17:01

Fagor

Elkarrizketa ETB-n

MCCk kooperatibismoaren eredua aztertuko du urtebete edo bi urte barru

Iker Gomez | eitb.com

Txema Gisasola Mondragon Korporazioko presidenteak adierazi du ez duela "inoiz pentsatu" Fagor Etxetresnakek itxi zezaketenik, eta krisiak "merkatutik bota" egin dituela esan du.

2:39
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Txema Gisasola Mondragon Korporazioko presidenteak azpimarratu du kooperatibismoren eredua "egunero" gaurkotzen ari diren arren, "urtebeteko edo bi urteko epean" eredu hori aztergai izango dutela.

'Airean' ETB-1eko saioari eskainitako elkarrizketan azaldu duenez, Mondragonek 2014ko udaberrian egingo du bere ohiko Kongresua, baina, Gisasolaren hitzetan, bertan ez dituzte kooperatibismoaren balizko "aldaketa sakonak" aztertuko, bai ordea "urtebeteko edo bi urteko epean".

"Hala ere, gure eredua egunero gaurkotzen ari gara, bestela ezinezkoa litzateke 60 urtetan mantentzea", adierazi du. Gisasolaren hitzetan, etorkizunean "kooperatibistek nahi dutena" izango da Mondragon, "baina ez ditugu inoiz galduko  guk geuk barneratuta ditugun baloreak".

"Erantzun sozial on bat emango dugu eta, urtebete barru berriro hitz egingo dugu. Ziur naiz gaitasuna izango dugula arazo horri erantzun on bat emateko", gaineratu du.

Elkarrizketan, Fagor Etxetresnakeko 1.800 langileei esan die "buru belarri" lanean ari direla "pertsona guzti horiek etorkizunean lanpostu bat edukitzeko". Azaldu duenez, dagoeneko 300 langile birkokatzea lortu dute, eta 5 hilabeteko epean beste 500 pertsonek ere lana izango dutela aurreratu du. "Epe motz batean esan genuen 1.000-1.200 langilerentzat irtenbidea izango genuela eta hala izango da", berretsi idu.

Bazkide ez diren edo aldi baterako langileen kasuan, "epe motzean" ez dutela lanposturik izango esan du Gisasolak. Hala ere, Mondragon Korporazioan urtero 400 bat pertsona erretiratu egiten direla eta lanpostu gehienak "bete" egingo dituztela aurreratu du.

Bestalde, "negozio eta produktu berrietan" indarra jarriko dute, lanpostu berriak sortzeko ahaleginean. "Indar handia jartzen ari gara negozio horiek aurrera ateratzeko". Hala ere, nabarmendu duenez, Fagor Etxetresnak hartzekodun konkurtsoan dago, eta hortaz, "arauak bete" beharko ditu. "Guk ahaleginak egingo ditugu aurrera ateratzeko, beti ere, arauen barruan sartzen bada".

Fagor Etxetresnaken dagoen "tentsioa" ulertu egiten duela esan du Gisasolak eta, kritikak jaso ondoren, kooperatibaren ereduan erabakiak "organoetan" hartzen direla gogoratu du.

Fagor Etxetresnak Fagorrekin ez nahasteko eskatu du Mondragoneko presidenteak –"adar gehienak ondo doaz- eta Fagorren izena "ukituta" gelditu dela onartu du.

'Merkatuak bota gaitu kalera'

Mondragon Korporazioko presidenteak adierazi du ez duela "inoiz pentsatu" Fagor Etxetresnakek itxi zezaketenik, eta, azken urteetan egindako "inbertsio handien" ondoren, krisiak "merkatutik bota" egin dituela esan du.

"2007. urtean Espainian hamar labadora saltzen baziren, gaur egun 3,5 saltzen dira. Espainian Fagorrek lidergoa zeukan, baina portzentaia hori galdu egin dugu".

Zehaztu duenez, 2006. urtean 1.800 milioi euro fakturatu zituen Fagor Etxetresnakek, iaz, ordea, 1.000 milioi. "Pixkanaka pikutara joan da, merkatuak bota gaitu kalera", azpimarratu du.

Kritikak "naturaltasunez" jasotzen dituela eta, arlo pertsonalean, Fagor Etxetresnakeko 1800 langileri lanpostua lortu arte "sofritzen" arituko dela gaineratu du.

Mondragonen irudiak mundu mailan kaltea jaso duen galdetuta, Fagor Etxetresnaken krisiak eragin "handirik" ez duela izan azpimarratu du. "Irudiaren kaltea eduki dugu, bai, eta kalte horri buelta eman beharko diogu, lantzen ari gara. Baina, ez kooperatibismoak ezta Mondragonek ere munduan ez du kalte handirik jaso", amaitu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena