Errezetak lehenengo platerak
Tomate frijitua egin
Tipula zuritu, zati txikitan moztu eta, zartagi batean, oliba olioarekin batera erregosi.
Tomate birrindua, usain belarrak eta gatza erantsi, eta 15-20 minutuz su txikian kozinatu.
Barazkiak atondu
Ontzi sakon batean ura eta gatza jarri ondoren, alberjiniak garbitu eta 3-4 mm-ko xerratan moztuko ditugu. Medailoi guztiak tamaina berdintsukoak izateko, alberjinia zati handienak aroarekin moztuko ditugu. Alberjiniak xerratu ahala, ur eta gatzetan jarriko ditugu.
Kuiatxoak garbitu eta horietako bi medailoitan moztu, 3-4 milimetroko lodierako xerratan, gutxi gorabehera.
Beste kuiatxoa, mandolinaren laguntzarekin, luzetara moztuko dugu, xerratxo finetan. Segidan, minutu batez, ur irakinetan galdarraztatuko ditugu (moldaerrazak izateko).
Pipermorroak garbitu, erditik moztu eta hazi guztiak ongi kendu. Segidan, aroarekin medailoiak egin.
Tomateak garbitu eta 3-4 milimetroko xerratan moztu.
Koroa prestatu eta laberatu
Labea 180 graduan goitik eta behetik berotzen jarri.
Alberjinia xerrak uretatik atera eta sukaldeko paperarekin xukatu.
Labeko molde borobil zabal baten oinarrian, tomate frijitua zabaldu, aurretik usain belar sorta kenduta.
Segidan, txandaka eta banakatuz, zirkunferentzia osoa egin arte, barazki xerrak bertikalean jarriko ditugu (galdarraztatutako kuiatxoa izan ezik). Horrela, bi ilara.
Moldearen erdian, burrata gazta bat jarri. Segidan, kuiatxo laminak hartu eta gazta inguratuko dugu, lore forma emanez.
Barazkien bigarren ilararaino lekua soberan geldituko balitzaigu, hutsuneak barazki medailoiekin bete, eta kuiatxo laminak kiribildu eta tarteetan sartu.
Albaka hostoak eta burrata mamurtua nahieran banatu, barazki artean sartu…
Gatzetan eta piperbeltzetan ondu eta oliba olio hari finarekin bataiatu.
Moldea aluminiozko paperarekin estali, ertzetatik ongi itxi eta 30 minutuz laberatu.
Segidan, aluminiozko papera kendu, eta beste 20-30 minutuz, barazkiak ongi gorritu arte, laberatu.
Labetik atera, epeltzen utzi, zerbitzatu eta gozatu.
EiTB TALDEA
EITB Media
900 11 2525 doako telefonoan eta eitb.eus/arreta orrian jasotzen diren kontsulta, kexa eta iradokizunak sistema bateratu berri baten bidez kudeatuko dira.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa