13:25

albisteak

Iruzkina

'Hautestontziak ipini, president'

Iñigo Herce

Iñigo Herce

Diadan parte hartu zutenek, edo parte hartu zutenei ahotsa jarri zietenek, ez zuten Madrilera begiratu, Kataluniara baizik. Artur Masi zuzendu zitzaioten.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Noiz arte jarraituko dute Espainiako Gobernuak eta Estatuak, PP zein PSOE buru direlarik, Kataluniak azken urteotan bidali dituen mezu politikoei (indargabetu zen Estatutu berritik hasi eta azken bi urteotan Diadetako erakustaldietara) entzungor eginez? Kasurik ez egitea baino, bestelakoa izan da Espainiatik zabaldu den mezua: ezezkoa. Izan ere, funtsean, argudio bakarra dago Espainiaren jarreran: nazioa bakarra da, Espainia, eta nazio hori osatzen duten bestelako nazionalitateek ez dute bere kasa erabakitzeko eskubiderik. Subjektu politikoa ez dago zatitzerik, esan zuen duela sei urte Auzitegi Konstituzionalak Ibarretxeren herri-galdeketa deitzeko legea bertan behera utzi zuenean.

Arazo politikoa, gatazka demokratikoa, ordea, bistakoa da. Eta XXI. mendeko Europan irtenbidea ezin da izan ezetz esan eta kito.

Gizartearen zati handi batek erabaki nahi du. Horietako askok independentzia amesten dute. Diadan kalean islatu zen nahi hori. Gizartearen beste zati batek, "Katalunia isilak", ordea, ez du bide hori gura. Alferrikakoa da bietako zein den nagusi eztabaidatzea. Kaleko indarra itzela da, bai. Baina demokrazian bideak araututa daude. Eta gehiengoek hauteskundeetan eta Parlamentuan dute benetan balio duen argazkia. Egun, honakoa da: erabakitzeko eskubidea, herri-galdeketa, eskatzen duten alderdiek 87 eserleku dituzte (Legebiltzarraren % 64,4); horren aurka daudenek, 48 (% 35,6).

Baina atzoko Diadan parte hartu zutenek, edo parte hartu zutenei ahotsa jarri zietenek, ez zuten Madrilera begiratu, Kataluniara baizik. Artur Masi azaroak 9an hautestontziak jartzeko galdegin zioten. Eta horrek presioa, Moncloara baino, Generalitateko Jauregira desbideratu du. Orain Artur Masek eta CiUk dute hitza. Kataluniako Parlamentuak herri-galdeketa arautuko duen legea onartuko du irailaren 19an. Galdera nagusia da noraino jarraituko duen hasitako bidea Masek.

Konstituzionalak herri-galdeketa debekatuz gero, Generalitateak debeku hori errespetatu baina hauteskundeak deitzen baditu, Parlamentu berriak izango du galdera horren erantzuna. Kataluniak bere etorkizuna erabaki dezakeen ala ez segur aski ez dugu legegintzaldi honetan ikusiko, hurrengoan baizik. Eta, orduan bai, Espainiak ezingo du gaia etengabe alboratu. Ezta Kataluniako alderdiek ere.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena