albisteak
Analisia
Iñigo Herce
- Erredakzioa -
Etsipena nagusi zenean ere, bideari eutsi eta tunelak amaiera bazuela aldarrikatuz, itxaropen zirrikituak zabaltzeko gai izan dira.
ETAren ondorengo Euskal Herriaren ondorioetako bat da Lokarriren agurraren iragarpena. Bakearen Aldeko Koordinakundeak ere bide bera hartu zuen, ETAk bere ibilbide odoltsua amaitutzat ematea ebatzi zuenean. Batak zein besteak euren lan eta ekarpenek indarra galdu dutela ondorioztatu dute, gizarteak indarkeriaren aroa eta bere ondorio lazgarri guztiak atzean uzteko borondatea ageri duen honetan. Horren harian, erabakia bi urteko barne gogoeta baten ondorio den neurrian, zintzotasunez hartutakoa da.
Lokarriren lanik aipagarriena, akaso, isilean egindakoa da. Euskal politikak une latzak bizi izan ditu urte askotan. Ezinikusi, gorroto eta elkarrizketa ezak asko tenkatu dute alderdien arteko giroa, baita gizartearena bera ere. Testuinguru horretan aritu da Lokarri, isilean, zubigintzan, muturrak gerturatzeko jardunean, alderdien erritmo eta interesetatik haratago, bere bideari eutsiz. Muinean, nortasun ikur moduan, indarkeria ororen gaitzespena izan du ardatz, baita giza eskubide urraketa guztien kontrako jarrera ere.
Alde guztien arteko elkarguneak bilatzeko xede hori ez da beti ondo ikusia izan, ezta onartua ere. Gaitzespen eta kritika ugari jaso ditu hainbat esparru politikotatik urteotan. Bakearen Aldeko Koordinakundeak ere antzeko salaketak jaso zituen: urte askotako txalo eta laudorioak bazterketa bihurtu ziren garaiko diskurtso politiko nagusiari jarraipen estua egin ez ziotenean. Horren lekua diskurtso gogorragoa zuten elkarteek hartu zuten. Ildo horretan, Bakearen Aldeko Koordinakundea eta Lokarri bezalako elkarteen lanaren garrantzia azpimarratzekoa da, garai oso zailetan lan zabal, integratzaile eta elkarbizitzaren aldekoa egiteko gai izan zirelako. Etsipena nagusi zenean ere, bideari eutsi eta tunelak amaiera bazuela aldarrikatuz, itxaropen zirrikituak zabaltzeko gai izan dira.
Azken urteotan Lokarrik bakegintza eta elkarbizitzaren alde jarri du bere jarduna. Alderdien denbora eta interesak alboratuz, bake prozesua deritzonaren barne motor itxurako bat izan da. Horren lanak, besteak beste, nazioartetik etorri diren ekarpenak bideratzea ahalbidetu du, alderdi, erakunde eta bestelako eragileen artean beharrezkoa zen harreman isil eta eraginkorra bultzatuz.
Horren agurrak akaso airean dagoen 'impasse' sentsazioa areagotu besterik ez du egingo. Eta zalantza bat ere utziko du airean, orain ez baitago argi nork beteko duen beharrezkoa izan den lan hori. Aurrerantzean, nork hartuko dio telefonoa Manikkalingami?
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa