EITB Maratoia 2022, abenduaren 16an diru bilketa esklerosi anizkoitza kertzeko
EiTB MARATOIA
EiTB Maratoia
Aurten haurren minbizia izango du ardatz. Euskal gizarte osora zabalduko den egitasmoa izango da aurrerantzean, eta bildutako dirua ikerketara eta sentsibilizaziora bideratuko da.
EiTB Maratoia indarberrituta dator aurten. Orain arte abenduan egiten zen sentsibilizazio eta elkartasun kanpaina. Alabaina, hemendik aurrera, denbora tartea zabalduko du eta ekintza gehiago antolatuko dira, euskal gizarte osoaren parte-hartzea sustatu asmoz. EiTBren helburua enpresa, erakunde eta talde ezberdinen laguntza lortzea izango da, EiTB Maratoia euskal herritar guztien elkartasun maratoia izan dadin.
Haurren minbizia izango da aurtengo EiTB Maratoiaren ardatza. Datozen hilabeteetan, hainbat ekintza burutuko dira gaitz honen inguruan informazioa zabaldu eta ikerketarako dirua biltzeko. Elkartasun kanpaina abenduaren 10ean bukatuko da.
EiTB Maratoiaren 20. edizioaren aurkezpena ostegun honetan (irailak 19) egin da Bilbon. Bertan, urte hauetan guztietan egitasmoarekin bat egin duten lagun ordezkaritza zabala batu da. Adela Gonzalez kazetariak aurkeztu duen ekitaldian Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak, María Aguirre Ikerketa Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak eta Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak hartu dute parte.
"Aurtengoa 20. elkartasun maratoia izango da. Bi hamarka hauetan gure ekarpen txikiak egin ditugu gaitz ezberdinen aurkako borrokan: minbizia, gaixotasun arraroak, iktusa, autismoa, Alzheimerra…", adierazi du Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak. "Alabaina, aurten egitasmoari bultzada eman nahi diogu, gure laguntza indartu, gehiago ikertzeko", gaineratu du Iturbek. Elkartasun proiektu garrantzitsu honi zabalkunde handiagoa eman asmoz, EiTB ekintzak sustatzen ari da gizarte eragile, erakunde eta enpresekin batera.
Aurtengo kausa haurren minbizia izanik, Hezkuntza Sailarekin elkarlanean ari da kontzientziazio kanpainen antolaketan, hezkuntza komunitatean gaixotasun honen inguruko informazioa zabaldu eta elkartasuna sustatzeko. Halaber, EiTBk Osasun Sailaren babes eta laguntza osoa du egitasmoa abian jarri zuenetik. Batutako dirua ikerketara bideratzen du BIOEFek (Berrikuntza + Ikerkuntza + Osasuna Eusko Fundazioak).
Aipatutako erakunde publikoez gain, proiektuarekin bat egin nahi duten gizataldeei deialdia luzatu nahi die EiTBk, eitbmaratoia@eitb.eus helbide elektronikora idatzi dezaten.
Maite Alonso Hezkuntza sailburuordearen esanetan, "hezkuntza komunitate osoaren nahia da gaixo dagoen ikaslea eroso eta ingurukoek babestuta sentitzea. Horregatik, ikasle, irakasle zein familien konpromisoa izango dugu. Ekimenarekin bat egingo dugu ahalik eta babesik handiena lortzeko ez soilik ikastetxe barruan, baita gizartean ere".
Osasun saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendari María Aguirrek esan duenez, "EiTB Maratoia aukera ezin hobea da euskal gizarteak ikerketarekin duen konpromisoa erakusteko". Gogoratu du, gizartearen elkartasunak bide eman duela ia 5 milioi euro 87 bat ikerketa proietuetara zuzentzea. "Horregatik aurten ere, lehen momentutik egin den bezela, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak EiTB Maratoiarekin bat egingo du".
EiTB Maratoiaren zabalkunderako, bi merchandising elementu sortu dira: buff-a eta telazko poltsa. Biak ala biak ostiral honetan bertan jarriko dira salgai eitb.eus-en dagoen denda birtualean eta Eroski hipermerkatuetan. Kirolariek erabili ohi dituzten buff-ak ezinbesteko bihurtzen dira kimioterapia tratamenduan dauden haurrentzat, burua estaltzeko. "Gaixotasunarekin duen loturagatik, kanpainaren ikur bihurtzea nahi dugu, ez soilik gaitzari aurre egiteko diru iturri modura, baita publikoki atxikimendua adierazteko ere. Hori dela eta, herritar anonimoei eta famatuei buff-arekin egindako argazkia partekatzea eskatuko zaie #eitbmaratoia traolarekin", azaldu du EiTBko zuzendari nagusiak.
Horrez gain, famatuek emandako opariekin elkartasun enkantea egingo da eta Behobia-Donostia bezalako kirol probekin elkarlana sustatuko da. "Berebat, Euskal Herrian dagoen mendi zaletasunaren harira, mendi taldeei eta norbanakoei eskatuko zaie mendi gainetan EiTB Maratoiko buff-arekin egindako argazkia sare sozialen bidez zabaltzea", gaineratu du Iturbek.
Bestalde, urriaren 12ko EiTB Jaiak ere bat egingo du EiTB Maratoiarekin, egun horretako zenbait jarduerekin lortutako dirua bertara bideratuz. BECen egingo den jaiak publiko guztiarentzako programazio zabala izango du: Hiru3 Jaia, 'Go!azen 6.0' aurrestreinaldia, Oholtzan eta Imagin Gaztea (Rural Zombies + Izaro + Belako).
EiTB Maratoiaren eguna abenduaren 10a izango da. Ordura arte, beste hainbat ekintza antolatuko dira: ospitaleetan bertan, gaixo dauden haur eta gaztetxoei zuzenduta, baita kalean ere, gure hirietako leku eta eraikin esanguratsuak sinbolikoki besarkatuz. Helburua, azken finean, haurren minbizia ezagutzera ematea eta ikerkuntzarako dirua lortzea izango da.
Halaber, hilabete hauetan EiTBko hedabideek (ETB, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea eta eitb.eus) informazio eta sentsibilizazio kanpaina egingo dute, gaixoen, senitartekoen, medikuen eta profesionalen testigantzak bilduz. Azkenik, abenduaren 10ean programazio berezia egongo da, dirua biltzeko dei gunea zabalduko da, eta Euskaldunako gala berezia zuzenean emango da.
Gonbidatu bereziak prentsaurrekoan
EiTB Maratoiaren aurkezpenera Aspanovas eta La Cuadri del Hospi elkarteetako kideak eta zenbait aurpegi ezagun etorri dira: Aitor Ocio, Mercedes de Miguel, Javier Berroeta, Yolanda Aberasturi, Fernando Canales, Maribel Salas, Eneko Van Horenbeke, Unai Izquierdo, Ainhoa Goikoetxea, Isidro Elezgaray, Ignacio Malaina… Horiekin batera, Alaves, Athletic, Baskonia, Bilbao Basket, Eibar, Osasuna, Orio Arraunketa Elkartea eta Santurtziko Itsasoko Ama Sotera kirol klubetako zuzendaritzako kideak.
Harpidetu EiTBko Newsletterrean eta eguneko albisterik garrantzitsuenak jasoko dituzu zure ordenagailu edo mobilean.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa