Errezetak lehenengo platerak
Txipiroiak ondo garbitu eta hegal eta garroak txiki-txiki moztu. Betegarrirako diren tipulinak eta berakatza ere txiki-txiki moztu eta erregosten jarriko ditugu zartagin batean olioarekin, ondo eginda egon arte. Jarraian, hegal eta garroak gehitu eta hauek botatzen duten ur guztia lurrundu arte erregosten utzi (20 bat minutu). Gatzez ondu eta epeltzen utziko ditugu.
Behin epeldu zaizkigunean, bete txipiroiak banaka betegarri honekin eta gero txotx batekin itxiko ditugu betegarria ez ateratzeko. Ontzi bat su bizian oliba olio txorrotada on batekin jarriko dugu, eta bertan salteatuko ditugu txipiroiak. Behin salteatuta, atera eta bertan erregosiko ditugu bi tipulak eta piper berdea moztuta su ertainean. Behin barazkiak erregosi zaizkigunean, ardo zuria gehitu eta murrizten utziko dugu. Jarraian, tomate saltsa eta txipiroi tintak gehitu eta arrain saldarekin bustiko dugu dena 30 bat minutuz. Birrindu saltsa, iragazi eta bertara gehituko ditugu txipiroi salteatuak eta bota duten ura. Utzi dena 15 minutuz su motelean egiten.
Txipiroiak egin bitartean, lapiko handi bat urez bete eta su bizian jarriko dugu irakiten hasi arte. Orduan, gatza gehitu eta bertan jarriko dugu pasta egosten behar bezain minututan. Bitartean, zartagin bat sutan jarriko dugu oliba olio txorrotada on batekin eta berakatza eta perrexila txikituko ditugu. Pasta egosi eta oliba olioa bero dagoenean, berakatza oliotara gehitu eta dantzan hasten denean, pasta bertan salteatuko dugu su bizian. Pare bat minutuz salteatzen eduki ondoren, perrexila gehitu eta txipiroiei lagunduta zerbitzatuko dugu.
EiTB TALDEA
EITB Media
900 11 2525 doako telefonoan eta eitb.eus/arreta orrian jasotzen diren kontsulta, kexa eta iradokizunak sistema bateratu berri baten bidez kudeatuko dira.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa