Itzulia Basque Country 2022: Euskal Herriko Itzuliko 56. etapa zuzenean
#-6_etapa-#
Itzulia 2023
EITB MEDIA
Jumbo Vismako txirrindulari danimarkarrak eraso erabakigarria jo du etapa bukatzeko 30 kilometro inguru falta zirenean garaipena bereganatzeko. Mikel Landak bigarren bukatu du, eta Jon Izagirre podiumean sartu da azken unean.
Bideoak (10)
Jonas Vingegaard Jumbo Visma taldeko txirrindulari danimarkarrak irabazi du 2023ko Itzulia Basque Country lasterketa Eibarren hasi eta bukatu den seigarren eta azken etapan erakustaldia emanda eta garaipena bereganatuta. Azken honekin, Vingegaard lehiatu diren sei etapetatik hirutan helmugaratu da lehenengo Itzuliaren 62. edizioa eskuratzeko.
Danimarkarrak eraso erabakigarria eman du etapa bukatzeko 30 kilometro inguru falta zirenean, eta atzean utzi du bere aurkari nagusien txirrindulari taldea, tartean Mikel Landa eta Jon Izagirre euskaldunak zirela.
Mikel Landak (Bahrain Victorious) sailkapen nagusiko bigarren postuari eutsi dio, eta Jon Izagirre (Cofidis) podiuma osatu du etapa hirugarren postuan amaituta.
Etapa hasieran Jimmy Janssens (Alpecin-Deceuninck) eta Nicolas Prodhomme (AG2R Citröen) izan dira lehenak tropeletik ihes egiten, baina bikoteak ez du asko iraun lasterketa buruan. Geroago, taldetxo batek egin du aurrera, 12 txirrindulari hauexekin: Daniel Felipe Martinez (Ineos Grenadiers), Valentin Paret-Peintre (AG2R Citröen), Emanuel Buchmann (Bora-hansgrohe), Harm Vanhoucke (DSM), Esteban Chaves (EF Education-EasyPost), Bruno Amirail (Groupama-FDJ), Rein Taaramae (Intermarche-Circus-Wanty), Eddie Dunbar (Jayco AlUla), Ruben Guerreiro (Movistar), Steven Kruijswijk (Jumbo Visma), Attila Valter (Jumbo Visma) eta Marc Hirschi (UAE Emirates).
Hamabiko taldeak zuloa ireki du, eta, horrexegatik, Mikel Landa buru duen Bahrain Victorious jarri da lanean tropelaren buruan. Iheslariekiko desabantaila murriztu egin du Landaren taldeak. Ondoren, Krabellinen gora Chavesek jo du erasoa, eta berarekin batera egin dute aurrera Guerreirok eta Kruijswijkek. Gainera, jaitsieran lasterketa buruko hirukotearekin egin du bat Valterrek.
Tropelean faborito nagusiek bat eginda igo dute Krabelin, eta atzean geratu den bakarra Mattias Skjelmose (Trek-Segafredo) izan da; geroago, ordea, bat egin du faboritoen tropelarekin.
Trabakuara iritsi aurretik tropeletik jauzi egin dute Mauro Schmid (Soudal Quick-Step), Igor Arrieta (Kern Pharma) eta Mathieu Burgaudeau (TotalEnergies) txirrindulariek. Schmidek atzean utzi ditu Arrieta eta Burgaudeau eta lasterketa buruko laukotearekin bat egin du.
Helmugatik 40 kilometrora ihesaldiko boskotea hausteko ahalegina egin du Chavesek, baina ez du lortu taldetxoa apurtzea. Bost kilometro gehiago gainditu ostean, aldiz, Schmidek jo du erasoa eta aurrera egin du berak bakarrik.
Izuarako igoera baino lehen atzean geratu da Valter. Chavesek erritmoa biztu du lehen maldetan eta Schmidekin bat egin du Guerreirorekin batera. Kruijswijk atzean geratu da.
Bestalde, tropelaren buruan jarri da Jon Izagirre (Cofidis) Izuarako igoeraren hasieran, baina Jonas Vingegaardek (Jumbo Visma) erasoa jo du. Liderrak atzean utzi ditu bere aurkari nagusiak, bat egin du Chavesekin eta Guerreirorekin eta horiek ere atzean uztea lortu du. Beraz, liderra jarri da lasterketa buruan.
Jon Izagirre eta Mikel Landa atzeko multzoan geratu dira. Euskal txirrindulariekin batera amaitu dute Izuarako igoera Enric Mas (Movistar), Sergio Higuita (Bora-hansgrohe), Brandon McNulty (UAE Emirates), David Gaudu (Groupama-FDJ), Simon Yates (Jayco AlUla) eta James Knox (Soudal Quick-Step), besteak beste.
Vingegaard aurkari nagusiak zeuden tropelarekiko 47 segundoko abantailarekin iritsi da azken 20 kilometroetara. Pixkanaka, danimarkarra abantaila handitzen joan da, eta etapa garaipena bereganatuta 2023ko Euskal Herriko Itzulia irabazi du.
Jonas Vingegaard ezin zutela harrapatu ikusita, atzeko tropelean podiumeko postuak egon dira jokoan. Erasoak bata bestearen ostean eman dira, eta Knox izan da metro batzuetako abantaila hartu duena. Britainia Handiko txirrindularia izan da bigarren helmugan, eta Jon Izagirre hirugarren. Horri esker, euskal txirrindulariak sailkapen nagusiko hirugarren postua lortu du eta podiumean amaitu du Itzulia. Mikel Landa, aldiz, hamaikagarren izan da helmugan eta sailkapen nagusiko bigarren postuari eutsi dio.
Kontsultatu Itzuliaren sailkapen guztiak, eitb.eus-en.
2023ko Euskal Herriko Itzuliko sailkapen nagusia. Argazkia: EITB Media
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa