19:21

Fagor

Fagorren etorkizuna

Fagor irailean berriro ireki daitekeela uste du Tapiak

Erredakzioa

Sailburuak adierazi du epaileak hil honetan erabaki dezakeela nork hartuko duen Fagor. Gipuzkoak enplegua mantentzearen alde egin du; Bizkaiak Edesarentzat edozein erabakik ez duela balio esan du.

1:21
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasuneko sailburuak jakinarazi du konkurtsoko epaileak hil honetan erabaki dezakeela Fagor Etxetresnak nork hartuko duen, eta horrela, enpresak nazioarteko merkatuan zuen postua berreskuratu ahal izango duela irailetik aurrera.

Hedabideen aurrean Tapiak adierazi duenez, atzotik ezagunak dira Fagorren konkurtsora aurkeztutako bi eskaintzak, Catarena eta Cevitalena, alegia, eta hil honetan epaileak erabakia hartzea espero duela esan du.

Sailburuak ez du azken asteetan Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak defendatutako eta Ecomac talde txiletarrak proposatutako Basauriko Edesa lantegiaren irekierari buruz hitz egin.

Tapiak onartu du Fagor Etxetresnak marka "kaltetuta" dagoela 2013ko urrian hartzekodunen konkurtsoan sartu zenetik, baina konpainiak "lanari ekin eta munduan zuen lekua" berreskuratzearen alde agertu da.

"Lehentasunezkoa da: epeak bete eta enpresak bideragarritasuna lortuta, irailean, urrian edo ahalik eta lasterren lanari ekitea" azpimarratu du.

Konkurtsoan parte hartu duten enpresei euren lana eskertu die, "proiektu industriala lortzeko eta enplegua mantentzeko egindako esfortzu bikoitza" dela eta, eta aurkeztutako eskaintzak "altuak" izan direla aitortu du.

Sailburuak berretsi duenez, Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna "etorkizunari begira EAEko industria aktibitatea" mantentzea da.

"Aukera guztiak buruz gora daudenez, konkurtsoko administratzaileek esfortzua egin behar dute eskaintza guztiak modu egokian baloratzeko", gehitu du.

"Epaileak mahai gainean dituen epeak betetzea espero dugu, eta horrela, bi enpresetako batek Fagor eskuratzea uztaila amaitu aurretik", zehaztu du.

Gipuzkoak lanpostuak mantentzearen alde egin du

Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi du lehentasuna lanpostuak mantentzea eta Fagorren kalitatezko enplegua sortzea dela, Catak eta Cevitalek aurkeztutako eskaintzen harira.

Adierazpen baten bitartez, aldundi gipuzkoarrak azpimarratu du bere hiru lehentasunak "lanpostuak mantentzea, kalitatezko enplegu egonkorra bermatzea eta enpresaren erabaki organoak, ahal den neurrian, Euskal Herrian mantentzea" direla. "Hiru oinarri horiek ongien batzen dituen eskaintza izango da Fagorrentzat, Debagoienarentzat eta Gipuzkoarentzat onena", gehitu du.

Bilduren foru Gobernuak gogorarazi du Fagorrek "ahalik eta irteera onena" izan dezan lanean ari dela, eta behar hori "diskrezioz" ari dela burutzen. "Ez dugu itxaropen faltsurik sortu nahi, ezta hedabideetan titularrak lortu nahi ere".

"Seriotasunez eta erantzukizunez ari gara lanean Fagorreko kooperatibisten, langileen eta Debagoienako industriaren alde. Horixe izan da orain arte egin dugun bidea, eta halaxe izango da etorkizunean ere", gehitu du.

Bilbaok esan du Edesarentzat  ez duela "edozein erabakik balio"

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak adierazi du bere aldundiari ez diola Basauriko Edesa lantegiaren inguruko "edozein erabakik balio", eta azken erabakiak horren desagerpena ekartzen badu, "norbaitek gizarteari eta familiei itxieraren zergatia" azaldu beharko diela gogorarazi du.

Bilbaok gehitu du Aldundian ez direla "neutralak", eta nahi duten "bakarra" "Edesa berriro irekitzea, martxan jartzea eta jendea lanean hastea" dela.

"Hori guretzat plan ona da, Bizkaiko Aldundiak, langileek eta instituzio bizkaitarrek babesten duten plana, eta Edesa berriro martxan jartzeko hiru milioiko berme linea martxan jartzeko konpromisoa dugu", azpimarratu du.

Ahaldun nagusiak zehaztu du Aldundia Edesako langileekin eta Basauriko lantegiko produkzioarekin dagoela, eta "Edesaren irekierak molestatu edo ondoeza eragiten dieten jendea" egon daitekeela uste du. "Basauriko lantegia irekitzeak lehiakortasun arazoak ekar diezaioke norbaiti".

Nori buruz hitz egiten duen galdetuta, "erraza" dela adierazi du, Fagor Etxetresnaken inguruan eskaintzak egin dituzten bi enpresek "Edesa itxi" nahi dutela eta Ecomacek soilik egin duela haren alde azalduz. "Oso argi dago nork itxi nahi duen Edesa", gehitu du.

Bilbaok esan du, haren ustez, "eskaintzarik onena Edesa berriro irekitzea eta ehunka familiarentzat lana" dakarrena dela.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena