Saskibaloia
IDK Euskotren
EITB MEDIA
Azu Muguruzaren taldeak ostegunean hasiko ditu, Gascan, Endesa Ligako titulurako play-offak, Valentzia Basket aurkari, final laurdenetako joaneko partidan. Maria Españak hiru denboraldi eginda esango du agur; Dulcy Fankam 2023an iritsi zen IDK Euskotrenera, eta Seattle Storm taldean arituko da.
Maria Españak hiru denboraldi eman ditu IDK Euskotrenen. Argazkia: IDK Euskotren.
Maria España hegalekoak ez du IDK Euskotrenen jarraituko, denboraldia amaituta, eta Dulcy Fankam pibotak Donostiako taldea utzi du eta WNBAko Seattle Stormek fitxatu du, Gipuzkoako klubak azken orduetan iragarri duenez.
Testuinguru horretan, IDK Euskotrenek denboraldi honetan kantxan izan dituen erreferente nagusietako bi galduko ditu; izan ere, biak ala biak jokalari oso garrantzitsuak izan dira Azu Muguruza entrenatzailearentzat. Maria Españak Donostian hiru denboraldi eginda esango du agur; Dulcy Fankam, ordea, 2023an iritsi zen IDK Euskotrenera.
Sare sozialen bidez, klubak deialdia egin du Maria Españari, "ostegunean, Gascan, merezi duen agurra" emateko; izan ere, ostegunean, hilaren 25ean, IDK Euskotrenek partida handia du, Endesa Ligako titulurako play-offetan, final laurdenetan: Valentzia Basket aurkari, Donostiako taldeak joaneko neurketa jokatuko du, 20:00etan. Itzulikoa iganderako dago aurreikusita, 18:30ean hasiko da hori. IDK Euskotrenek zazpigarren postuan amaitu da Liga erregularra, eta Valentzia Basket egungo txapelduna da.
Dulcy Fankami dagokionez, IDK Euskotrenek zehaztu du WNBAko Seattle Storm taldean dabilela dagoeneko: "Klubetik, gure taldeko kide izan den bitartean egindako lana eskertu nahi diogu", adierazi du.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa