10:57

Barcenas auzia

Gürtel Auzia

Barcenas aske, 200.000 euroko fidantza ordainduz gero

Erredakzioa

Gürtel auziaren instrukzioa ia amaituta dagoela eta PPko diruzain ohiak badaezpadako espetxealdian ia bi urte eman dituela argudiatu du Auzitegi Nazionalak.

1:50
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko Salako 4. sekzioak 200.000 euroko fidantzapean aske utzi du Luis Barcenas PPko diruzain ohia, gaur kaleratutako auto baten arabera.

Salak argudiatu duenez, Gürtel auziaren instrukzioa ia amaituta dago, eta diruzain ohiak ia bi urte eman ditu badaezpadako espetxealdian. Horrez gain, "salatzailea Espainian erabat errotuta dago", eta aurrekari penalik ez duela kontuan hartuta, "ihes egiteko arriskua" txikia dela uste du Auzitegiak.

2013ko ekainaren 27an espetxeratu zuten Barcenas, Pablo Ruz epailearen aginduz. Ordutik, zortzi aldiz eskatu du PPko diruzain ohiaren defentsak behin-behinean aske uztea. Pablo Ruz epaileak, aurrena, eta Zigor-arloko Salak, gero, ezezkoa eman diote eskaera horri, ihes egiteko arriskua zegoela iritzita.

Oraingoan, berriz, Barcenasek aurkeztutako helegitea aintzat hartu eta orain 19 hilabete ezarritako kartzela-zigorra arintzeko bestelako kautelazko neurriak badaudela defendatu dute Auzitegi Nazionaleko epaileek.

Hori horrela, 200.000 euroko fidantza eta kautelazko hainbat neurri ezarri dizkio; epaitegian astelehenero, asteazkenero eta ostiralero aurkeztu beharra, bizilekuaren berri ematea, Estatutik irteteko debekua eta pasaportea kentzea, besteak beste.

Ez dirudi, baina, Barcenasek dirutza biltzeko modurik izango duenik, haren ondasun guztiak bahituta baitaude.

Fidantza "neurrizkoa"

Barcenari egotzitako delituen, bere baliabide ekonomikoen eta aurrekarien arabera ezarri dute fidantza. Hala, Auzitegi Nazionalaren arabera, 200.000 euroko fidantza "neurrizkoa da".

Autoaren arabera, fidantza ihes egiteko arriskuaren eta orain arte jaso ez diren frogak desagerrarazteko aukeraren aurrean jarritako bermea da.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena