21:04

Barcenas auzia

Batzorde Iraunkorra

PPk atzera bota du Rajoy berriro interpelatzeko eskaera

Erredakzioa

PSOEk Konstituzionalera joko du, Kongresuan interpelaziorik ez badago. Kongresuko Mahaiari ''zentsura'' egitea egotzi dio Soraya Rodriguez sozialisten bozeramaileak.

  • Diputatuen Kongresuko Batzorde Iraunkorraren bilera

    Diputatuen Kongresuko Batzorde Iraunkorraren bilera. EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Barcenas auziaren inguruan azalpenak eman zitzan Mariano Rajoy Diputatuen Kongresura itzultzeko oposizioak egindako eskaera atzera bota du PPk, gehiengo absolutuaz baliatuta. Alderdi Popularraren ustezko finantzaketa irregularra aztertzeko ikerketa batzorderik ere ez da egongo.

Astearte honetan bildu den Diputatuen Kongresuko Batzorde Iraunkorrean gai nagusi izan dira bi ekimenok. Hitzordua tentsio une batekin abiatu dute, Kongresuko Mahaiak atzera bota baitu Rajoy interpelatzeko PSOEk egindako eskaera.

Carlos Floriano PPk Batzorde Iraunkorrean duen bozeramailearen hitzetan, Alderdi Popularra ez dago Rajoyren bigarren agerraldi baten alde, Kongresua eta Espainia bera ez daudelako ''PSOEren lidergoaren inguruko zalantzak argitzeko''. Rajoyren aurreko agerraldiari aipamen egin eta orduko eztabaida hartan Rubalcaba galtzaile atera zela aditzera eman du Florianok.

Bestalde, ez dute babesten Alderdi Popularraren ustezko finantzaketa irregularra aztertzeko ikerketa batzorderik sortzea, ikerketa judizial baten erdian ''txarrena'' litzatekeelako eta sozialistek dagoeneko idatzi dituztelako ikerketa horren ondorioak.

CiU eta PNV ikerketa horren kontra agertu dira, dagoeneko ikerketa judizial bat  abian dagoelako. Edonola ere, Barcenas auzia azaltzeko Rajoyren bigarren agerraldi baten alde azaldu dira.

PSOEk Konstituzionalera joko du Kongresuan interpelaziorik ez badago

Kongresuko Mahaiak Rajoyri interpelazioa egitea eragozten baldin badu PSOEk Auzitegi Konstituzionalera joko duela aurreratu du Soraya Rodriguez sozialistek Kongresuan duten bozeramaileak.

Batzorde Iraunkorraren hasieran hitz egin du Rodriguezek, eguneko gaien eztabaidaren aurretik, eta Kongresuko Mahaiari ''zentsura'' egitea egotzi dio. Mahaiak kontrakoa esan arren, araudiak ez du galarazten Gobernuko presidenteari edo Gobernuko kideetako bati interpelazioa egitea, Rodriguezen hitzetan.

Hala, adierazpenak egin aurretik, erabakiaren inguruko azalpenak eskatu dizkio Jesus Posada Kongresuko presidenteari. Goizeko eztabaida luzea izan dela eta, ondorioz, eztabaiden laburpena egiteko unea ez dela erantzun dio hark, PSOEk salatu duenez.

Bestalde, PPk salatu egin du sozialistek interpelazioaren mekanismoa aukeratu izana Rajoyren gaitzespena Kongresuan bozkatu ahal izateko, erabaki horrek ez baitu araudiarekin bat egiten, popularren ustez.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena