Bake prozesua
ETA-ren desarmea
Erredakzioa
Bi ordu eta erdi inguru eman dituzte Ismael Morenoren eta fiskalaren galderei erantzuten. Orain lehendakariarekin bilduko dira berriro.
Albisteak (6)
Informazio gehiago (1)
Deklaratzera deituta zeuden Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordeko hiru kideek bukatu dute deklaratzen Auzitegi Nazionalean, Ismael Moreno epailearen aurrean. Ram Manikkalingam, Ronnie Kasrils y Chris Maccabe taxian iritsi dira, 09:45ean (10:00etan zuten hitzordua), eta adierazpenik egin gabe, zuzenean sartu dira bigarren Instrukzio Epaitegira.
Mannikkalingam izan da lehendabizikoa deklaratzen, 11:15 inguruan amaitu du. Ondoren, Kasrils hasi da Morenoren aurrean azalpenak ematen, eta honek ere ordubete inguru eman du hitz egiten. Hirugarrena, Maccabe, 12:15ean hasi deklaratzen eta dagoeneko bukatu du.
Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitu zituen atzo Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordeko kideak, armagabetzea egiaztatzeko bileran parte hartu zuten ETAko kideak non diren esateko.
Iñigo Urkullu lehendakaria 08:00etan bildu da hiru kideokin, ANean lekuko bezala deklaratu aurretik babesa emateko. Lehendakaritzatik zabaldu dutenez, Urkullu Madrilera joan da eta hiriburu espainiarreko hotel batean egin du bilera, hiru egiaztatzaileekin. Litekeena da deklarazioa bukatzean lehendakariarekin berriro biltzea. Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusia ere Madrilen da, egiaztatzaileei babesa adierazten.
Ram Manikkalingamek, Ronnie Kasrilsek eta Chris Maccabek ANnren agindua atzo jaso zuten. Batzordetik jakinarazi dutenez, aipatutako hirurek hegazkinez abiatu ziren Madrilerantz atzo arratsean, gaur goizean epailearen aurrean deklaratzeko.
Ram Manikkalingam (Sri Lanka), Ronnie Kasrils (Hegoafrika), Chris Maccabe (Erresuma Batua), Satish Nambiar (India), Fleur Ravensbergen (Holanda) eta Aracelly Santana (Ekuador) atzo ziren joatekoak euren herrialdeetara, Loiuko aireportutik abiatuta.
Manikkallingamek, Pariserako hegaldi bat hartzeko Loiuko aireportuan zela, jaso zuen zitazioa, Poliziaren eskutik. Deklaratuko duten beste bi egiaztatzaileak Bilboko hotel batean zeuden, Poliziak ANren erabakiaren berri eman zienean.
Zitazioak jasotakoan, Manikkalingam, Kasrils eta Maccabe aireportuan elkartu ziren eta, bertan, Madrilerako joateko izapideak abiarazi zituzten.
Ostiralean Bilbon parte hartu zuten Batzordeko beste bi kide Fleur Ravensbergen eta Aracelly Santana dira, baina ez dira Madrilen izango beste kideekin; Ravensbergenek bere herrialderako hegaldia hartu ahal izan zuen, eta Santana ez dute oraindik topatu, Poliziak zabaldu duenez.
Satish Nambiar indiarra, Batzordeko seigarren kidea, ETAren iragarpena zabaltzeko agerraldian parte hartu ez zuen bakarra da, beraz, ez zegoen Euskal Herrian.
Auzitegi Nazionalak Ertzaintzari, Polizia Nazionalari eta Guardia Zibilari igorri zienagindua, Fiskaltzak Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak (Covite) Batzordeko kideak deklaratzeko eskaera aintzat hartu eta gero.
Fiskaltzaren arabera, oinarri nahikoa zegoen egiaztatzaileek ETAko kideen nortasunaren eta hitzordua izan zuten lekuaren inguruko informazioa emateko eta, halaber, non dauden esateko izan ditzaketen datuak jakinarazteko.
ETAk BBC katearen bidez bideo bat zabaldu eta gero egin zuen eskera Covitek. Bideoan, ETAko bi kide ageri dira, Manikkalingami eta Kasrilsi indargabetutako armen inbentarioa ematen.
Jonan Fernandez: "ulertzeko zaila da"
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiaren esanetan, "Auzitegi Nazionalaren erabakia ulertzeko zaila da", eta Gobernua ez dela ETAren desarmea errazteko ezer egiten ari ohartarazi du.
Radio Euskadiri egindako elkarrizketan, Euskal Herrian "egoera paradoxikoa" bizi dela nabarmendu du; "izan ere hainbat hamarkadatan indarkeria erabili duen ETA erakundeak armak entregatu nahi dituela adierazi du, eta Estatua ez da prozesu hori errazteko ezer egiten ari".
EH Bildu
Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkide eta EAko idazkari nagusiak adierazi duenez, ANren erabakiaren bidez, Estatuak "nahastea, adarra jotzea, oztopatzea eta boikot egitea" du helburu, bere "egia, kosta ahala kosta" ezartzeko.
Twitter sare sozialean duen kontuan egindako adierazpenen arabera, Urizarrek Moreno epailearen erabakia kritikatu du, "munduak norabide bat hartu duen bitartean, Espainiak kontrakoa hartu du".
Lokarri: "Egoera nahasteko gogoa dute"
Paul Rios Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareko koordinatzaileak Auzitegi Nazionalaren erabakia gaitzetsi du twitter bidez. Riosen esanetan, erabaki horrek bake prozesua "nahasteko eta trabatzeko" helburua du.
"Zentzugabekeria" izan dela adierazi ostean, Riosek, gainera, "hain epe laburrean" deitzea zalantzan jarri du; bere ustez, Auzitegi Nazionalak uste badu "ekarpenen bat egin dezaketela, eta pertsona horiek kolaboratu dezaketela, epe luzeago baten egin zezakeen".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa