Iñigo Cabacas
Bigarren urteurrena
Erredakzioa
Iñigo Cabacasen senide eta lagunek lore eskaintza egin diote goizean Maria Diaz de Haro kalean.
Albisteak (4)
"Iñigo gogoan" plataformak deituta, manifestazioa egin dute larunbat honetan Bilbon, Iñigo Cabacas oroitzeko eta Basauriko gaztearentzat justizia eskatzeko. Athleticeko jarraitzaile gaztea 2012ko apirilaren 9an hil zen, Ertzaintzak botatako pilotakada bat jaso eta lau egunera.
Manifestazioa Jesusen Bihotza plazan hasi da eta Bilboko kaleak zeharkatu ondoren, Arriaga plazan amaitu da. Manifestazioan "Bortizkeria-Inpunitatea Stop", "Zer ezkutatu nahi duzue?" eta "Bi urte erantzunik gabe" idatzita zituzten pankartak eraman dituzte.
Koldo Gutierrez "Iñigo gogoan" plataformako kideak justizia eskatu du, eta "bi urte geroago, gertaturikoa argitzeko" aldarrikatu du. Prozesu judiziala geldoa izatea eta Eusko Legebiltzarraren ikerketa batzordea ixtea gaitzetsi ditu. "Izapideak azkartzeko eta errudunak azaleratzeko eskatzen dugu", gaineratu du.
Manifestazioa ez ezik, omenaldia ere izan da. Iñigo Cabacasen gurasoek eta lagunek duela bi urte Ertzaintzaren pilotakada bat jaso eta larri zaurituta erori zen tokian bertan omendu dute Athleticeko jarraitzaile gaztea. Basauriko gaztea pilotakada jaso eta lau egunera hil zen ospitalean.
Goizean ere beste omenaldi bat egin diote Bilboko Maria Diaz de Haro kalean Iñigoren senide eta lagunek. Lore eskaintza egin, eta ondorengo ekitaldian dantzariek eta bertsolariek parte hartu dute. Manuel Cabacas hildakoaren aitak ere hitza hartu du.
Hodei Egiluzen desagerpena argitzeko hartu duen “jarrera bera” izateko eskatu dio Iñigo Cabacasen aitak Eusko Jaurlaritzari. Halaber, "ausardia izan" eta Iñigo Cabacasen heriotzaren nondik norakoak argitzeko eskatu dio, "aurreko Gobernuak ez zuen egin eta".
Bestalde, Cabacasen lagunek eskutitz bat irakurri dute. Inoiz ez dutela ahaztuko nabarmendu dute eta bere heriotza argitzeko konpromisoa hartu dute.
"Geu ere, semea bezala, hilda gaude"
"Geu ere, semea bezala, hilda gaude", adierazi du Manuel Cabacasek Radio Euskadi irratian. Athleticeko jarraitzaile gaztearen aita 'Ganbara' saioan elkarrizketatu dute. Cabacas hil zutenetik bi urte bete dira larunbat honetan.
"Esnatu eta guztia amesgaiztoa izan dela iruditzen zait, eta semea albora itzuliko dela ", azaldu du. "Oso gaizki gaude, ni eta emaztea tratamendu psikiatrikoa eta psikologikoa jasotzen ari gara", erantsi du.
Cabacasen aitak gogor kritikatu ditu politikariak eta erakundeak. "Erakundeek eta politikariek huts egin didate, hasieratik gaurdaino; ez bakarrik huts egin, engainatu egin naute, oso minduta nago", adierazi du. Manuel Cabacasek familiaren jarrera goraipatu du, eta "eredugarria" izan dela gaineratu du.
Aitaren hitzetan, senideek ez dute auzia politizatu nahi. "Hitzik ez egitea zaila da, baina senideek eta abokatuak ez dugu gaia politizatu nahi. Hala eskatu genuen hasieratik ", azaldu du. "Politika egin nahi izango bagenu, Pilar Urbanok erregeari buruzko liburua idazteko dituenak baino argudio gehiago ditugu", gaineratu du.
Azkenik, Manuel Cabacasek prozesu judiziala baloratu du. "Epaileak borondate ona duela uste dut, baina borondate onarekin ez da nahikoa, inputatzeko ausardia behar da", esan du. "Gaia konplexua da, eta epailearentzako lan handia da; aurrera egiten bultzatu behar dugu", erantsi du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa