09:45

Krisi Ekonomikoa 2020

Ministro Kontseilua

Langabezia saria jasotzeko zailtasun gehiago, 55 urtetik gorakoentzat

Erredakzioa

Erretiro adina izan aurretik jubilatu nahi duenak gutxienez 35 urte kotizatuta izan beharko ditu. Halaber, pentsioa kobratzea eta lana egitea uztartu ahal izango dira.

1:05
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako Gobernuak pentsio sistemaren erreforma onartu du ostiral honetan Ministro Kontseiluan, Gizarte Segurantzaren iraunkortasuna bermatzeko eta langileen lan-bizitza luzatzeko. Hori dela eta, aurre-jubilatzeko eta erretiro partziala hartzeko baldintzak gogortu ditu. Halaber, 55 urtetik gorako langabeek langabezia saria eskatzeko zailtasun handiagoak izango dituzte.

Aurrerantzean 55 urtetik gorakoei langabezia saria ematerakoan, familiaren errenta hartuko da kontuan eta ez eskatu duenaren errenta, esaterako. Hala, familiaren errentak lanbidearteko gutxieneko soldataren (641,30 euro) % 75 baino gutxiagokoa izan beharko du.

Enplegu politika aktiboak garatzerakoan 55 urtetik gorakoek izango dute lehentasuna Lan Ministerioak azaldu duenez. Neurri berri horrek ez du eraginik izango gaur egun langabezia saria jasotzen ari diren horiengan; aurrerantzean eskatzen dutenei aplikatuko zaie neurri berria.

Aurre-jubilazioa eta erretiro partziala

Borondatezko aurre-erretiroa hartzeko gutxienez 35 urte kotizatuta izan beharko ditu langileak, eta aurre-erretiro behartua edota erretiro partziala hartzeko, 33 urte.

Erregimen guztietako langileek hartu ahal izango dute borondatezko erretiroa, baldin eta jasoko duen pentsioa 65 urte betetzean kobratuko lukeen gutxieneko kopurua baino handiagoa bada. Halaber, gutxienez 63 urte eta hilabete izan beharko ditu eskatzaileak borondatezko aurre-erretiroa eskatzeko. Urtetik urtera atzeratu egingo da eskatzeko adina, eta 2027an 65 urte beharko dira horretarako; izan ere, orduan 67 urtean ezarriko da erretiro adina.

Erretiroa hartzeko legezko adina baino lau urte lehenago hartu ahal izango dute aurre-jubilazio behartua. Urtetik urtera atzeratu egingo da adina, eta 2027an 63 urte beharko dira eskaria egiteko.

Erretiro partziala hartu nahi duenak gutxienez 33 urte kotizatuta izan beharko ditu kotizatuta, orain arte baino 3 urte gehiago. Halaber, gutxienez sei hilabete lehenago lana bilatzeko bulego batean izena eman izana eskatuko zaio.

Lana eta pentsioa uztartu daitezke

Legearen berritasuneko bat da aurrerantzean pentsioa eta lana uztartu ahal izango direla, izan lanaldi osoko lana edota lanaldi erdia. "Pentsiodun aktiboa" deitu dio Espainiako Gobernuak lana egin eta pentsioa jasoko duen horri.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena