Fagor
Gaur bukatuko da epea
Erredakzioa
Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburuaren esanetan, posible da beste eskaintza bat jasotzea, eta Cevitalek, Catak eta gaur Txileko talde batek egindakoei gehitzea.
Albisteak (5)
Informazio gehiago (1)
Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburuak jakinarazi duenez, gaurko eguna bukatu baino lehen, administratzaileek laugarren eskaintza bat jaso dezakete Fagor Etxetresnak eskuratzeko: Cevitalek, Catak eta gaur Txileko talde batek Edesaren aktiboak bereganatzeko egindako eskaintzak daude, oraingoz, mahai gainean.
Gainera, sailburuak Ser irratian esan duenaren arabera, Kataluniako eta Aljeriako taldeek egindako proposamenak aldatzea ere gerta liteke, gaurko 24:00ak arteko epea baitute aldaketak egiteko.
Sailburuak esandakoaren arabera, orain arteko eskaintzez gain, "proposamen bat egiteko bermea gauzatu duen beste enpresa bat, gutxienez" badago.
Hori dela eta, "baliteke igande honetan, 24:00ak arte, gutxienez beste eskaintza bat izatea". Gainera, sailburuaren esanetan, gerta liteke "Cevitalek edo Catak egindako eskaintzak moldatzea".
Epea agortu ostean, uztailaren 29a baino lehen epaitegiek erabakiren bat hartzea espero da.
Eskaintza berria Txiletik
Txileko funts batek eskaintza berri bat aurkeztu du gaur, Donostiako Merkataritza Epaitegian, Edesaren aktiboak bereganatzeko.
Enpresaren inguruko iturriek Europa Pressi baieztatu diotenez, eskaintza zazpi milioi eurokoa da, eta 100 lanpostu bermatuko lituzke (230 lanpostuetatik).
CNAk egindako eskaintza
CNA Kataluniako taldeak, Cata Etxetresnak markaren bitartez, Fagor Etxetresnengatik egindako eskaintza hobetu zuen ekainaren 26an. Zehazki, eskaintza loteslea erregistratu zuen, eta, 16,2 milioi eurorekin batera, 1.397 enplegu bermatzea ere eskaini du (zuzenekoak eta zeharkakoak), tartean zuzeneko 500 lanpostu.
Apirilean, 16 milioi euro ordaindu eta 500 lanpostu sortzeko konpromisoa aurkeztu zuen.
Orain, 16 milioi euroei eusten die Catak, baina goiz ordaintzea eta lehen mailako banku bermeak ere gehitu ditu. Halaber, enpleguari dagokionez, hobera egin du eskaintzak: hasieran eskainitako 500 lanpostuen aldean 1.397 eskaini ditu orain (500 zuzenekoak eta beste 900 zeharkakoak).
Aljeriako Cevital
Aljeriako Cevital taldeak 18 milioi euroko eskaintza aurkeztu zuen, ekainaren 27an, Fagor Etxetresnen truke. Eskaintza horrek 400 lanpostu zuzen bermatuko lituzke 2019a bitartean, eta 1.300 lanpostu sortuko lituzke inguruan.
Cevitalek esan zuenez, eskaintza horrek eragina izango du etxetresna txikien arloan, baita klimatizazio eta garbiketa sailetan ere. Garagartzako eta San Andreseko lantegiei eragingo die.
"Eskaintzak Edesa, Fagor, Aspes eta Splendid marken jarraipena bermatzen du, baita laguntza teknikoa ere", adierazi zuen Cevitalek. Eskaintzak ez luke eraginik izango Basauriko Edesaren lantegian.
Atzerriko inbertitzaileak
Bestalde, nazioarteko bi talde inbertitzaile Edesan eta Fagorreko unitate batean (gaur egun likidazio prozesuan) interesatuta daude, Imanol Padrales Bizkaiko Sustapen Ekonomikoko foru diputatuak ekainaren 17an plazaratu zuenez.
Plan horretan, kooperatibak Fagorren eta Edesaren aktiboak banatzen ditu hiru bloke handitan: unitate produktiboak; Fagorren produkzioarekin zuzenean harremanik ez dutenak, eta Edesari eraginik egiten ez dienak.
Pradalesek esan zuenez, Aldundiak bermearen eskaintza mantentzen du "Edesan jarduera industriala eta lanpostuak berreskuratzearen alde egiten dutenentzat".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa