Saskibaloia
Erreginaren Kopa
I. G. | EITB MEDIA
Bizkaitarrak sorpresa ematetik gertu izan dira azken laurdenean, baina ezin izan diote buelta eman markagailuari, eta agur esan diote txapelketari.
Sofia Da Silva, Lointek Gernikako jokalaria, pase bat ematen. Argazkia: EFE
Albisteak (2)
Lointek Gernika Bizkaiak galdu egin du Erreginaren Kopako finalerdietako partida Perfumerias Avenidaren aurka (53-59). Horrela, finaletik pauso bakarrera geratu da eta txapelketatik kanporatuta. Bizkaitarrak sorpresa ematetik gertu izan dira azken laurdenean, baina ezin izan diote buelta eman markagailuari, eta agur esan diote txapelketari.
Euskaldunen lehen puntua falta baten bidez heldu da, lehen laurdenean faltek behar baino protagonismo handiagoa hartu dutelarik. Ordurako hainbat jaurtiketa huts egin dituzte; izan ere, bi taldeetako bat ere ez da fin ibili baloia uztaian sartzeari dagokionez. Horren emaitza izan da lehen bost minutuetan zazpi puntu baino ez dituztela lortu. Hala ere, Avenidak abantaila txiki batekin gidatu du jokoa lehen zatia ixteko (7-13).
Bigarren laurdenak beste kolore bat hartu du eta saskiratzeak izan dira nagusi. Iazko txapeldunek titulua berresteko gogoa erakutsi dute eta Gernikakoen aurretik joan dira, aurkariaren puntuei aurre egin arren, ez baitute lortu markagailuko aldea murriztea defentsan egindako hutsengatik. Salamancakoak aurretik zirela joan dira atsedenaldira (24-37).
Lointek Gernika indartsu itzuli da aldageletatik eta bereak izan dira lehen saskiratzeak 7-0eko partzialarekin, baina aurkariek denbora gutxi behar izan dute partidaren gidaritza hartzeko berriz, hiruko jaurtiketen bidez aldea handituz. Azken minutu on batzuek azken laurdenera 15 puntuko abantaila seguruarekin joateko balio izan diote (38-53).
Anna Montañanak zuzentzen dituen jokalariek ez dute etsi eta azken unera arte borrokatu dute. Are gehiago, markagailuko aldea murriztu dute, azken minutuetan jokoan nagusituz, aurkariengandik hiru puntura bakarrik jartzeko (52-55) 15-2ko partzialarekin, beldurra eta presioa sartuz gorputzean Avenidari.
Baina azkenean ezustekoa emateko denbora falta izan zaie eta porrota jaso dute (53-59). Horrela, Erreginaren Kopako finala Perfumerias Avenidak eta Casademont Zaragozak jokatuko dute, azken honek beste finalerdian Valentzia 59-74 mendean hartuta.
Fitxa teknikoa
53 - Lointek Gernika Bizkaia (7+17+14+15): Ygueravide (11), Buch (3), Spreafico (9), Meskonyte (-), Da Silva (5) -hasierako bostekoa- Wojta (7), Cvitkovic (16), Williams (-) y Ariztimuño (2).
59 - Perfumerías Avenida (13+24+16+6): Maite Cazorla (4), Vilaró (8), Carleton (8), Onyenwere (8), Reisingerova (4) -hasierako bostekoa- Leo Rodríguez (9), Silvia Domínguez (-), Gulbe (-), Nogic (5), Prince (6) y Fasoula (7).
Epaileak: Francisco Zafra, Daniel Checa eta Maria Angeles García. Reisingerova kanporatu dute falta pertsonalengatik.
Hurrengo zuzenekoak
24 | 16:10 - 16:50 | PILOTA | Lau t'erdiko finalaren atariko saioa |
24 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Lau t'erdiko finala: Laso vs Etxeberria |
25 | 23:30 - 00:30 | AREA TXIKIA | Athletic Club vs Reala partidako laburpena |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa