08:03

Krisi Ekonomikoa 2020

2013. urterako aurrekontuak

Aurrekontuak luzatzearen ondorioak

D.P.

Jaurlaritzak paradoxa bat kudeatu beharko du: 2012. urteko Aurrekontuekin egingo du lan, baina 1.200 milioi euro gutxiago izanda.

  • Iñigo Urkullu lehendakaria (eskuinean), Josu Erkoreka bozeramailarekin. EFE

    Iñigo Urkullu lehendakaria (eskuinean), Josu Erkoreka bozeramailarekin. EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzak 2013. urterako aurrekontu proiektua baztertu, eta 2012. urteko kontuak luzatzea erabaki du, oposizioko taldeen babes faltaren aurrean.

Horrek, baina, paradoxa bat ekarri du: Iñigo Urkullu lehendakariaren Gobernuak iazko aurrekontuak kudeatu beharko ditu, baina diru-kutxan 1.200 milioi euro gutxiago izanda. Zer ondorio izango ditu egoera horrek? Aurrez ikusitakoa baino gehiago gastatu al dezake orain Jaurlaritzak? Zer-nolako askatasun maila izango du iazko Aurrekontuetan aldaketak egiteko?

Maria Carmen Gallastegui Zulaica Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Teoria Ekonomiko katedradunak azaldu duenez, Jaurlaritzak 2012. urteko Aurrekontu osoa ez gauzatzea erabaki beharko du, aurten diru gutxiago duelako.

"Demagun Jaurlaritzak % 15eko murrizketa egin nahi zuela aurten, arlo batean. Orain, murrizketa hori egiteko modu bakarra gastua guztiz ez gauzatzea da", erantsi du.

Katedradunaren esanetan, Urkulluren Gobernuak iazko aurrekontuetan aurrez ikusita ez zeuden gastuak egiteko tartea izango du: "2012. urteko Aurrekontuen bigarren atalean, adibidez, gastu guztiak ez zeuden zehaztuta. Horrenbestez, aurten nahi bezala erabili ahalko ditu Gobernuak".

Horren ildotik, Administrazioan aurrekontuen arloan erantzukizunak izan zituen goi-kargudun ohi batek argitu duenez, Jaurlaritzak "egokitzapenak" egin beharko ditu, "kreditu transferentzien eta birbanaketen bidez", eta hainbat proiektu "ez gauzatzea" erabakita. "Garbi dagoena zera da, ezin dela dagoena baino gehiago gastatu", ohartarazi du.

Dena dela, gastuaren birbanaketa hori ezin dela nolanahi egin zehaztu du: "gastua antolatzeko irizpideak legeek ezartzen dituzte. Ez dago gastua nahi bezala antolatzerik, eta muga horiekin jokatu beharko du Jaurlaritzak. Gauza batzuk egin ahal izango ditu, eta beste batzuk, ez".

Diru-sarreren arloari dagokionez, "Finantzen Euskal Kontseiluak 2013. urterako aurrez ikusitako kopuruetara egokitu" beharko dela esan du; "beraz, diru-sarrera gutxiago egongo da".

Bi adituak ados daude, iazko aurrekontuak luzatzea ez da ona.

EHUko katedradunaren hitzetan, "Gobernua herritarrek hautatu zuten hauteslekuetan, eta ezin izango du egin egoera kritiko honetan egin nahi zuena. Aurrekontuak luzatzea ez da hondamendia, baina ez da batere ona".

Goi-kargudun ohia iritzi berekoa da, iazko kontuak luzatzeak Jaurlaritzaren ekintza "mantsotzea eta mugatzea" ekarriko duelako. "Hori ez da ona inoiz, eta are gutxiago egun bizi dugun egoera sozio-ekonomikoan, erantzun gaitasun handia eskatzen duten erronkei eta arazoei aurre egiteko", gaineratu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena