Bake prozesua
Oroimenaren Eguna
Erredakzioa
Euren burua baztertu duten alderdien ustean, egun honetan terrorismoaren biktimak baino ez dira omendu behar, ez bestelakoak, Poliziaren gehiegikerien biktimak, esate baterako.
Indarkeriaren biktima guztiak omendu dituzte gaur Eusko Legebiltzarrean, ekitaldi labur batean, Oroimenaren Eguna dela eta. Iñigo Urkullu lehendakaria bertan izan da, baina PPk eta UPyDk ez dute ekitaldian parte hartu nahi izan.
Legebiltzarreko sarreran lore eskaintza egin dute agintari eta legebiltzarkideek, eta terrorismoaren biktimak eta poliziaren gehiegikeria pairatu dutenak gogoratu dituzte.
Hain zuzen, hori izan da PPk eta UPyDk omenaldian ez egoteko eman duten arrazoi nagusia, terrorismoaren biktimak bakarrik omentzea eskatu baitute bi alderdi horiek.
Gainerako legebiltzarkideek eta Jaurlaritzako sailburuek hartu dute parte omenaldian. Biktimak gogoratzeko eskulturan, arrosa zuriak jarri dituzte eta su-ontzi bat piztu dute.
Ekitaldiak euskal alderdien arteko desadostasunak azaleratu ditu, bertan ez baitute ez UPyDk ez PPk parte hartu. Eurek beste ekitaldi batzuk egingo dituztela iragarri dute. UPyDk, esaterako, terrorismoaren biktimen oroitarrian (Gasteizen) antolatu du, eta leku berean, ordubete geroago, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak deituta, beste ekitaldi bat egingo dute.
Edonola ere, Arabako Batzar Nagusiek antolatutako ekitaldian (minutu bateko isilunea egin dute, Fernando Buesaren omenezko oroitarrian), PPk gainerako alderdiekin parte hartu du, EH Bilduko kideak ere bertan zirela.
PPk eta UPyDk ez dute ekitaldiarekin bat egin Patxi Lopezen Gobernu sozialistak azaroaren 10ean terrorismoaren biktimak omentzeko bultzatutako egun honen izaera desitxuratu egin delako, euren ustean. Horien iritzian, egun honetan terrorismoaren biktimak baino ez dira omendu behar, eta ez bestelakoak, Poliziaren gehiegikerien biktimak, esate baterako.
2010etik lehen aldiz, Jaurlaritzak ez du ekitaldirik antolatu, "batasunaren irudia" emateko eta ekitaldi ofizialetik kanpoko omenaldirik ez egiteko, aurreko astean lehendakariak azaldu zuenez.
Ekitaldi honen inguruko omenaldietan beti izan dira gabeziak. 2010ean, EH Bildu koalizioa osatzen duten alderdiek ez zuten omenaldietan parte hartu, motibazio politikoko biktimak ere aintzat hartzea nahi zutelako.
Ekitaldiak lurraldeka
Azken urteotan bezala, Oroimenaren Eguna ospatzeko erakunde bakoitzak bere omenaldia egin du: Arabako Batzar Nagusiek lore eskaintza bat egin dute Fernando Buesaren omenez jarritako monolitoaren aurrean. ETAk 2000. urtean hil zuen Buesa. Bestalde, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak bigarren omenaldi bat burutu dute.
Bizkaian, Bilboko Udalarena da Oroimenaren Eguneko ekitaldi nagusia. Casilda Iturriza Parkean dagoen terrorismoaren biktimen monolitoaren aurrean egin dute eta bertara Jose Luis Bilbao diputatu nagusia ere joan da, besteak beste.
Donostian, Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak talde guztietako kideak deitu ditu, lore eskaintza batean parte hartzera. PPko ordezkariak ez dira ekitaldira joan. Donostiako Udalak, berriz, biktima guztiak gogoratzeko ekitaldia prestatu du.
Bestalde, Donostiako Udalak biktima guztiak gogoratzeko ekitaldia egin du, eta bertara Bildu, EAJ eta PSE-EEko zinegotziak joan dira.
Lore eskaintza egin dute Alderdi Ederren, Oroimena monolitoaren aurrean; ondoren, bost minutuko isilunea egin dute. Ekitaldira ez dira PPko ordezkariak joan.
Gipuzkoako Aldundiak lore eskaintza egin du Donostian. Argazkia: EFE
Azkenik, Covite biktimen elkarteak bere ahotsa Europako Parlamentura eramango du gaur. ETAk arma utzi zituenetik hiru urte igaro direnean, Euskal Herriak bizi duen egoeraz txosten berezia emango diete eurodiputatuei.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa