Iñigo Cabacas
Laugarren urteurrena
Jesus Elordui | EiTB.EUS
EAEko fiskal nagusi Juan Calparsororen iritziz, ustekabea izango litzateke auzia artxibatuta izatea; fiskalak esan dio uste duela ez dutela instrukzioa zertan luzatu.
Artxiboko irudian, Iñigo Cabacasen familiakoak. Argazkia: EiTB.
Albisteak (5)
Informazio gehiago (1)
Iñigo Cabacasen familiakoen iritziz, auzia ez lukete artxibatu behar, eta, hortaz, aho-epaiketa egon beharko litzateke, Basauriko gaztearen heriotza argitzeko, berori hil zuen gomazko pilota nork jaurti zuen ez jakin arren. 2012ko apirilaren 5ean jazo zen dena Bilbon, Athletic-Schalke partidaren ostean, eta larunbat honetan dira lau urte Iñigo Cabacas hil zenetik; hori dela-eta, Radio Euskadiko 'Ganbara' saioan elkarrizketatu dituzte Manu Cabacas, Iñigoren aita, eta Oier Amorrortu, gaztearen lehengusua. Saio horretan bertan, Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak ere hitz egin du; Calparsorok esan du ustekabea izango litzatekeela auzia artxibatua izatea, "instrukzioa hain luzea izan dela kontuan izanik".
"Jaurtiketa nork egin zuen ez jakin arren, ez dute zertan auzia artxibatu", defendatu du Manu Cabacasek; bere ustez, hainbat errudun daude, ez bakarrik pilota bota zuen Ertzaintzako agenteak: "Ugartekok, berak eman zuen aginduarekin, bere burua kondenatu zuen, ez dugu ulertzen zergatik ez dagoen inputatuta. Guk eskatu dugu hainbat arduradun judizial eta politikok deklaratzea, baina Fiskaltzak ez du zantzurik ikusten; nik uste dut itsua dela", esan du Cabacasek.
Astelehen honetan ertzain batek deklaratuko du, eta Oier Amorrortuk, Iñigoren lehengusuak, nabarmendu du garrantzitsua izan daitekeela haren testigantza; izan ere, Iñigok inpaktua pairatu zuen tokian izan zen: "Ertzain horrek esan zuen ez zegoela istilurik; hala bada, zergatik agindu hori, sartzekoa?", galdetu du. Amorrortuk azpimarratu du instrukzio-epea oso luzea ari dela izaten: "Aho-epaiketa abiatzeko arrazoiak daude, baina, hainbeste luzatu denez, zalantzak ditugu", azaldu du, epaileak jakinarazi behar duen erabakiaz gogoeta eginda.
Ez dute baztertzen Europara jotzea
Hala, familiak ez du baztertzen Europara jotzea: "Ahalik eta lasterren amaitu nahi dugu hau, ez dugu Bruselara jotzeko asmorik, baina, beharrezkoa bada, egingo dugu", zehaztu dute 2012an hil zen gaztearen aitak eta lehengusuak.
Amorrortuk adierazi du nola familiak ez duen nabaritzen Eusko Jaurlaritzaren eta epaitegiaren babesa: "Fiskaltza ez da ikerketa bultzatzen ari. Epaileak froga jakin bat eskatu zuen, eta Segurtasun Sailak, hasieran, ez zion eman, berriro eskatu behar izan zuen. Eusko Jaurlaritza Saila ari da babesten, ez herritarrak", esan du. Manu Cabacas ere ados dago: "Andoni Ortuzar EAJko presidenteak esan zuen Aberri Egunean agintari onek herrien eskubideak alderdietako interesen aurretik jartzen dituztela; beraz, Madrili eskatzen dionari ezetz ari zaio esaten hemen, Euskadin".
Juan Calparsorok, aldiz, zehaztu du fiskalak esan diola ez dutela zertan instrukzioa luzatu (berez, 2016ko ekainaren 7an amaitzekoa da instrukzioa). EAEko fiskal nagusiak, halaber, berretsi du ikerketa ez dela amaitzen Iñigo Cabacas hil zuen pilota nork jaurti zuen ez jakin arren: "Beste ardura batzuk egon litezke, agindu eta parte hartu duten zenbait agintari; hori bai, ezin zaio epaiketarik egin inori instrukzioan inputatu ez bazaio", azaldu du.
Calparsorok espero du familiak Europara jo ez behar izatea, eta esan du garrantzitsua izan litekeela, ildo horretan, Berme Auzitegia: "Hainbat oinarrizko eskubide daude, epaitegiak eta Fiskaltzak bermatzen dituztenak, eta espero du hala izatea". Fiskal nagusiak, gainera, esan du ez duela presio politikorik jaso, eta adierazi du ez duela uste epaileak jaso izana edo jasotzea.
Asteburu honetan, gogorarazteko eta omentzeko ekitaldiak
Oier Amorrortuk gogorarazi du larunbat honetan, 12:30ean, ekitaldi bat egingo dutela gazteak jaurtiketa jaso zuen tokian, Bilboko Kirruli tabernaren ondoan; halaber, igandean, 17:30ean, Athletic-Rayo partida hasi aurretik, manifestazio bat irtengo da Bizkaiko hiriburuko Justizia Jauregitik.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa