Errezetak lehenengo platerak
Zartagin bat su bizian jarri, eta olio pixka batekin bertan gorrituko ditugu legatz solomoak, guztiz eginda utzi gabe. Jarraian, ganbak zuritu eta zartagin berean gorrituko ditugu, guztiz eginda utzi gabe. Txikitu legatza eta ganbak labanarekin eta geroko gorde.
Moztu zati txikitan tipula eta berakatza, eta lehen erabilitako zartagin berean erregosten jarriko ditugu su motelean. Bitartean, azenarioak eta piperrak era berdinean moztu eta tipularekin batera erregosten jarriko ditugu. Tomatea laukitxotan moztu, eta barazkiak 10 bat minutuan erregosten izan ondoren, pattarrarekin busti eta flanbeatu egingo dugu dena. Tomatea gehitu, eta beste 20 minutuz egiten utziko dugu dena. Eginda dagoenean, arraina eta ganbak gehitu, gatz puntuan jarri eta geroko gordeko dugu.
Bexamela egiteko, gurina lapiko batetan urtu, irina gehitu eta ondo nahasi. Jarraian, hagaxka batekin eragiten diogun bitartean, esne beroa gehituko diogu. Bexamelari gatza, piper beltza eta intxaur muskatua gehitu, eta 10 bat minutuz irakiten utziko dugu su motelean. Lortutako bexamelaren laurden bat betegarriari gehitu eta lasagna prestatzen hasiko gara.
Lasagna xaflak egosi, hoztu eta trapu baten gainean lehortuko ditugu. Labeko erretilu bat hartu, eta oinarrian bexamel kapa fin bat jarriko dugu. Jarraian lasagna xaflekin geruza bat osatu, eta horren gainean betegarriaren erdia jarriko dugu. Beste lasagna geruza bat egin horren gainean, eta betegarriaren beste erdia jarriko dugu ondoren. Lasagna xafla geruza bat gehiago jarri, eta horren gainean bexamela zabalduko dugu. Gazta birrindua gainetik bota, eta labera sartuko dugu 25 bat minutuz 200 ºcan.
Labekoa egin bitartean, kuiatxo bat xerratan moztu, eta katilu baten gari-zainzuri batzuekin jarriko dugu. Gatza eta piperbeltza gainetik bota, eta txorrotada eder bat oliba olio gehituko diogu. Eskuekin dena ongi nahasi eta labeko erretilu batetan jarriko dugu.
Lasagna eginda dagoenean, labetik atera eta barazkiak sartuko ditugu 5-8 minutuz labea piztuta dugula baliatuz. Barazkiak eginda daudenean, lasagnarekin batera zerbitzatu.
EiTB TALDEA
EITB Media
900 11 2525 doako telefonoan eta eitb.eus/arreta orrian jasotzen diren kontsulta, kexa eta iradokizunak sistema bateratu berri baten bidez kudeatuko dira.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa