Saskibaloia
EuroCup
EITB MEDIA
Bizkaiko taldeak, horrela, aurreneko garaipena eskuratu du EuroCupen, eta, behin-behinean, bere multzoko bigarren postuan jarri da. Lucas Fernandezen jokalariak oso ondo aritu dira bigarren zatian, bereziki hirugarren laurdenean; izan ere, 16-4ko partziala lortu dute horretan.
Sendo defentsan eta bizi erasoan, Lointek Gernikak garaipena lortu du. Argazkia: Lointek Gernika.
Lointek Gernika Bizkaiak Zaglebie Sosnowiec menderatu du asteazken gauean, Malosten, 78-59, 2023-24 denboraldiko EuroCupeko multzo faseko hirugarren jardunaldian. Bizkaiko taldeak, horrela, aurreneko garaipena eskuratu du aurtengo EuroCupen, eta, behin-behinean, bere multzoko bigarren postuan jarri da. Lucas Fernandezen jokalariak oso ondo aritu dira bigarren zatian, bereziki hirugarren laurdenean; izan ere, 16-4ko partziala lortu dute horretan.
Aurreko astean, Lointek Gernikak, Malosten ere, galdu egin zuen Lattes Montpellier, eta, ondorioz, neurketa oso garrantzitsua zen Gernika-Lumoko taldearentzat. Egia esan, Poloniako taldearentzat ere bai; biek ala biek porrot bana zuten sailkapenean, Frantziako taldearen aurka galduta, eta norgehiagoka honetan garaipena eskuratzeak zekarren aurrea hartu eta lehenengo kolpea eman, bien arteko lehian. Maila handiko Europako gaua zen, ezinbesteko erronka, eta hori giroan antzematen zen: ilusioa zen nagusi, baina tentsioa eta erantzukizuna ere bai.
Bi taldeak oso parean ibili dira aurreneko laurdenean, ia horren amaierara arte. Zaglebie markagailuan aurrea hartzen ahalegindu da, baina Lointek Gernikak eutsi egin dio, gertu izan da une oro. Hala, 13-13koan, Lucas Fernandezen taldeak bi hiruko saskiratze sartu ditu jarraian, eta 19-13 jarri dira goitik; Maloste itxaropentsu zegoen, orduan, bai eta lehenengo hamar minutuak burututa, etxekoak 21-15 ari baitziren irabazten.
Bigarren laurdenean, bi zati oso bestelakoak izan dira. Lehenengoan, Lointek Gernikak, joko bizia eta azkarra eginda eta errebotea ondo itxita, 15 puntuko aldea ezarri du, 37-22koan. Ematen zuen Bizkaiko taldea nagusi izan zitekeela, baina Zaglebiek erantzun bikaina eman du, 0-12ko partziala erdietsita. Atsedenaldian, hortaz, Bizkaiko taldea 37-34 ari zitzaion gailentzen aurkariari, hiru puntuko aldea zuen, beraz.
Hasiera ona ez bada ere (hain zuzen ere, Poloniako taldea aurretik jarri da, 37-38), hirugarren laurdenean bikain aritu da Lointek Gernika. Lucas Fernandezek entrenatzen dituen jokalariek hamabost puntuko aldea kokatu dute markagailuan beste behin, 53-38koan (hori izan da azken emaitza), eta, horrez gain, lortu dute aurkariak soilik lau puntu egitea atsedenaldiaren osteko lehen hamar minutuetan. Ederto aritu dira defentsan etxekoak, oso sendo, eta joko bizia egin dute, zati horretan.
Garaipena gertutik ikusten ari zirela, Bizkaiko taldeko jokalariek ez dute estutasunik izan azken laurdenean; are gehiago, abantaila handitu egin dute, eta hori oso garrantzitsua izan liteke, kontuan izanik basketaverage izenekoa erabakigarria izan litekeela, hurrengo faserako sailkatzea zein taldek lortzen duen zehazteko. Hala, azken emaitza, 78-59koa, esanguratsua da, eta zuzen laburbiltzen du Malosteko kantxan ikusitakoa. Lointek Gernika gehiago izan da, eta meritu handiko garaipena bereganatu du.
Fitxa teknikoa
78.- Lointek Gernika (21+16+16+25): Ariztimuño, Berger (13), Nikitinaite (21), Milapie (5) eta Silva (9) -hasierako taldea- Bradford (16), Alberdi, Buch (5), Flores (2) eta Madera (7).
59.- Zagelbie Sosnowiec (15+19+4+21): Jones (5), Wadoux (17), Zempare (12), Marciniak eta Dornstauder (18) -hasierako taldea- Jasiulewicz (5) eta Wnorowska (2).
Partzialak: 21-15, 37-34 (atsedenaldian), 53-38 eta 78-59 (amaieran).
Epaileak: James Kerry Dominique (Gibraltar), Jose Pedroso (Portugal) eta Josh Bowe (Erresuma Batua). Milapie kanporatu dute, 38. minutuan, bost falta egin izateagatik.
Gertakizunak: EuroCupeko multzo faseko hirugarren jardunaldiko partida. Malosten jokatu dute, eta ia beteta izan a hori.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa