15:41

albisteak

Iruzkina

Arriskuak

Juanjo San Miguel | EiTB Media

Juanjo San Miguel | EiTB Media

Itxuraz gizakiok ez gara arriskuez jabetzen, edo nahiago dugu, agian gure burua babesteko, iragarpen ilunak ez direla beteko edo zuzenean gezurra direla pentsatzea.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Munduak azken urtetan pairatutakoak jasan eta gero, badirudi datorkiguna derrigorrez hobea behar duela izan. Krisi ekonomikoak giza talde zabalak bide bazterrean utzi ondoren, pandemiak erakutsi digu babesik gabe gaudela, indartsuenak eta aurreratuenak ziruditenak, ahuleziaren eta babesgabetasunaren irudi bilakatu dira.

Okerrena iragana bihurtu ondoren, iragarpenetan adituek diote orain etor litekeena beldurgarriagoa izan litekeela, batez ere ingurumenari eta naturari errespetua berreskuratzen ez badiogu, orain arte egindako kalteak gure iraupena bera arriskuan jarri duelako.

Baina itxuraz gizakiok ez gara arriskuez jabetzen, edo nahiago dugu, agian gure burua babesteko, iragarpen ilunak ez direla beteko edo zuzenean gezurra direla pentsatzea. Azken boladan badirudi buruhauste guztien jatorria Asia dela.

Handik iritsi omen zen koronabirusa, hango gorabeheren menpe ei dago gure ekonomia, eta, gainera, gaur egun beste mundu gerra bat sortu badaiteke bertan hasiko dela uste dute horrelakoetan adituek.

Azken krisiak, lehendik zetorren joera indartu du, Estatu Batuen irudia eta indarra ahuldu egin dira eta Txinak erakutsi du aurrerapenaren eta estrategiaren jokoan nagusi izan litekeela.

Pekingo agintariek behin eta berriz azpimarratzen dute beraiek ez dutela gatazkarik nahi, Txinak ez duela erasoa erabili nazioarteko harremanetan eta konponezinak elkarrizketaren bitartez bideratu nahi dituela. Baina Asiako ekialde horretan tentsioa gero eta handiagoa da.

Ipar eta Hego Korearen arteko lehia amaiezina suspertzen ari da. Japonia eta Txinaren arteko harremanak berriro gori gorian dira, uharteak eta itsasoaren jabetza dela eta. Gobernu txinatarrak dio Taiwan Txinaren zati dela eta bat egitea lortu arte ez duela amore emango…

Ez dakigu tirabira hauek lehertzeko arriskurik ba ote dagoen, baina azken hilabetetan inguru honetako herrialde guztiek handitu eta eraberritu dituzte euren armategiak.

Batzuek inoiz erabili gabeko misilak jaurti dituzte proba gisa izan bada ere. Hitz erasokorrak gero eta ohikoagoak dira, guztiek bakea ez dutela hautsiko agindu arren.

Eta giro nahasi honetan, Australiako lehen ministro ohiak, Kevin Ruddek historian zehar behin baino gehiagotan gertatu dena ekarri du gogorra eta bereziki azpimarratu du 1914an gertatutakoa.

Munduko potentzia guztiek bakeaz hitz egiten zuten, erasorako lehen pausoa ez zutela emango behin eta berriz azpimarratu, baina hitzen indarkeriak irteera guztiak itxi zituen, eta inork espero ez zuen txinpartak oso motza izango zela uste zuten gerrara bultzatu zituen guztiak.

XX. mendera arte ohikoak ziren gerrak, armada armadaren kontrakoak amaitu omen dira, guztiok uste dugu ezinezkoa dela sua piztea, baina orain dela 2 urte baten batek iragarri baligu zomorro ikusezinaren tragedia, pentsa dezagun zein izango zen erantzuna.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena