Txirrindularitza
Asteazkenean jokatuko dute
EITB MEDIA
Txirrindularirik onenetako batzuk irtengo dira asteazkenean, hilaren 19an, Belgikako klasikoan; eitb.eus-ek eta ETBk zuzenean emango dute, 14:30etik aurrera. Tadej Pogacar eta Tom Pidcock dira faborito nagusiak gizonezkoen lasterketan, eta Demi Vollering eta Marta Cavalli, emakumezkoetan.
Irudia: Flèche Wallonne.
Flèche Wallonne klasikoak asteazken honetan, hilaren 19an, jokatuko ditu emakumezkoen eta gizonezkoen lasterketak. Hain zuzen, 26. edizioa beteko du aurten emakumezkoen probak, eta 87.a, berriz, gizonezkoenak; biak ala biak UCI WorldTour mailakoak dira, hau da, mailarik altuena dute. EITBk zuzenean emango du 2023ko Flèche Wallonne klasikoa, 14:30etik aurrera, eitb.eus-en eta ETBn; Euskal Telebistan, proba ETB4n izango da ikusgai 15:15era arte, eta, jarraian, ordu horretatik aurrera, ETB1en.
Egun bakarreko lasterketak kontuan izanik, Flèche Wallonne proba garrantzitsuenetakoa da. Urtero bezala, aurten ere Amstel Gold Race eta Lieja-Bastogne-Lieja lasterketak jokatzen diren astean bertan egingo da. Amstel Gold Race klasikoa igandean jokatu dute, eta Demi Vollering (SD Worx) eta Tadej Pogacar (UAE Team) nagusitu dira, eta Lieja-Bastogne-Lieja hurrengo igandean jokatuko da. Belgikan egiten dituzte hirurak, eta Ardenetako Triptikoa osatzen dute. Flèche Wallonne Huyko Harresian amaitzen da; 1,3 kilometroko igoera gogorra da, eta batez beste % 9,6ko maldak ditu.
Gizonezkoen lasterketa 11:50ean hasiko da, Herven, eta antolatzaileen aurreikuspena da 16:15 eta 16:41 bitartean bukatzea, 194,2 kilometro eginda. Tadej Pogacar da, zalantzarik gabe, proba irabazteko hautagai nagusia. UAE Team taldeko liderra ezin hobeto dabil 2023ko denboraldian; besteak beste, Andaluziako Itzulia, Paris-Niza, Flandriako Itzulia eta Amstel Gold Race klasikoa eskuratu ditu. Flèche Wallonnen, ondoen ibili den urtean, 2020an, bederatzigarren amaitu zuen, baina garaipenaren bila abiatuko da aurten.
Pogacar ez ezik, beste hainbat txirrindularik ere aukerak dituzte Huyn garaipena erdiesteko. Besteak beste, hauek izango dira Herveko irteeran: Tom Pidcock (Ineos - Grenadiers), David Gaudu (Groupama – FDJ), Benoit Cosnefroy (AG2R) eta Mikel Landa (Bahrain – Victorious). Halaber, Pello Bilbao (Bahrain – Victorious), Ion Izagirre (Cofidis), Michal Kwiatkowski (Ineos – Grenadiers), Enric Mas (Movistar) eta Sergio Higuita (Bora – hansgrohe) prest daude lasterketa bikaina egiteko, eta hori bera egiten saiatuko dira Gorka Izagirre eta Alex Aranburu (Movistar) eta Jonathan Lastra (Cofidis). Kern Pharma taldeak ere parte hartuko du.
2023KO FLÈCHE WALLONNE KLASIKOAREN PROFILA (GIZONEZKOEN LASTERKETA)
Aurretik, emakumezkoen lasterketa jokatuko dute; Huyn izango da irteera, 08:42an, eta 11:58 eta 12:20 bitartean helduko da lehen sailkatua helmugara, 127,3 kilometro egin ondoren. Marta Cavalli (FDJ – Suez) italiarrak 2022an lortutako garaipena errepikatzea izango du helburu, eta Cecilie Uttrup Ludwig danimarkarra izango du lagun horretarako. Demi Vollering (SD Worx) herbeheretarra da faborito nagusia Cavalliren lekukoa hartzeko, eta Silvia Persico (UAE Team) italiarrak ere emango du zeresanik.
Annemiek van Vleuten eta Liane Lippert (Movistar), Fem van Empel (Jumbo – Visma) eta Shirin van Anrooij, Lizzie Deignan eta Elisa Longo Borghini (Trek – Segafredo), halaber, Flèche Wallonne klasikoan irtengo dira. Ane Santesteban izango da euskal txirrindularitzaren ordezkaria; errenteriarra sasoi onean dago, eta Amstel Gold lasterketan hamabigarren postuan sartu zen.
2023KO FLÈCHE WALLONNE KLASIKOAREN PROFILA (EMAKUMEZKOEN LASTERKETA)
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa