Aita santua aukeraketa 2013: Jorge Mario Bergoglio, Frantzizko aita santua | EITB Aita santua aukeraketa

Frantzisko aita santua

20:46

Frantzisko aita santua

Aulkia, hutsik

Kardinalak konklabea prestatzen hasi dira

Erredakzioa

Kardinalen Kongregazioa lehen aldiz batzartu da, aita santua aukeratzeko prozesua martxan jartzeko.

1:29
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Kardinalen kongregazioak lehen bilerak egingo ditu gaur, Aulki Hutsa (aita santu batek zereginari uko egiten dionetik edo hil egiten denetik ondorengoa hautatu arte igarotzen den aldia) hasi eta lau egunera, hurrengo pontifizea aukeratzeko konklabea prestatzeko. Oraingoz, ez dago hautagai argirik aita santu izateko.

2005. urteko konklabean, hasiera-hasieratik izan zen faborito Joseph Ratzinger (Benedikto XVI.a bihurtu zena), Carlo Maria Martini kardinalarekin batera. Hurrengorako (martxoaren 11n has liteke), baina, Kardinalen Kolegioan zatiketa handia dagoela uste dute Vatikanoko gaietan aditu direnek.

Erromako kuriako sektore boteretsuenak (italiarrak, estatubatuarrak eta latinoak) ere zatituta daude, eta oraingoz ez dute nor babestu.

Gainera, 'Vatileaks' auzian azaleratutako eskandaluak kaltegarriak izan litekezke sektore italiarrarentzat, ustelkeria auzi gehienen protagonistak herrialde horretako kardinalak izan baitira.

Vatileaks auziaren ikerketa hiru kardinalek egin zuten, eta edukia eurek eta Benedikto XVI.ak baino ez dute ezagutzen (aita santu emerituak bere ondorengoari emango dio txostena).

Dena dela, gerta liteke kongregazioetan hiru kardinal horiek hainbat datu jakinaraztea gainerako kardinalei. Horren aurrean, hiru purpuradunek jakin egingo dutela nola jokatu esan du Federico Lombardi Vatikanoaren bozeramaileak.

207 kardinaletatik, 117 dira hautesle (80 urte baino gutxiago dutenak), baina bik uko egin diote konklabean parte hartzeari: Julius Darmaatmadja indonesiarra, gaixo dagoelako, eta Keith O'Brien britainiarra, "jokaera lizuna" izateagatik kargua utzi duelako. Litekeena da 80 urtetik gorako beste hainbat kardinalek ere, osasun arazoak tarteko, lehen bilera horietan ez parte hartzea.

Asteburu honetan, dagoeneko Erroman dauden kardinalek lehen hartu-emanak izan dituzte, hurrengo aita santuaren profila diseinatzeko. Gehienak ados daude: 'gaztea' izan behar du (60-70 urte artekoa).

Hori horrela, hautagai nagusiak hauek izan litezke: Angelo Scola Milango artzapezpiku eta Kardinalen Kongregazioaren burua (71 urte), Gianfranco Ravasi Vatikanoaren Kultura 'ministroa' (70 urte), Marc Ouellet kanadarra (69 urte) eta Odilio Pedro Scherer brasildarra (63 urte).

12 kardinal falta dira

Botoa emateko eskubidea duten 12 kardinal, besteak beste, Antonio Maria Rouco Varela Madrilgo artzapezpikua, ez dira oraindik Erromara heldu Konklabean parte hartzeko. Falta diren kardinalak arratsaldean eta datozen egunetan helduko dira.

Kardinalen aurreneko kongregazioa 09:30ean hasi eta 12:30ean amaitu da. Bileraren lehen zatian 142 kardinalek zin egin dute. Konklabea prestatzeko kongregazioa 207 kidek osatu behar dute. Falta diren kardinalek heltzen direnean zin egingo dute.

Aulki Hutsa deritzon aldian Eliza Katolikoa buruzagirik gabe gelditzen da, eta tarte horretan Tarcisio Bertone kardinalak eta Kardinalen Kolegioa arduratuko dira Vatikanoa zuzentzeaz.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena