albisteak
Iruzkina
Iñigo Herce
- Bilbao -
Iñigo Urkullu lehendakari berriak erronka asko ditu aurretik, baina ondoko hauek bere lehentasunen artean izango dira.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari berriak testuinguru konplexu batean hartu du euskal Administrazioaren gidaritza, euskal gizartearen gehiengo zabala krisi ekonomikoan murgilduta dagoenean, hain zuzen ere. Erronka asko ditu aurretik, baina ondoko hauek bere lehentasunen artean izango dira:
1.- Bakarrik gobernatzea. EAJk bakarrik gobernatzea erabaki du, legeak eta neurriak aurrera ateratzeko akordio zabalak lortzeko apustuari eutsita. Erabaki arriskatua da, oposizioak hartzen duen jarreraren arabera, gobernua higatzeko arriskuan izango delako. Alabaina, ezin daiteke baztertu legegintzaldiak aurrera egin ahala EAJk babes egonkorragoak lortzea. Urkulluren bertuteetako bat diskrezioz jokatuta aliantzak lortzea da. Hori bai, lehendakari gogotik lan egin beharko du asteroko bozketetan sufritu nahi ez badu.
2.- Krisia eta langabezia. Administrazio publikoak 1.400 milioi euro gutxiago izango ditu datorren urterako eta oztopo hori gainditu beharko du lehendabizi. Hortik aurrera marjina txikiarekin jardun beharko du. 80ko hamarkadaren bukaerako krisi larria, besteak beste, Jaurlaritzak abian jarritako politika ekonomiko eta industrialari esker gainditu zen. Egungo testuingurua antzekoa edo larriagoa da zenbait esparrutan, eta Jaurlaritzak hartuko dituen erabaki estrukturalek enplegua sortzen eta euskal ekonomia suspertzen lagun dezakete.
3.- Murrizketak politika sozialekin. Urkulluk argi utzi du euskal Administrazioa murritzagoa eta doiagoa izango dela. Jaurlaritza berriak esfortzu handiak egin beharko ditu, berregituratze hori zerbitzu publiko oinarrizkoenak ukitu gabe egin ahal izateko. Zuzentasuna, jasangarritasuna eta elkartasuna elementu erabakigarriak izango dira garai honetan.
4.- Hitzarmen fiskala eta harmonizazioa. Patxi Lopezen Gobernuak ez zuen lortu hiru diputazioekin fiskalitateari buruzko akordio bat hitzartzea eta, Urkulluk atzo esan zuenarenaren arabera, datozen hilabeteetan gai horren harira kapitulu berriak ikusiko ditugu. Atzeraldi ekonomiko honetan, diru-sarrerak areagotzeko eta banaketa soziala egokiagoa izateko inteligentziaz eta elkartasunez jokatu beharko da. Kontuan hartuta Ogasun bakoitzean indar politiko ezberdin batek agintzen duela, afera konplexua eta delikatua izango du aurretik Urkulluk.
5.- AHT. Estatu espainiarreko diru-kutxaren egoera larria aintzat hartuta, Euskadin inoiz egin den obra publikorik handienaren gainean zalantzak piztu ditu. Ikusteko dago, hasiera batean esan bezala, Abiadura Handiko Trena 2016rako amaituta egongo den ala ez.
6.-Estatus politiko berria. Urkullurentzat legegintzaldi honetako lehentasunetako bat izango da. Oso zaila izango da akordio bat ixtea, indar politiko bakoitzak posizio ezberdin bat duelako. Gure hurbileko historiaren pasarte batzuk kontuan izanda, Urkulluren ekimen horrek hautsak harrotuko ditu. Dena dela, indarkeriaren amaierak orain arte itxita egon diren ateak irekitzea ekar dezake.
7.- Bakegintza eta normalizazioa. Gai hau euskal gizartearen lehentasunetatik desagertu egin dela badirudien arren, errealitateak erakutsi du indarkeriarena oraindik itxi gabe dagoen kapitulua dela. ETAren amaiera behin betikotzea eta horren ondorioak memorian, ordainean eta justizian konpontzea ezinbestekoa izango da. Eta gai honetan ere zorroztasunez jokatu beharko du adostasunak lortu ahal izateko.
8.- Egitura instituzionalaren azterketa. Urkulluk berak atera zuen gaia inbestidura saioan. Euskal instituzioen egitura hobetzea, bikoiztasunak saihestea eta euskal administrazioa modernizatzea betiko helburuak dira. Orain arte Lurralde Historikoen Legeaz hitz egitea “debekatuta” egon da, baina lehendakariak berak gaia mahai gainean jarri izanak agerian uzten etor daitekeena nondik nora joan den. 9.- Espainiako Gobernuarekin duen tentsioa apaltzea.
9.- Espainiako Gobernuarekin tentsioak kudeatu. Mariano Rajoy hartzen ari den neurri askok Espainiako Gobernuaren zentralizazioa indartu dute. Rajoy eta Urkullu ondo konpontzen dira maila pertsonalean, baina orain ikusteko dago zenbati gaietan muturrean dituzten jarrerak hurbiltzeko gaitasun bera duten. Wert Hezkuntza ministroaren erreforma proposamenak euskal hezkuntza sistemaren bizkarrezurra ukitu du, eta hain justu hori izan daiteke bi agintariek aurre egin beharko duten lehen afera.
10.- Gabonetako lansaria. Urkulluren Gobernuren lehen egitekoa izango da euskal funtzionarioen Gabonetako lansariaren aferari konponbidea ematea. Hartzen duen erabakia hartzen duela, garrantzitsua izango da hortik aurrerako ekinbideen norabidea ezarri baitezake.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa