Errezetak azkenburukoak edo postreak
Kazo batean 600 ml ur, laranja azalak, limoi azalak, kardamomo aleak eta txinatar anisa bota infusio moduko bat lortzeko: 5 minutuz irakiten mantendu, sua itzali eta taparekin estali. Hozten utzi.
Laranja konfitatzeko, hauek ongi garbitu eta xerratan moztu. Kazo batean ura eta laranja xerrak 2 minutuz irakin ostean, ura kendu eta berriro ur berriarekin irakiten jarri. Pausu hau 3 aldiz egin behar da. Segidan, 3. txandan, 100 ml ur, azukrea eta gatza gehitu eta su ertainean ur guztia lurrundu eta laranjak karamelizatu arte eduki. Bukatzean, laranjak labeko erretilura atera eta zabal-zabal jarri lehortzen.
Bestetik, ontzi sakon batean irinak, azukre-hautsa, esne-hautsa eta gatza jarri eta ongi nahasi. Beste ontzi batean, infusio ura iragazita jarri eta legamia bertan aktibatzen jarri. Segidan, psyllium-a euri gisa hautseztatu gainetik eta hagaxka baten laguntzarekin eragin, nahaskia sendotu arte.
Arrautzak katilu batera kraskatu eta sardeska baten laguntzarekin irabiatu. Irinen ontzira arrautzak eta laranja ura erantsi eta jarraian, psylliumaren eta legamiaren nahaskia. Guztia ongi oratu, dena ongi integratzen den arte. Trapu batekin estali eta 10 minutuz pausatzen utzi. Segidan, gurina gehitu eta okintzako hagaxkadun robotaren laguntzarekin 2-3 minutuz ongi eragin. Berriro ere trapu batekin tapatu eta 10 minutuz pausatzen utzi.
Jarraian, aurreko pausua errepikatu (gurina gehitu gabe, hagaxka elektriko berarekin 2-3 minutuz orea landu eta 10 minutuko pausatu).
Azkenekoz pausatu ostean, moldera atera. Bizkotxoetarako molde borobil bat paper sulfatatuarekin forratuko dugu eta budin-molde bat ere bai. Budin-moldea bizkotxo-moldearen erdian jarriko dugu. Segidan, orea bertara isuriko dugu. Kolpetxo batzuk eman, eta ordutxo batez hartzitzen utziko dugu.
Bien bitartean, labea 180 gradutan goitik eta behetik berotzen jarriko dugu.
Arbendolak robotaren laguntzarekin birrinduko ditugu edo bestela, laban batekin.
Hartzitu edo harrotu ostean, arrautza irabiatuarekin margotuko dugu errege-opila. Gainean laranja xerra konfitatuak eta arbendola koskorrak jarriko dizkiogu, txandakatuz.
Opila laberatu eta 60 minutuz egosiko dugu. Denbora horren ostean, labetik atera, paper sulfatatua kendu eta beste 10-15 minutuz egosiko dugu.
Egiten denean, erretilu baten gainean jarriko dugu hozten.
Azkenik, esne-gaina azukre-hautsarekin harrotu, hagaxka elektrikoen laguntzarekin. Opila guztiz hozten denean, erditik ireki eta esne-gain harrotuarekin beteko dugu.
EiTB TALDEA
EITB Media
900 11 2525 doako telefonoan eta eitb.eus/arreta orrian jasotzen diren kontsulta, kexa eta iradokizunak sistema bateratu berri baten bidez kudeatuko dira.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa