albisteak
Euskadi Irratian esan du
D.P.
Bilbo
Erakundeek ETAren biktimak aintzat hartzeko bidea bukatuta duten honetan utziko du kargua Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak, Euskadi Irratian iragarri duenez. 'Etxera noa', adierazi du.
Informazio gehiago (1)
Maixabel Lasak (Legorreta, 1951) 11 urte eman ditu Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendari karguan, Eusko Jaurlaritzak 2001. urtean sortu zuenetik, hain zuzen ere. Harrezkero, kolore ezberdinetako bi gobernurekin izan da: Juan Jose Ibarretxe jeltzalearekin lehenengo (2001-2009), eta Patxi Lopez sozialistarekin ondoren (2009-2012).
Gaur, kargua utzi egingo duela iragarri du Euskadi Irratian. Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, “aspaldian” pentsatuta zeukan “etxera joatea” eta “lana uztea”. “Urte asko pasa dira, hamaika urte”, adierazi du.
“Garaia da aldatzeko, kontutan izanda lan honetan sartu nintzenean gauzak eraba ezberdinak zirela, eta orain erabat aldatu dira”, azaldu du.
Lasaren iritziz, “ona” da aldaketa bat egotea. Jaurlaritza berria osatu arte, Terrorismoaren Biktimen zuzendaritzan jarraituko duela gaineratu du.
Lasak bi ametsak beteta utziko du kargua: erakundeek terrorismoaren biktimak aintzat hartu izana eta ETAren indarkeria behin betiko amaitu izana.
Terrorismoaren biktimei laguntzeko zuzendariak duela hamarkada bat baino gehiago egin zuen politikan barrena, 2000. urteko uztailaren 29an ETAk senarra (Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibila zena) hil eta gutxira.
Karguan, biktimen aldeko hainbat proiektu sustatu ditu, hala nola biktimen eta ETAko preso disidenteen arteko bilerak, Oroimenaren Eguna eta Oroimenaren Mapa eta biktimak ikastetxeetara joateko ekimena.
Beste lorpen bat Eusko Jaurlaritza biktimei hurbiltzea izan da, batik bat hainbat urtetako polemiken ostean.
Dena dela, bidean oztopoak ere izan ditu. Izan ere, AVT, Covite eta beste hainbat elkartek gogor kritikatu izan dute, ezker abertzalea legeztatzearen eta ETAko presoak gizarteratzearen alde agertzeagatik.
2008. urtean, ETAk mehatxu egin zion, "krokodilo malkoak dituen militante antiabertzalea" izatea egotzita. Horren ondorioz, Lasak bizkartzaina izan zuen, baina duela gutxi uko egin zion.
Maixabel Lasak alaba bat eta biloba bat ditu, eta Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzan egindako lana senarrarekin zuen "zorra" dela esan du beti.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa