20:39

Saskibaloia

LF Endesa

IDK Euskotrenek Araski menderatu du (73-81), Mendizorrotzan, derbian

EITB MEDIA

Azu Muguruzaren jokalariak ia hasieratik izan dira aurretik markagailuan, eta amaierara arte eutsi diote abantailari. Hala, hamargarren garaipena lortu dute, eta sailkapeneko bederatzigarren postura igo dira; Araski zortzigarren dabil.

  • IDK Euskotrenek garaipena lortu du euskal derbian, Araskiren aurka. Argazkia: Araski.

    IDK Euskotrenek garaipena lortu du euskal derbian, Araskiren aurka. Argazkia: Araski.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

IDK Euskotrenek garaipena lortu du igandean Mendizorrotzan jokatutako LF Endesako derbian, Araskiren aurka. Donostiako taldeak 73-81 menderatu ditu Made Urietaren jokalariak; IDK ia hasieratik izan da aurretik markagailuan, eta amaierara arte eutsi ahal izan dio abantailari.

Hala, gipuzkoarrek hamargarren garaipena lortu dute, eta sailkapeneko bederatzigarren postura igo dira; Araski zortzigarren dabil, eta partida bat gehiago du irabazita IDK Euskotrenek baino. Giro polita izan da Mendizorrotzan, eta bi taldeak ibili dira ondo. Hori bai, azkenean, jakina, bisitariek hartu dute poza; lehen itzulian Araskik Gascan irabazi zuen, eta orain gipuzkoarrek erdietsi dute garaipena derbian.

IDK Euskotren hobeto sartu da partidan. Lehen laurdenean, Donostiako taldeak zazpi puntuko aldea bereganatu du (18-25); hasierako minutuetan, baina, Araskik hartu du aurrea, bost puntuko aldea ere markatuta (11-6koan).

Bigarren laurdenean ez da aldaketa handirik izan. Azu Muguruzaren jokalariek kontrolpean izan dute neurketa; hori bai, Araskik lortu du gipuzkoarren aldeak ez egitea gora. Mendizorrotzako markagailuak 33-39koa zuen zehaztuta; beraz, bigarren zatiak dena erabakiko zuen euskal derbian.

Lehiak hirugarren laurdenean jarraitu du; azken horretan puntuen trukea etengabekoa izan da. Bi taldeek izan dute korrika egin eta erasora jotzeko aukera, eta zaleek gozatu dute. Etxeko taldea lehen zatian baino gertuago kokatu dira markagailuan; hiru puntura ere izan dira Made Urietaren neskak, baina azkenean, azken segundoan sartutako saskiratze batez, gipuzkoarrak bost puntu aurretik iritsi dira azken laurdenean.

Erabakigarria izan da, azken finean, IDK Euskotrenek azken laurdenean erakutsitako sendotasuna. Minutu horietan, gipuzkoarrek aldea handitu dute, eta emaitza argi kokatu dute euren alde. Amaitzeko gutxi geratzen zela, 67-79koa jarri dute; derbiaren bukaeran, zortzi puntu atera dizkiote gipuzkoarrek arabarrei.

Araskiri dagokionez, Tanaya Atkinson ibili da bikain: 17 puntu sartu eta 14 errebote hartu ditu, eta 26 izan du balorazioan. Txell Alarconek ere neurketa oso ona egin du, 14 puntu lortuta. IDK Euskotrenen, Claudia Cuicek 22 puntu egin ditu eta sei errebote hartu (22 puntu balorazioan), eta Natalia Rodriguezek zazpi asistentzia eman ditu, 15 puntu sartzeaz gain. Talde osoa ibili da fin.

Fitxa teknikoa

73 - Araski (18+15+22+18): Asurmendi (1), Atkinson (17), Burani (9), Van den Adel (11), White (7) -hasierako boskotea-, Alarcon (14), Chagas (12), Diarra (2), Holopainen (-).

81- IDK Euskotren (25+14+21+21): Brown (10), Coulibaly (7), Cuic (22), Dembele (4), Estebas (7) -hasierako boskotea- Cardaño (16), Esnal, Rodriguez (15), Soriano (-).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    23 21:45 - 23:59 ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena