Krisi Ekonomikoa 2020
Bilera Lehendakaritzan
Erredakzioa
Lehendakaria 15 euskal enpresako buruak hartu ditu Lehendakaritzan. Halaber, Arantza Tapia Ekonomia sailburuak ere parte hartu du.
Informazio gehiago (1)
Iñigo Urkullu lehendakariak 15 euskal enpresetako arduradunak hartu ditu astelehen honetan, Eusko Jaurlaritzak proposatutako nazioartekotze estrategia azaltzeko.
Bilera Gasteizen izan da, Lehendakaritzan, eta Jaurlaritzak aurreratu duenez, hainbat alorreko enpresariak izan dira bertan, tartean, Aernnova, Grupo Arteche, Etxetar, CAF, CIE, Gamesa, Gestamp, Iberdrola, Idom, Ingenteam, ITP, Grupo Mondragon, Sener, Tubacex eta Velatia enpresetako arduradunak.
Halaber, Arantza Tapia Ekonomia Garapenarako eta Lehiakortasunerako sailburuak ere parte hartu du. Bilera amaitu ostean, Tapiak horren emaitzaren berri emango die komunikabideri.
Eusko Jaurlaritzak enpresen nazioartekotze estrategia "berrantolatzeko" asmoa zuela iragarri zuen sailburuak joan den otsailean. Proposamen horrek azpiegiturei etekin handiagoa ateratzea eta enpresen eraginkortasuna hobetzea ditu helburu, erakunde publikoen koordinazioak, merkataritza ganberek, 'cluster'ek eta gainerako eragilek lagunduta.
Euskadi berritzea
Apirilaren 19an, lehendakariak iragarri zuenez, Eusko Jaurlaritzak 1.000 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu Euskadi berritzeko asmoarekin. Lehendakariaren esanetan, Euskadik ez du "amore ematen ezta gelditzen ere krisialdiaren aurrean"; inbertsioak "lehen bai lehen" atzeralditik ateratzea eta "hazkunde, garapen eta ongizate bide berriak bilatu eta topatzea" du helburu.
Ostegunean edo ostiralean, alderdiekin
Iñigo Urkullu lehendakariak ostegunerako edo ostiralerako deituko ditu Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiak, egungo krisi egoeraren aurrean egonkortasun akordioak lortzeko asmoz. Asteazkenean jada, Jaurlaritza Aldundiekin eta Eudelekin bildu zen.
Oinarrizko gaietan "akordio handiak" proposatuko ditu lehendakariak Lehendakaritzako iturrien arabera, besteak beste, zerga erreforman, iruzurraren aurkako borrokan, erakunde sarean eta zerbitzu publikoetan.
Gatzagaetxebarria eta Ogasun diputatuak
Bestalde, astelehenean Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburua Ogasun diputatuekin bilduko da asteazkeneko bileran mahaigaineratutako "gai teknikoak" aztertzeko.
Iturrien arabera, defizitaren helburua malgutuko dela berresten bada, lurralde bakoitzak izan ditzakeen kopuruak aztertuko dira eta Aldundi bakoitzak baliabide osagarri horiekin zein proiekturi emango dion lehentasuna eztabaidatuko dute.
Iruzkinak
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa