Txirrindularitza
Amstel Gold Race
EITB MEDIA
INEOSeko txirrindulari britainiarrak, 2023an hirugarren izan zena, lehen aldiz erdietsi du garaipena proban; Vismako ziklista herbeheretarra, berriz, bigarrenez gailendu da, 2021eko garaipenaren ostean. Pello Bilbao bederatzigarren izan da.
Tom Pidcockek irabazi du Amstel Gold Race lasterketa. Argazkia: EFE.
Albisteak (3)
Tom Pidcock INEOS-Grenadiers taldeko txirrindulari britainiarrak eta Visma Lease a Bike taldeko Marianne Vos ziklista herbeheretarrak irabazi dute, igandean, 2024ko Amstel Gold Race lasterketa. Hain zuzen ere, Pidckockek aurreneko aldiz lortu du garaipena Amstel Gold Racen, 2023an hirugarren sailkatu ostean; Vos, ordea, bigarrenez nagusitu da Amstel God Race Ladies Edition proban, 2021ean ere gailendu baitzen. Pello Bilbao, bikain aritu ondoren, bederatzigarren helmugaratu da.
Pidcockek denboraldiko bere lehen garaipena eskuratu du
Amstel Gold Race lasterketan, Mathieu van der Poel faborito nagusiak ez du aurreikusitako maila eman, eta ez du irabazteko aukerarik izan. Horrek, baina, aukera eman die beste txirrindulari batzuei garaipenaren bila borrokatzeko. Proba ikusgarria izan da, asko aritu baitira gailentzeko lehian; azkenean, Pidcockek irabazi du.
Probako ihesaldi nagusian, lau txirrindulari izan dira: Visma Lease a Bike taldeko Tosh Van der Sande belgikarra, DSMko Enzo Leijnse herbeheretarra, Alexander Hajek BORA-hansgroheko austriarra eta Zeb Kyffin TDT taldeko britainiarra. Ia hasieratik alde egin dute, eta bost minutuko aldea ere erdietsi dute, gehienez. Berg en Terblijt udalerriko helmugarako 76 kilometro gelditzen zirela harrapatu dituzte.
Proba azken 30 kilometroetan sartuta zegoela, hamabi ziklistak lortu dute lasterketa buruan gelditzea, Van der Poel faborito nagusia atzean zegoela; Pello Bilbao zegoen talde horretan. Kalitate handiko gizonak izateaz gain, ihesaldian ondo ari ziren ulertzen, eta segituan lortu dute 45 bat segundoko aldea ateratzea. Tom Pidcock, Vismako Tiesj Benoot, UAE taldeko Marc Hirschi eta Decathlon taldeko Paul Lapeira ere bazeuden multzo horretan.
Askok lehiatu dute garaipena, hainbat ziklista eta talde ahalegindu baitira irabazten. Pidcock, Benoot, Vansevenant eta Hirschi aurretik iritsi dira azken zatira, baina beste hainbat txirrindulari (Pello Bilbao, kasu) oso gertu zituztela. Esprintean, Pidcock izan da onena, eta 2024ko lehen garaipena lortu du horrela.
2024ko Amstel Gold Race lasterketako sailkapena
1 - PIDCOCK Thomas (INEOS) 5:58:17
2 - HIRSCHI Marc (UAE) d. b.
3 - BENOOT Tiesj (Visma) d. b.
4 - VANSEVENANT Mauri (Soudal) d. b.
5 - LAPEIRA Paul (Decathlon) d. b.
6 - MADOUAS Valentin (Groupama) d. b.
7 - MOLLEMA Bauke (Lidl) d. b.
8 - PACHER Quentin (Groupama) d. b.
9 - BILBAO Pello (Bahrain) d. b.
10 - MATTHEWS Michael (Jayco) + 0:11
Marianne Vosek helmugako pankartapean lortu du garaipena
Amstel Gold Race Ladies Edition lasterketari dagokionez, Visma Lease a Bike taldeko Marianne Vos bigarrenenez nagusitu da Herbehereetako proba honetan. Vosek helmugako pankartapean irabazi du, azken zentimetroetan menderatuta SD Worx taldeko Lorena Wiebes herbeheretarra. Esprintean aurretik zihoala ikusita, eta garaipena eskuetan zuela pentsatuta, Wiebesek pedalei eragiteari utzi, eta besoak altxatu ditu, garaipena ospatzeko, baina abiadura moteldu du, eta horrek aukera eman dio Vosi, atzetik etorrita, Wiebes helmuga gainean harrapatu eta gainditzeko. Azkenean, Marianne Vos izan da azkarrena.
Hogei txirrindularik izan dute jokoan Amstel Gold Race Ladies Edition lasterketako hamargarren ekitaldiko garaipena. AlUla-Jayco taldeko Ingvild Gaskjenn norvegiarra helmugaratu da hirugarren; 2023ko garailea, Demi Vollering, 23. postuan sailkatu da, eta irabazleak baino zazpi segundo gehiago behar izan ditu ibilbidea osatzeko.
Lasterketa ordubetez baino gehiagoz neutralizatu dute, eta ibilbidea murriztu egin dute, zirkulazio istripu batengatik. Proban motozikletaz zaintza-lanak egiten ari zen polizia bat larri zauritu da bertan.
2024ko Amstel Gold Race Ladies Edition lasterketako sailkapena
1 - VOS Marianne (Visma) 2:35:02
2 - WIEBES Lorena (Worx) d. b.
3 - GASKJENN Ingvild (AlUla) d. b.
4 - GEORGI Pfeiffer (dsm) d. b.
5 - LONGO BORGHINI Elisa (Lidl) d. b.
6 - GASPARRINI Eleonora Camilla (UAE) d. b.
7 - MOOLMAN Ashleigh (AG Insirance) d. b.
8 - KRAAK Amber (FDJ) d. b.
9 - KASTELIJN Yara (Fenix) d. b.
10 - PALADIN Soraya (Canyon) d. b.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa