Errezetak bigarren platerak
Hasteko, biribilkia egiteko behar ditugun barazkiak garbitu eta xehetuko ditugu, saltsa birrindu bat egiteko den horretan, nahi dugun lodierako zatitan.
Birilkia lokarriarekin lotu gabe erosi badugu, lotu.
Jarraian eltze sakon batean oliba-olio txorrotada eder bat berotzen jarriko dugu. Biribilkia bertan sartu eta bueltak emanez alde guztiak gorritu behar zaizkio. Behin alde guztiak ongi gorritu eta ongi itxi direnean, biribilkia kanpora aterako dugu beste ontzi edo plater batera eta geroko gordeko dugu.
Biribilkia erre dugun olio horretan bertan baratxuriak botako ditugu eta egurrezko koilara batekin pare bat buelta emango dizkiogu gorritu arte. Momentu horretan tipulatxak bota eta koilararekin buelta pare bat emango dizkiogu.
Ondoren tipularekin eta porruarekin berdin egingo dugu, hori bai, ez ahaztu gatza bota behar zaiola izerdia askatzen joateko.
Barazkiak biguntzen hasiak direnean, azenarioa botako diogu eta hiru minutuz su bizi-ertainean edukiko dugu barazki guztiak arin-arin eltzera itsasteko. Momentu horretan pattarra botako diogu eta biribilkia sartuko dugu bertan. Guztia urritzen utziko dugu su ertainean.
Saltsa urritu denean, ardoa botako diogu eta beste 5 minutuz edo urritzen utziko dugu.
Jarraian biribilkia estali arterainoko ur kantitatea bota, gatza erantsi eta tapa jarrita ordubetez egosten utziko dugu, noizbehinka biribilkiari buelta batzuk emanez.
Biribilkia gozo-gozo egiten den bitartean, hornigaia egingo dugu:
Baratxuriak eta tipulatxak zuritu eta xehe-xehe egingo ditugu lehenik. Jarraian, azenarioekin ere berdin egingo dugu, baina mozteko garaian xehe-xehe egin beharrean, zatiak makilatxoak bailiran utziko ditugu.
Ondoren, zartagin zabal batean oliba-olio txorrotadatxo batekin baratxuriak gorritzen jarriko ditugu eta azkar batean tipulatxa gehituko diogu, gatz apur batekin. Buelta batzuk eman ondoren ardo zuria bota eta urritzen utziko dugu. Azkenik, gainontzeko barazkiak bota eta su eztitan utzi likido guztia lurrundu arte. Noizbehinka buelta batzuk eman, erre ez dadin.
Biribilkia egin denean, sardeska batekin kanpora atera eta lokarriak kenduko dizikogu poliki-poliki eskuak erre gabe.
Jarraian, saltsa birrindu eta eltze zabal batera iragaziko dugu iragazki eta burruntzali baten laguntzarekin.
Saltsa lodixeagoa nahiko bagenu, edalontzi batean koilaratxo bat maizena edo irina jarri eta, urarekin disolbatu ondoren, saltsari gainetik botako genioke eta sutan irakiten jarriko genuke, koilara batekin bueltak emanez pinportak saihesteko.
Biribilkia laban zorrotz baten laguntzarekin xerratan ebaki ondoren saltsan sartuko dugu. Ez da komenigarria irakinaldirik ematea, haragia lehortuko bailitzaiguke. Eltzea sutatik kanpo dugula apur bat eragin eta nahikoa da.
Zerbitzatzeko garaian, 2-3 txahal-biribilki xerra jarriko ditugu plateraren alde batean eta honen ondoan hornigaiarekin apainduko dugu platera.
EiTB TALDEA
EITB Media
900 11 2525 doako telefonoan eta eitb.eus/arreta orrian jasotzen diren kontsulta, kexa eta iradokizunak sistema bateratu berri baten bidez kudeatuko dira.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa