EITB Maratoia 2022, abenduaren 16an diru bilketa esklerosi anizkoitza kertzeko
EiTB MARATOIA
Alzheimerra
EITB Media
09:00etan hasi da, EITBren Bilboko egoitzan jarri den dei-gunean; bertan izan dira Unai Iparragirre ETBko zuzendaria eta Marian Ibarrondo Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendaria. Ohi bezala, egunean zehar 150 bat aurpegi ezagun hartu ditu gune horrek.
2021eko EITB Maratoiaren hasiera
2021ko EITB Maratoiak egun handia bizi du ostegun honetan, abenduak 16, Alzheimerra bihotzeko gaixotasun bat da lelopean. Urtero bezala, egun berezia izan da, eta bertan bilduko dena alzheimerra ikertzera bideratuko da.
Asko dira ekarpenak egiteko moduak eta denak daude jada martxan: Banku-transferentzia bidez (Caixabank ES04 2100 8686 8102 0004 5619, Laboral Kutxa ES56 3035 0450 15 4500005802 eta Kutxabank ES86 2095 0611 00 9120154296 kontuetan), BIZUM bitartez (dohaintza solidarioa: 33478) eta EITB Maratoiaren webgunean online dohaintza eginda. Ohi bezala, gainera, ekarpenak egiteko telefono zenbakia ere badago: 900 840 750 doako telefono zenbakia 09:00etatik 00:30era egongo da martxan gaur; ondoren ere egongo da ekarpenak egiteko aukera bertan, abenduaren 18ra arte, 11:00etatik 22:00etara.
Jardunaldi solidario hau 09:00etan hasi da, EITBren Bilboko egoitzako Multibox aretoan jarri den dei-gunean. Bertan izan dira Unai Iparragirre ETBko zuzendaria eta Marian Ibarrondo Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendaria, besteak beste.
Ohi bezala, egunean zehar 150 bat aurpegi ezagun izan dira bertan telefono deiak hartzen, tartean Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburu ere: Pedro Azpiazu, Olatz Garamendi, Beatriz Artolazabal, Jokin Bildarratz eta Gotzone Sagardui.
Egun osoan zehar, EITBren hedabide guztietan (ETB1, ETB2, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta Gaztea) jarraipen berezia egin dute, eta konexioak egin dituzte dei-gunearekin, ekarpenen berri jakiteko. Gainera, eitb.eus-ek ere zuzeneko jarraipena egin dio egunari, eta bildutako diru kopuruaren inguruko informazioa eman du uneoro. Sare sozialetan, nola ez, jarraipen berezia egin zaio.
Eguna bukatzeko, azken konexio bat egin da dei-gunearekin, eta Isabel Octavio EITBko Estregia eta Komunikazio zuzendaria izan da bertan, egunari bukaera emateko.
Esku-hartze artistiko iragankorra Kontxako hondartzan
Ostegin honetan bertan EITB Maratoia eta aurtengo kausa ikusgai izan dira Kontxako hondartzan, harean egin den esku-hartze artistiko iragankorrean. Bertan, German Cedano artistak (Calat 33) alzheimerrarekin eta EITB Maratoiaren lotutako marrazki bat egin du, marearen igoerarekin eta olatuen etorrerarekin batera desagertuz joan dena. 07:30ean hasi da artista pieza egiten, eta 11:00 inguruan bukatu du lana. Marearen igoera osoarekin, lana desagertu egin da. Esku-hartze guztia hainbat kamerek eta dron batek grabatu dute, eta streaming bidez izan da zuzenean ikusgai, eitb.eus-en.
Kontxako hondartzan egindako marrazkia
Programa bereziak ETB1en eta ETB2n
22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en "Biba Zuek Ondorengoak" izeneko erreportaje berezia izan da ikusgai, "Biba Zuek!" saioko lantaldearen eskutik. Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak gidatuta, alzheimer genetikoaren sorrera eta Euskal Herriarekiko lotura izan du aztergai, Kolonbia eta Euskal Herria lotuko dituen ikerketa berezi bati tira eginda.
Izan ere, Francisco Lopera neurologo kolonbiarrak 1984ean alzheimer goiztiarra eta genetikoaren gaineko ikerketa abiarazi zuen Antiokiako eskualdean, bertan baitago gaixotasun larri hau pairatzen duen munduko populazio gunerik handiena. 5.000 pertsona dira, gutxi gorabehera. Lopera konturatu zen gaixoen artean patroi genetiko bat errepikatzen zela. Hortik abiatuta, zuhaitz genealogikoa ezarri eta gaitzaren zero pazientera heltzea lortu zuen: Maria Luisa Chavarriaga, euskal migratzaile baten ondorengoa. Bere aitonak, Martin de Chavarriagak, Usurbiletik Kolonbiara emigratu zuen, XVII. mende bukaeran.
"Biba Zuek Ondorengoak" erreportajeak hari horretatik tira egin du Martin de Chavarriagaren oinordekoak aurkitzeko helburuarekin. Gaixotasun genetikoa bada, eta Hego Amerikan populazio zabal bat badago, zer gertatu zen hemen geratu zen familiadar horiekin? Oraindik geratzen al da Martin Chavarriagaren ondorengorik gure artean?
Chavarriaga abizenetik abiatuz, Maddalen eta Xabier ikerkuntza lanetan hasi dira buru belarri, alzheimer genetikoaren sorrera Euskal Herrian dagoen argitzeko. Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan hasi duten bidaia honetan, bi aurkezleek Chavarriaga familiaren baserriak zutik dirauela jakin dute, eta Martinen ondorengoak nortzuk diren aurkitzen saiatu dira. Neurologoen laguntza izan dute gaitza hobeto ulertzeko, eta Kolonbian hasitako ikerketa zientifikoaren adarrak osatzen ahalegindu dira.
Duela hiru mende euskal familia batek bizitza hobeagoa lortzeko helburuarekin hasi zen bidaiari berriz ekin diote, baina bidea alderantziz eginda oraingoan.
ETB2n eta eitb.eus-en, berriz, "El Día de Mañana: Especial Alzhéimer" programa berezia izan da ikusgai, 22:30etik aurrera, Dani Alvarezek gidatuta.
Danik hainbat aldetatik aztertu du gaixotasuna. Horretarako, Lourdes Perez kazetari eta El Diario Vasco egunkariko zuzendariordearen testigantzak jaso ditu, besteak beste, eta gaixotasuna duen Mariangeles amaren alaba eta zaintzaile gisa izandako esperientzia kontatu du. Aingeru Corcuerarena izan da beste protagonistetako bat; oraindik hasierako fasean dagoen gaixotasunak jota, Cristina emaztearekin batera bere egunerokoa nolakoa den kontatu du. Horrez gain, "Village Landais Alzheimer" izeneko proiektu aitzindaria bisitatu dute Frantzian. Ehun paziente baino gehiago biltzen ditu egoiliarren bizi-kalitate bikainerako baldintza guztiak betetzen dituen toki horrek.
Gaixotasunaren ikuspuntu zientifikoena ezagutu du Danik, Gipuzkoako Poliklinikako Gurutz Linazasoro eta Biocruceseko Manuel Fernandez neurologo ospetsuen eskutik. Medikuntzaren gakoak, alzheimerrak garunari nola eragiten dion, ikerketan egindako azken aurrerapenak eta gaixotasunaren inguruko mito eta sinesmen batzuk azaldu dituzte. Halaber, Cristina Maragall, Pasqual Maragallen alaba, elkarrizketatu du EITBko kazetariak. Bere aitaren izena daraman fundazioko presidentea da Cristina, gaitza ezagutzera eman eta ikerketan laguntzeko asmoa duen fundazioan. Cristinarekin batera, Teresa Gomez-Isla neurologo eta Massachusettseko ospitaleko ikertzailearekin hitz egiteko aukera izan dute.
Emozioz, ezagutzaz eta testigantzaz beteriko saioa, helburu argi batekin: elkartasuna sustatu EITB Maratoiaren bidez.
Dani Álvarez
Zertan gauzatuko da eskuzabaltasun guzti hori?
Behin diru-bilketa itxita, BIOEFek ikerketa proiektuak finantzatzeko laguntza deialdi bat argitaratzen du, Marian Ibarrondo Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak 'EITB maratoia solasean' mahai-inguruan azaldu zuenez. Proiektu zehatzen eskaerak jasotzen dira, eta kanpoko adituek zorrotz ebaluatzen dituzte, kalitate zientifiko-teknikoa aztertuz; finantzatzeko egokitzat jotzen direnean, epaimahai batek interes zientifiko handieneko eta aplikagarritasun handieneko proiektuak aukeratzen ditu. Zientzialariekin, Osakidetzako medikuekin eta Osasun Saileko kideekin batera, gaixoen elkarteetako kideek ere parte hartu ohi dute epaimahai horretan, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak azpimarratu zuenez. Hiru urteko iraupena duten proiektuak izan ohi dira eta Euskadiko ikerketa-zentro desberdinek egin ohi dituzte. "Aurreko deialdietan, elkartasun horri esker, 6,4 milioi euro bideratu dira patologia ezberdinetako 111 ikerketa-proiektutara. Hain zuzen ere, egindako azken deialdian, EITB Maratoiarekin bildutako dirua covid-19ari buruzko 11 ikerketa proiektu finantzatzeko erabili izan da", azpimarratu zuen Ibarrondok, EITB Maratoiarekin bildutako dirua proiektu zehatzetan nola bideratzen den zehazteko egindako hizketaldi horretan.
EITB Maratoia: Gizarte osoari zabaldutako proiektua
Hala, beste urte batez, EITBk parte hartze aktiboa izan nahi du gizartearen transformazioan, osasun eta ikerketa alorretako erakunde garrantzitsuenekin aliantzan, zerbitzu publiko gisa duen konpromiso eta betebeharrari erantzun eta gizartea gehien kezkatzen duten kausen alboan egotea baita EITB talde publikoaren betebeharra. Euskal gizarte osoari zabaldutako proiektu bezala, hiritarren partaidetza zuzena bilatzen du EITB Maratoiak oinarrizko bi ildo nagusi hauen bitartez: batetik, gaixotasunaren ikerkuntzarako bideratuko diren dohaintzak jasoz; bestetik, abenduaren 16an amaituko den informazio eta sentsibilizazio kanpaina burutuz.
Informazio eta sentsibilizazio kanpina horren baitan, EITB Maratoiak aurten ere ekintza parte-hartzaile bat jarri du martxan, oroitzapenen inguruan. Izan ere, aurtengo kanpainaren leloak jasotzen duenez, Alzheimerra bihotzeko gaixotasun bat da memoria eta jendearen oroitzapen maitatuenak ezabatzen dituelako. Horregatik, EITB Maratoiak jendearen oroimenei eskainitako espazio bat sortu du, oroitzapen horiek gorde eta partekatzeko. Gure oroitzapen kutunenak gordetzeko espazio digitala da, mota ezberdinetako argazkiak, audioak, irudiak, bideoak eta testuak biltzeko. ZETAK taldearen "Zeinen ederra izango den" abestiak jarri die soinu banda oroitzapen horiei eta aurtengo kanpainari. Aste hauetan, EITB Maratoiaren webguneak 755 ekarpen jaso ditu, oroitzapenak zein bertsioak, eta aurten ere ekimenean parte hartu dute hainbat eta hainbat aurpegi ezagunek, pertsona anonimok, adinekoen egoitza eta ikastetxe asko eta asko. Oraindik ere EITB Maratoiak jarraitzen du oroitzapenak eta bertsioak jasotzen, eta webgunean egongo dira horiek ere ikusgai.
Harpidetu EiTBko Newsletterrean eta eguneko albisterik garrantzitsuenak jasoko dituzu zure ordenagailu edo mobilean.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa