituzte, gaur egungoak zein historikoak.
Apirilaren 2an, Euskadi Irratiko "Hiru Erregeen Mahaia" saioak (16:00etatik 20:00etara) Sevillatik zuzeneko konexioak eskainiko ditu Haritz Gallastegi, Maitane Urbieta eta Rafa Mungiaren eskutik. Radio Euskadiko saio berezia ere Andaluziako hiritik gidatuko dute Alberto Negrok, Txema Olidenek eta Yagoba Arostegik 18:00etatik 20:00etara.
Finalaren egunean, apirilaren 3an, bai Euskadi Irratiko "Hiru Erregeen Mahaia" baita Radio Euskadiko "Kirolaldia" ere 16:00etan hasi eta partida bukatu arte luzatuko dira. Euskadi Irratian, partidaren emanaldia, Haritz Gallastegi, Maitane Urbieta eta Rafa Mungia kazetariek egingo dute, Angel Garitano Ondarru, Juanan Larrañaga eta Iñaki Eskisabelekin batera. Radio Euskadin Alberto Negrok eta Txema Olidenek egingo dute emanaldiaren kontakizuna, Luisfer Dadie eta Koikili Lertxundirekin.
Bi irratietako asteburuko magazinetan, "Amarauna" eta "Más Que Palabras", tarte berezia eskainiko diote larunbatean Kopako finalari Unai Urreaga eta Ander Iribar bidali berezien eskutik. Albiste emankizunetan ere eurak arituko dira berri ematen ostegunetik larunbatera bitartean.
Kopari eskainitako webgunea eitb.eus-en
EITB Taldeko eduki berezi guztiak ikusgai eta entzungai egongo dira eitb.eus-en: argazkiak, audioak, bideoak… Gainera, kopa finalaren inguruko azken orduaren berri emango dute eta kopako eduki guztiak bilduko dituen webgune berezia prestatu dute: eitb.eus/kopa.
Bestalde, giroari eta partidari buruzko zuzeneko kontaketa egingo dute, eta sare sozialetan gertatuko den guztiaren berri emango dute. Halaber, sare sozialetan #KoparenBila traolarekin erabiltzaileek zabaldutako eduki guztiak ikusi ahal izango dira horretarako garatuko den modulu berezi batean.
Harpidetu EiTBko Newsletterrean eta eguneko albisterik garrantzitsuenak jasoko dituzu zure ordenagailu edo mobilean.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa