Barcenas auzia
Agerraldia
Erredakzioa
Rajoyk Barcenasekin erratu zela aitortu, baina estali ez duela esan du. PPk ez duela "beltzean ordaindu" eta alderdiak ez duela "inolako deliturik" ezkutatzen nabarmendu du.
Albisteak (2)
Informazio gehiago (2)
Luis Barcenas PPko diruzain ohiarekin erratu zela eta, ondorioz, harekin fidatu egin zela aitortu du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak ostegun honetan, Diputatuen Kongresuan egin duen agerraldian. Haren hitzetan, Barcenasek haren konfiantza merezi ez zuela erakutsi du, baina diruzain ohia estali izana ukatu du.
"Oker nengoen, sentitzen dut", adierazi du Rajoyk Espainiako Diputatuen Kongresuko ordezkarien aurrean egin duen agerraldian. Hitzaldian, Barcenasen izena esan du, eta, esan duenez, haren errugabetasunaz zalantza egiteko arrazoirik ez zuelako eskaini zion konfiantza.
"Errugabe faltsu bati sinetsi egin diot, baina ez dut ustezko errudun bat estali", azaldu du. Aurrez inor ez duela epaitzen nabarmendu du Rajoyk, eta horregatik oso erraz sartu ziola ziria Barcenasek.
"Beti jokatu dut horrela, eta pertsona batek huts egin didalako ez dut nire jokamoldea aldatuko; izan ere, egingo banu, nire baloreak aldatu beharko nituzke, eta ez nago hori egiteko prest", gaineratu du.
Rajoyk azaldu duenez, PPren baitan konfiantzazko pertsona zelako fidatu zen Barcenasekin. "Ikerketa judizialak hasi eta lau urtera, Barcenasek haren izenean Suitzan kontuak zituela baieztatu zuten. Berarekin fidatu nintzen, eta nire babesa eskaini nion".
'Eta zu gehiago' formula ez baliatzeko eskaera
Barcenas auziaz hitz egingo zuela eta "eta zu gehiago" formula erabiltzeari uko egin eta beste alderdi politikoen baitan izandako ustelkeria kasuez hitz egiteari muzin egingo ziola azpimarratu du Espainiako presidenteak agerraldiaren hasieran.
Alderdi Popularrak bere ordainketak legearen baitan egin dituela nabarmendu du, eta kontabilitate bikoitza izatea eta delituak estaltzea ukatu du. "Soldatak ordaindu dira bai, eta ordainsari osagarriak ere banatu dira eta karguari dagozkion gastuak ere ordaindu dira", adierazi du.
Barcenasen paperen eta PPren ezkutuko kontabilitatearen harira esan du gezur asko esan direla eta denborak eta Justiziak argituko duela dena. Diru-sarrera guztiak aitortu dituela eta azken hamar urteetako errentak eta ondare aitorpenak argitaratu dituela nabarmendu du.
"Azken hamar urteotako nire errenta eta ondare aitorpenak edonoren eskura daude, eta nire iritziz dokumentu horiek paper zimur batean idatzitako esaldiek baino balio handiagoa dute", gaineratu du.
Zentsura mozioa
PPko buruzagiak "ezinezkotzat" jo du hainbaten azalpen gosea asetzea, esaten duena esaten duela ere zenbait alderdi politikok haren dimisioa eskatuko dutela iragarri baitute. Rajoyk hitz gogorrak eskaini dizkio Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko buruzagiari Barcenas auzian izan duen jarreragatik.
Rubalcabari arduragabekeriaz jokatzea egotzi dio eta duela zenbait urte buruzagi sozialistak Justiziaren lana babesteko eta aurretiaz inor ez zigortzea eskatzeko egin zituen adierazpenak ekarri ditu gogora. Guztien artean bat nabarmendu du: "Frogen garrantziari buelta ematen badiogu errugabetasuna frogatu behar dugu, Faxismoaren eta Estalinismoaren garai zailenetan bezala".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa