EITB Maratoia 2022, abenduaren 16an diru bilketa esklerosi anizkoitza kertzeko
EiTB MARATOIA
Alzheimerra
EITB Media
Oraindik dohaintzak egiteko aukera dago: 900 840 750 doako telefonoa martxan egongo da larunbatera arte (22:00ak arte); eta martxoaren 31a arte egongo da aukera alzheimerra ikertzeko ekarpenak online eta Bizum bidez egiteko.
Albisteak (6)
Bideoak (2)
2021eko EITB Maratoiak 953.587 euro bildu ditu alzheimerra ikertzeko. Alzheimer gaitza izan da, hain zuzen ere, EITBk bere hogeita bigarren maratoi solidariorako aukeratu duen gaia, Alzheimerra bihotzeko gaixotasun bat da lelopean. Euskal gizartearen proiektu solidario bihurtuta, beste behin ere elkartasun egun handia bizi izan du EITB Maratoiak abenduaren 16 honetan. EITBk bere eskerrik beroenak eman nahi dizkie kausa honekin bat egin duten guztiei, egindako ekarpen eta ahaleginagatik.
Atzoko elkartasun egun handian zehar diru-laguntzak batzeko ahalegin berezia egin zuten EITBko hedabide guztiek (Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea eta eitb.eus). 150 aurpegi ezagun inguruk EITB Maratoiarekin bat egin zuten eta 900 840 750 doako telefonoa hartzen aritu ziren Bilboko egoitzako Multibox aretoan kokatutako dei-gunean.
Telefono horretan, eitb.eus bidez eta Caixabank, Laboral Kutxa eta Kutxabankeko kontuetan ere jaso ziren ekarpenak. Baita Bizum bitartez ere (33478). Oraindik kopuruak gora egin dezake, larunbatera arte (22:00ak arte) telefonoa zabalik egongo baita; gainera martxoaren 31a arte egongo da aukera alzheimerra ikertzeko ekarpenak online eta Bizum bidez egiteko.
Euskal gizarteak elkartasuna adierazi nahi izan du beste behin ere, eta aurten alzheimerraren aurkako borroka izan da nagusi, oroitzapeni lotutako komunikazio kanpaina batekin. Hala, aste hauetan zehar, EITB Maratoiaren webgunean 850 ekarpen baino gehiago partekatu dira, oroitzapenak zein bertsioak.
Dohaintzak ere bildu dira, noski, asko eta asko dei-gune horretan. Zehazki, 3829 dei jaso dira abenduaren 1etik atzo arte 900 840 750 doako telefonoan. Jasotako batez besteko ekarpena 88,41 eurokoa izan da, eta dohaintza errepikatuena 50 eurokoa. Azpimarratzekoa, pertsona partikular batek egindako 30.000 euroko ekarpena.
Neska-mutilen deiak izan ziren, Mikel eta Ane anaienak, esaterako; eta alzheimerrak jotako pertsonak gertu edo etxean bertan dituzten jende askorenak ere. Haietako batek 300 euroko ekarpena egin zuen, eta berriro deitu zuen beste 700 euro emateko.
Ospitale bateko hainbat langile ere dirua biltzen aritu izan dira, bertako lankide bat alzheimerrak jota hil baitzen; eta enpresa bateko langileek Gabonetako bazkariaren zenbatekoa ere eman dute, ez baitute otordua egingo.
Datu bitxi gisa, hirugarren urtez jarraian telefonora deitu eta aurpegi ezagun berak telefonoa hartu dion pertsonarena.
Jende ospetsu asko bildu zen atzo dei-gunean, eta etengabe nabarmendu zuten telefonoaren beste aldeko herritarren hurbiltasuna eta istorio hunkigarriak. Atzo deiak hartzen lagundu zuten asko eta asko hunkituta atera ziren EITBren egoitzatik.
Askotarikoak izan dira jasotako ekarpenak: partikularrak, familiak, enpresak, langileak, elkarteak, erakundeak.. Ildo horretatik, Isabel Octavio EITBko Estrategia eta Komunikazio zuzendariak, atzoko jardunaldiaren amaieran, euskal gizartearen parte hartzea eskertu zuen, eta sentsibilizazio kanpainaren garrantzia azpimarratu zuen.
EITB Maratoia: Gizarte osoari zabaldutako proiektua
Beste urte batez, EITBk parte hartze aktiboa izan nahi du gizartearen transformazioan, osasun eta ikerketa alorretako erakunde garrantzitsuenekin aliantzan, zerbitzu publiko gisa duen konpromiso eta betebeharrari erantzun eta gizartea gehien kezkatzen duten kausen alboan egotea baita EITB talde publikoaren betebeharra. Euskal gizarte osoari zabaldutako proiektu bezala, hiritarren partaidetza zuzena bilatzen du EITB Maratoiak oinarrizko bi ildo nagusi hauen bitartez: batetik, gaixotasunaren ikerkuntzarako bideratuko diren dohaintzak jasoz; bestetik, informazio eta sentsibilizazio kanpaina burutuz.
Informazio eta sentsibilizazio kanpaina horren baitan, EITB Maratoiak aurten ere ekintza parte-hartzaile bat jarri du martxan, oroitzapenen inguruan. Izan ere, aurtengo kanpainaren leloak jasotzen duenez, Alzheimerra bihotzeko gaixotasun bat da memoria eta jendearen oroitzapen maitatuenak ezabatzen dituelako. Horregatik, EITB Maratoiak jendearen oroimenei eskainitako espazio bat sortu du, oroitzapen horiek gorde eta partekatzeko. Gure oroitzapen kutunenak gordetzeko espazio digitala da, mota ezberdinetako argazkiak, audioak, irudiak, bideoak eta testuak biltzeko. ZETAK taldearen "Zeinen ederra izango den" abestiak jarri die soinu banda oroitzapen horiei eta aurtengo kanpainari. Aste hauetan, EITB Maratoiaren webguneak 850 ekarpen baino gehiago jaso ditu, oroitzapenak zein bertsioak, eta aurten ere ekimenean parte hartu dute hainbat eta hainbat aurpegi ezagunek, pertsona anonimok, adinekoen egoitza eta ikastetxe asko eta asko. Oraindik ere EITB Maratoiak jarraitzen du oroitzapenak eta bertsioak jasotzen, eta webgunean egongo dira horiek ere ikusgai.
Amaitzeko, EITB Maratoiaren kanpainarekin bat egin duten erakunde, elkarte eta enpresen laguntza eskertu nahi du EITBk: Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Ampo, Arin, Bilbao Port, Boslan, Caixabank, DanoBat Group, Dikar, Euskadiko Parke Teknologikoak, Euskastel Fundazioa, Fagor, Erreka, Indar Ingeteam Group, Irizar, Laboral Kutxa, Metro Bilbao, Mondragon Unibertsitatea, Mutualia, Osakidetza, Saunier Duval, Smurfit Kappa, Tesa Assa Abloy, Vaillant eta Vital Fundazioa.
Eskerrik asko bihotz-bihotzez guztioi!
Zertan gauzatuko da eskuzabaltasun guzti hori?
Behin diru-bilketa itxita, BIOEFek ikerketa proiektuak finantzatzeko laguntza deialdi bat argitaratzen du. Proiektu zehatzen eskaerak jasotzen dira, eta kanpoko adituek zorrotz ebaluatzen dituzte, kalitate zientifiko-teknikoa aztertuz; finantzatzeko egokitzat jotzen direnean, epaimahai batek interes zientifiko handieneko eta aplikagarritasun handieneko proiektuak aukeratzen ditu. Zientzialariekin, Osakidetzako medikuekin eta Osasun Saileko kideekin batera, gaixoen elkarteetako kideek ere parte hartu ohi dute epaimahai horretan. Hiru urteko iraupena duten proiektuak izan ohi dira eta Euskadiko ikerketa-zentro desberdinek egin ohi dituzte.
EITB Maratoiak 20 urte baino gehiago daramatza euskal gizarteari gehien eragiten dioten gaitzak landu eta hauen ikerkuntza bultzatuz. Euskal gizartearen elkartasunari eta eskuzabaltasunari esker, orain arte bildu diren 6,4 milioi euroak minbizia (haurrena, biriketakoa eta bularrekoa, besteak beste), iktusa, gaixotasun neurodegeneratiboak, gaixotasun kardiobaskularrak, alzheimerra, autismoa, adimen urritasuna, buruko gaitzak, hartutako kalte zerebrala, transplanteak eta gaixotasun arraroak ikertzeko 111 proiektu finantzatzeko erabili dira, besteak beste.
BIOEF Berrikuntza Ikerketa Osasuna Eusko Fundazioa Euskadiko sektore publikoaren fundazio bat da eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sortu zuen 2002an.
Harpidetu EiTBko Newsletterrean eta eguneko albisterik garrantzitsuenak jasoko dituzu zure ordenagailu edo mobilean.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa