21:11

Txirrindularitza

Igandean (apirilak,14)

2024ko Amstel Gold Raceko ibilbideak, profilak, ordutegiak eta parte-hartzaileak

EITB MEDIA

Historiako hamargarren Amstel Gold Race Ladies Edition lasterketa eta 58. Amstel Gold Race proba igandean jokatuko dituzte, Herbehereetan. Demi Volleringek 2023ko garaipena berretsi nahi du, eta Van der Poel da hautagai nagusia Pogacarren lekukoa hartzeko. EITBk zuzenean emango du, 14:00etatik.

  • 2024ko Amstel Gold Raceko profila. Argazkia: amstel.nl/amstelgoldrace.

    2024ko Amstel Gold Raceko profila. Argazkia: amstel.nl/amstelgoldrace.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Historiako hamargarren Amstel Gold Race Ladies Edition lasterketa eta 58. Amstel Gold Race proba igandean jokatuko dituzte, apirilaren 14an, Herbehereetan (gizonezkoen lasterketako zati labur bat Belgikan izango da). Amstel Gold Race Ardeetako Triptikoa izenekoaren aurreneko proba da; hurrengoa asteazkenean jokatuko dute, hilaren 17an, eta Fleche Wallonne da, eta azkena, ordea, hilaren 21ean, igandean, Lieja-Bastogne-Lieja proba. Amstel Gold lasterketan, ohi bezala, parte-hartzaileen zerrenda maila handikoa da; SD Worx taldeko Demi Vollering herbeheretarrak 2023an lortu zuen garaipena berretsi nahi du, eta Alpecin-Deceuninck taldeko Mathieu van der Poel, herbeheretarra bera ere, hautagai nagusia da palmaresean Tadej Pogacarren lekukoa hartzeko, UAE Emirateseko liderrak ez baitu parte hartuko aurtengo ekitaldian. EITBk zuzenean emango du proba, ETB1en eta eitb.eus-en bidez; emanaldia 14:00etan hasiko da, ETB4n eta eitb.eus-en. Telebistako emanaldia, hori bai, 15:00etan ETB1era igaroko da.

2024ko Amstel Gold Race Ladies Editioneko lasterketa

2024ko Amstel Gold Race Ladies Editioneko lasterketa Maastrichten hasiko da (Herbehereak),eta Valkenbburgen amaitu (Herbehereak, hori ere). Txirrindulariek 157,8 kilometroko ibilbidea egin beharko dute, eta proba 10:00etan hasiko da; aurreikuspena da irabazlea 14:08tik 14:15era bitartean helmugaratzea.

Garaipena erdiesteko lehian sartzeko moduan dauden txirrindularien zerrenda luzea da, eta izen handiz josita dago. Hauek nabarmenduko ditugu horretan: SD Worx taldean, Demi Vollering 2023ko irabazlea, Lotte Kopecky belgikarra eta Lorena Wiebes herbeheretarra; Katarzyna Niewiadoma poloniarra (Canyon); Shirin van Anrooij herbeheretarra (Lidl-Trek); Pfeiffer Georgi DSM taldeko britainiarra; UAEko Silvia Persico; eta Marianne Vos herbeheretarra (Visma Lease a Bike).

2024ko Amstel Gold Race Ladies Editioneko lasterketako profila

2024ko Amstel Gold Race Ladies Editioneko lasterketako profila. Argazkia: amstel.nl/amstelgoldrace.

2024ko Amstel Gold Race Ladies Editioneko lasterketako profila. Argazkia: amstel.nl/amstelgoldrace.

2024ko Amstel Gold Race

Emakumezkoen lasterketan ere egingo dutenez, gizonezkoen proba Maastrichten hasi eta Valkenburgen amaituko da. Parte-hartzaileak 10:45ean abiatuko dira, eta, 253,6 kilometro eginda, garaileak 16:47tik 16:56ra bitartean altxatuko ditu besoak, helmugako pankartapean.

Azken ekitaldian Tadej Pogacar nagusitu zen, baina esloveniarra ez da irtengo aurtengoan. Horrenbestez, Mathieu van der Poel da faborito nagusia irabazteko; Alpecineko ziklistak 2019an ere eskuratu zuen Amstel Gold lasterketa. Hauek dira beste faborito nagusiak: Joao Almeida, Juan Ayuso eta Brandon McNulty (UAE), Romain Gregoire (Groupama), Thom Pidcock eta Michal Kwiatkowski (INEOS), Matteo Jorgenson (Visma Lease a Bike), Benoit Cosnefroy (Decathlon-AG2R), Ben Healy (EF Education), Matej Mohoric (Bahrain Victorious), Michael Matthews (Jayco-AlUla) eta Mattias Skjelmose (Lidl-Trek).

Jarraitzeko moduko txirrindularien artean Pello Bilbao (Bahrain) eta Alex Aranburu (Movistar) ere badaude. Horiez gain, beste hiru euskal ziklista ere izango dira lasterketan: Jonathan Lastra (Cofidis), Jon Barrenetxea (Movistar) eta Xabier Mikel Azparren (Q36.5).

2024ko Amstel Gold Raceko profila

2024ko Amstel Gold Raceko profila. Argazkia: amstel.nl/amstelgoldrace.

2024ko Amstel Gold Raceko profila. Argazkia: amstel.nl/amstelgoldrace.


Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    02 20:30 - 22:00 TXIRRINDULARITZA | Italiako Giroaren aurkezpena
    24 22:15 - 00:30 ERREMONTEA | ''Erremontari'' saioa

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena