Krisi Ekonomikoa 2020
Saio monografikoa
Erredakzioa
Jaurlaritzaren helburuak enpresei lanpostuak sortzen eta langabeei lana topatzen laguntzea eta lan harremanen esparru egonkorra lortzea izango dira.
EH Bilduren legebiltzarkideak, murrizketen aurkako kamisetekin. EITB
Juan Mari Aburto Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak iragarri duenez, enplegua sustatzeko Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den plana "azken fasean" dago, eta gaur Legebiltzarrak onartzen dituen proposamenetako batzuk jasoko ditu.
Aburtok enpleguari buruzko saio monografikoan azaldu duenez, Gasteizko Gobernuak atzeratu egin du planaren aurkezpena, talde parlamentarioen proposamenak "kontuan hartzeko".
Dena dela, planaren oinarri nagusiak hauek izango direla zehaztu du: enpresei lanpostuak sortzen eta langabeei lana topatzen laguntzea eta lan harremanen esparru egonkorra lortzea.
Sailburuaren esanetan, enpresek "enplegu nahikoa sortzeko ahalmena dute", sektore publikoak ezin baititu "langabe guztiak bereganatu", aurrekontuak ez baitira "nahikoak". Horrenbestez, diru publikoarekin ekimen pribatua sustatzearen alde egin du.
EAJk Aurrekontuak babestea eskatu dio oposizioari
Amaia Arregi EAJko legebiltzarkideak azaldu duenez, Jaurlaritza prestatzen ari den planak "epe laburrean" emango ditu fruituak, baina, hala ere, Aurrekontuak babestea eskatu dio oposizioari, neurrion finantziazioa bermatzeko.
Arregik Eusko Legebiltzarrean egin ditu adierazpenok, ekonomia hazteko neurriei eta langabeziaren aurkako borrokari buruzko saio monografikoan.
Bere hitzaldian, legebiltzarkide jeltzaleak Iñigo Urkullu lehendakariaren Gobernuaren helburu behinena langabeziaren aurkako borroka dela esan du, baina ez du zehaztu noiz aurkeztuko duen plana Jaurlaritzak.
Planaren ardatzak enplegu soziala sustatzeko funts baten sorrera, autoenplegu politikak, etxebizitzak zaharberrituz enplegua sortzea eta enpresa txikien eta ertainen eta autonomoen aldeko neurriak izango dira.
Halaber, erakundeen artean funts bat sortzea proposatu du Arregik, epe luzeko langabeak eta bazterketa arriskuan dauden pertsonak kontratatzea helburu.
EH Bilduk lanastea murriztea proposatu du
Saioan, EH Bilduk lanastea murriztea proposatu du, enplegua "banatzeko" eta lana eta bizitza pribatua bateragarri izan daitezen. Hori horrela, kritikatu egin du Jaurlaritzak funtzionarioen lanaldia luzatu izana.
Belen Arrondo legebiltzarkide abertzaleak berretsi duenez, enpleguaren banaketak "bidezkoagoa" izan behar du, langabeziaren arazoari aurre egiteko, eta, horren ildotik, Euskadik lan harremanen esparru propioa izan beharko lukeela iritzi dio.
Beste hainbat neurriren artean, inbertsio funts bat sortzea eta Gipuzkoako Aldundiak onartutako erreforma fiskalaren bideari jarraitzea proposatu du.
PSEk lan itunetik kanpo dauden enpresei laguntzak ukatzea eskatu du
Patxi Lopez PSE-EEko legebiltzarkide eta idazkari nagusiak sektoreko lan hitzarmenetik kanpo dauden enpresei onura fiskalak eta diru-laguntza publikoak ukatzea proposatu du.
Buruzagi sozialistaren esanetan, Gasteizko Ganberak eta Jaurlaritzak "eragile aktiboak" izan behar dute krisiaren aurrean, eta Iñigo Urkullu lehendakariaren Gobernuari "gobernatzen hasteko" deia egin dio.
Lopezek Jaurlaritzaren, aldundien eta udalen artean enplegua sustatzeko plan bateratu bat adostea proposatu du, "lan merkatuan sartzea zailago duten sektoreetan enplegua sortzeko".
PP, lan erreformaren alde
Bestalde, Arantza Quiroga PPren bozeramaileak "lehenbailehen" enplegu plan bat aurkeztea eskatu dio Jaurlaritzari. Buruzagi popularrak bere alderdiaren "leialtasuna" eskaini dio lehendakariari, lanpostuak sortzeko neurriak onartzeko.
Dena dela, Gobernuko kideak "noraezean" daudela eta "proposamen zehatzik" ez dutela kritikatu du.
Bere hitzaldiaren zati gehienean, Quirogak Espainiako Gobernuak onartutako lan erreformaren alde egin du, eta gogor egin du PSE-EEren aurreko Eusko Jaurlaritzaren aurka, horren enplegu politikak "porrot" egin zuela argudiatuta.
UPyDk kontratu mugagabeak orokortzea proposatu du
Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak aldi baterako kontratuak ezabatzea proposatu du, ordezkapenetarako eta "benetan justifikatuta dauden kasuetarako" izan ezik, eta, horren ordez, kontratu mugagabeak "orokortzea" eskatu du.
Halaber, kaleratzeen kalte-ordainak antzinatasunaren arabera igotzea ere proposatu du, langileak babesteko.
Maneirok ordutegi "zentzuzkoak" izatea eta Europako gainerako herrialdeekin parekatzea mahaigaineratu du, lana eta bizitza pribatua bateragarri izan daitezen.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa