Davide Formolo (UAE Emirates) italiarrak irabazi du
Dauphine Kriteriumeko hirugarren etapa, Corenc eta Saint Martin de Belleville artean (157 kilometro) jokatu dena.
Primoz Roglic (Jumbo Visma) esloveniarra bigarren postuan helmugaratu da, eta lidergoa sendotu du.
27 urteko Italiako txapeldunaren garaipena ederra izan da. La Madeleine mendatea igotzen ari zela erasoa jo du 9 iheslariko talde baten barruan, eta ihes eginda igaro da mendate gainetik, eta hala jarraitu du Saint Martin de Belleville tontorrean jarrita zegoen helmugaraino, bertan besoak altxatzeko.
Italiarrak 33 segundo atera dizkio etapan bigarren izan den
Primoz Roglic liderrari. Esloveniarrarekin batera beste sei txirrindulari sartu dira, tartean
Mikel Landa (Bahraian) arabarra,
Thibaut Pinot (Groupama) frantziarra eta
Daniel Martinez (Education First) kolonbiarra. Atzerago helmugaratu dira 42 segundoko atzerapenarekin beste zenbait faborito, hala nola
Egan Bernal (Ineos) eta
Nairo Quintana (Arkea) kasu.
Horrenbestez,
Roglicek sendotu egin du liderraren elastikoa etapako bigarren tokiak aitortzen zituen 6 segundoko sariarengatik. Ondorioz, une honetan, 14 segundoko aldea ateratzen dio
Pinoti eta 20 segundokoa,
Emanuel Buchmanni (Bora).
Guillaume Martin (Cofidis) frantziarra laugarren da 24ra, eta
Mikel Landa bosgarren, 26ra.
Larunbat honetan
laugarren etapa jokatuko dute txirrindulariek Ugine eta Megève artean (bigarren mailako mendatea).