albisteak
PSE eta Aralarren proposamena
Erredakzioa
Gasteizko ganberak ebazpena onartu du PSE-EEren, Aralarren, EAJren eta Ezker Batuaren babesarekin. EAk ez du bozketan parte hartu "salatutako torturak" aipatzen ez direlako.
Eusko Legebiltzarrak ''Egunkaria auzia''ren epaiketa "auziperatuen absoluzioarekin" amaitzeko nahia agertu zuen atzo.
Gasteizko Ganberak ebazpena onartu du PSE-EEk eta Aralarrek (azken alderdi horren ekimenez) proposatuta eta EAJren eta Ezker Batuaren babesarekin.
Kontra agertu dira PP eta UPyD. Eusko Alkartasunak ez du bozketan parte hartu.
Bst auziperatuen (Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Juan Mari Torrealdai, Joxe Mari Auzmendi eta Xabier Oleaga) "egoera pertsonalaz eta lan egoeraz" interesa agertu dute mozioan.
Egunkariako zuzendaritzako bost kide ohien kontrako epaiketa iragan otsailaren 1ean amaitu zen. Azken ondorioen irakurketan, Fiskaltzak auziperatuak absolbitzeko eskaria berretsi zuen "ezin delako frogatu" ETA Egunkariaren "atzean" dagoela.
Defentsaren abokatuek ere absoluzioa eskatu zuten, izan ere, azpimarratu dutenez, epaiketan frogatutzat jo dute ez dagoela harremanik Egunkariaren eta ETAren artean, ez finantziazio alorrean, ez beste ezertan. "Euskal gizarteak badaki auziperatuak errugabeak direla", adierazi du Jose Mari Elosua abokatuak.
Hala ere, herri-akusazioek zigor eskariak egin zituzten (12 eta 15 urte arteko kartzela-zigorra) eta egunkariaren sorrera eta garapena ETAk sustatu zuela aldarrikatu zuten.
Alde
Oxel Erostarbek (Aralar) gaitzetsi egin du Auzitegi Nazionalak erabakitzen duena erabakitzen duela "kaltea eginda" dagoela, zeren "adierazpen eta informazio askatasunen urraketa latza" gertatu da jada.
Jose Antonio Pastorrek (PSE-EE) prozesuak zazpi urte iraun izana "gehiegizkoa" dela salatu du eta "kaltea konpontzea zaila" izango dela aurreikusi du, nahiz eta ebazpenean auziperatuak absolbitu.
Andoni Ortuzarrek (EAJ) gogorarazi du Zuzenbideko Estatu batean "oso larria" dela komunikabide bat ixtea. Era berean, Egunkariak "ideien mundua aberasten" zuela azpimarratu du, bere alderdiaren kontrako ildo editoriala bazuen ere.
Mikel Aranak (EB), bestalde, uste du Justizia "mantsoa" dela eta, beraz, "ez dela justua".
Kontra
Carlos Urquijok (PP) sozialistek ekimenari agertu dioten babesa kritikatu du gogorren. "Onartezin" jo du eta esan du sozialistak Jaurlaritzara iritsi zirenetik egin duten bigarren ekintza larriena dela, ANVren udalak desegiteko ekimena babestea ukatzearen atzetik.
Jesus Mari Larrazabal (EA) legebiltzarkidea ere oso kritiko agertu da testuarekin, nahikoa ez delakoan, eta Aralarren jatorrizko testuari jarri zion zuzenketa babestu du, auziperatuek "salatutako torturak" Legebiltzarrak gaitzestea eskatu zuten.
Gorka Maneirok (UPyD) uste du "ikaragarria" dela parlamentu batek epaiketa baten inguruko iritzia ematea, botere batek beste batean "esku hartzea" eragiten duelako, eta hori "lotsagarria da Zuzenbideko Estatu batean".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa