Aita santua aukeraketa 2013: Jorge Mario Bergoglio, Frantzizko aita santua | EITB Aita santua aukeraketa
Frantzisko aita santua
Hasi egin da Aulki Hutsa
Erredakzioa
Kardinalak astelehenean batzartuko dira, eta ordutik aurrera jakin ahal izango da noiz hasiko duten konklabea.
Tarcisio Bertone kardinal kamarlengoa, aita santuaren apartamentua ixten. EFE/Osservatore Romano
Albisteak (3)
Bideoak (3)
Kardinalen kongregazioa astelehenean batzartuko da lehen aldiz, Benedikto XVI.aren ondorengoa aukeratzeko konklabea prestatzen hasteko, Vatikanoak iragarri duenez.
Benedikto XVI.ak atzoko 20:00etan utzi zion aita santu izateari, aita santu emeritu izateko. Ordu horretan, Aulki Hutsa deritzon aldia hasi zen, hau da, aita santu batek zereginari uko egiten dionetik edo hil egiten denetik ondorengoa hautatu arte igarotzen den epea.
Gaur bertan, Angelo Sodano kardinal deanak gainerako kardinalak deituko ditu, kongregazioetan parte har dezaten.
Kardinalek lehen batzarra egin eta gero jakin ahal izango da konklabea-ren data, Federico Lombardi Vatikanoaren bozeramaileak azaldu duenez.
Zuzenbide kanonikoaren arabera, konklabea Aulki Hutsa hasi eta 15-20 egunera abiatu behar da, baina Benedikto XVI.ak motu propio bat publikatu zuen, kardinalen bilera aurreratzeko baimena emateko. Izan ere, Vatikanoak ez du aita santu gabe iritsi nahi Aste Santura.
Aulki Hutsa
Aulkiak hutsik dirauen bitartean, Eliza unibertsala buru gabe dago, eta kamarlengoak (Tarcisio Bertone kardinala) eta Kardinalen Kolegioak zuzentzen dute Vatikanoa. Konklabea prestatzea da horien eginkizun nagusia.
Lehen kongregazioetan, kardinalek Konstituzio Apostolikoaren zina egin behar dute, eta sekretua promestu. Sodano kardinalak Universi Domini Gregis konstituzioaren pasarte batzuk irakurriko ditu, eta gainerako kardinalek "Promestu egiten dut, nire burua behartzen dut eta zin egiten dut" esango dute, eskua ebanjelioetan jarrita.
Bileretako batean, kardinalek Santa Martaren egoitzako (konklabeak irauten duen bitartean lo egingo duten lekua) gelak nola banatu eta Kapera Sixtinoa nola prestatu erabakiko dute, besteak beste.
Atzo, 20:00etan, Erromako kuriako buru guztiek karguak utzi zituzten. Salbuespenak? Kamarlengoa, penitentzialari nagusia, Erromako diozesiaren bikario nagusia eta Vatikanoaren basilikako artzapeza.
(Benedikto XVI.a 17:00etan joan zen Vatikanotik, helikopteroz, Castel Gandolfora. EFE)
Konklabea bukatu arte, Santa Martaren egoitza guztiz itxita izango da, eta kardinalak isolatuta izango dira, hots, ezingo dira kanpoaldearekin harremanetan jarri, ezingo dute eskutitzik hartu, ez eta telefonoz edo Internetez hitz egin.
Aita santua kardinal hautesleek aukeratuko dute (Aulki Hutsa hasi baino lehen 80 urte baino gutxiago zutenak). Halaber, gehienez 120 hautesle izan behar dira.
Aurtengo konklabean, 115 kardinal hauteslek hautatuko dute hurrengo aita santua. Erdiak Benedikto XVI.ak izendatu ditu.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa