Euskal Herriko Itzulia 2022: ibilbidea, etapak eta taldeak, zuzenean - EITB Euskal Herriko Itzulia
Euskal Herriko Itzulia
3. etapa
EITB Media
Jonas Vingegaardek irabazi du Euskal Herriko Itzuliko hirugarren etapa. Azken maldan jaun eta jabe izan da danimarkarra. Mikel Landa bigarren izan da, eta Enric Mas hirugarren.
Albisteak (3)
Jonas Vingegaardek (Jumbo Visma) irabazi du Euskal Herriko Itzuliko hirugarren etapa, asteazken honetan, apirilaren 5ean. Onena izan da Errenteria eta Amasa-Villabona arteko 162,8 kilometroko ibilbidean. Mikel Landa (Bahrain Victorious) bigarren izan da, Enric Mas hirugarren, eta Jon Izagirre laugarren. Etaparen azken 1.300 metroetan igoera ikusgarria izan da, eta horretan, Vingegaardek, lasterketa irabazteko faborito nagusienetakoa bera, indarra izan du atzean uzteko arerio guztiak, eta, halaber, maillot horia janzteko eskubidea eskuratzeko ere, sailkapen nagusiko lehen postuan jarrita. Alex Aranburuk (Movistar) hamargarren egin du.
Aurtengo Itzuliaren Gipuzkoako etapan ez dira alde handiak izan lasterketako faboritoen artean, baina Villabonako erdigunetik Hikako helmugara zihoazen malda gogorretan ikuskizun bikaina eman dute txirrindulariek, ahalik eta segundo gehien urratzeko lehian. Vingegaard dabil orain sailkapen nagusiaren lehen postuan, baina aurreneko tokietan dauden ziklisten artean alde oso txikiak daude: Mikel Landa bigarren doa, 2022ko Frantziako Tourraren irabazleak baino bost segundo gehiago erabilita, David Gaudu (Groupama FDJ) hirugarren dabil, 16 segundo galduta, Jayco taldeko Matteo Sobrero laugarren tokian dago, 18 segundora, eta jarraian Jon Izagirre eta Enric Mas daude sailkatuta, hurrenez hurren 20 eta 21 segundora.
Etapak sei mendate puntuagarri zituen, 3. mailakoak denak, baina, egia esan, txirrindulariak etengabe ibili dira gora eta behera, kontrolatzeko zaila izan den ibilbidean. Sei gizon sartu dira eguneko ihesaldian, eta albistea izan da tartean ez zeudela Caja Rural taldeko Jon Barrenetxea, alegia, Mendiko sailkapenaren liderra, eta Euskaltel - Euskadiko Txomin Juaristi; izan ere, aurreko bi egunetan protagonista nagusietakoak izan dira bi bizkaitarrak. Oraingoan, hauek lortu dute aurrea hartzea: Simon Geschkek (Cofidis), Georg Zimmermannek (Intermarche) Pierre Latourrek (TotalEnergies), Remi Cavagnak (Soudal Quick Step), Nicolas Prodhommek (AG2R) eta Thibault Guernalecek (Arkea - Samsic). Ihesaldia helmugarako 25 kilometro geratzen zirela amaitu egin da, eta Zimmermann eta Cavagna izan dira indartsuenak.
Tropelak ihes egindako ziklistak harrapatuta, Amasa-Villabonako igoera gero eta gertuago zegoela, EF Education – EasyPost taldeko Esteban Chavesek jo du aurrera, 15 kilometro zituztela aurretik. Azken kilometroraino eutsi dio kolonbiarra lasterketa buruan egoteari, Soudal QuickStepeko James Knoxekin eta Trek – Segafredoko Juanpe Lopezekin batera, baina aldapa biziki gogorra zen, eta, gainera, atzetik zetozen txirrindulariek erritmo bizia zeramaten. Hortaz, ezin izan dute garaipena lehiatu.
Jardunaldiko azken metroetan ikuskizun bikaina izan da, bertaratutako milaka zaleen gozamenerako. Laster eraso du Jonas Vingegaardek, gainerako faboritoak aldapari aurre egiteko modua topatu nahian zebiltzala, baina Mikel Landak erantzun ausarta eman du, eta pentsarazi du danimarkarren parean koka zitekeela ere. Ez da hori jazo, eta murgiarrak bigarren postua sinatu du, azkenean. Ematen du Vingegaard eta Landa egon litezkeela Itzuliaren garaipenaren lehia handian, baina ikusi beharko da, oraindik, gainerako gizon indartsuek zer dioten horretaz. Ostegunean, proba Santurtzin hasiko da, eta udalerri horretan bertan amaitu, 4. etapan.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa