19:42

Saskibaloia

Eurokopa

Lointek Gernikak amesten jarraitzen du Europan, Hungarian galdu arren (79-75)

eitb.eus

Gernikarrak final-zortzirenetan izango dira, nahiz eta bigarren laurdenean etxekoek kanporaketa orekatzea lortu duten (34-16).

  • Lointek Gernikako jokalariak

    Lointek Gernikako jokalariak. Argazkia: Artxiboko irudia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Lointek Gernika Bizkaiak beste mugarri bat jarri du Europako bere ibilbidean, Eurokopako final-zortzirenetan izateko eskubidea bereganatu baitu asteazken honetan, Hungarian, nahiz eta galdu egin duen KSC Szekszard taldearen aurkako itzuliko partida (79-75).

Gernikarrek joaneko partidan lortutako 18 puntuko errenta zeukaten alde (91-73), eta horri eustea besterik ez zuten egin behar hurrengo kanporaketara jauzi egiteko.

Alabaina, neurketari ezin okerrago ekin diote Mario Lopezenek; izan ere, 14-2ko partziala jaso dute lehendabiziko 5 minutuak bete orduko, eta markagailuko zuloa handitzen joan da lehen laurdenak aurrera egin ahala (24-9, 7:44 eta 26-11, 8:46). Zorionez, estreinako laurden horren amaierarako, emaitza txukuntzea lortu dute bizkaitarrek (26-16).

Aitzitik, bigarren laurdena hasi eta berehala, ezin asmatuta ibili dira berriro, eta egoera hori baliatu dute hungariarrek 8-0eko partziala erdietsi eta kanporaketa une batez parekatzeko (34-16, 12:42). Hortik aurrera, baina, Lointek Gernikak bere jokoa nolabait zuzentzeko gaitasuna azaldu du, eta 42-36ko emaitza "lasaigarriagoarekin" joan da aldageletara.

Atsedenalditik bueltan, etxekoak saiatu dira kanporaketa bizirik eusten, baina gernikarren kalitatea nagusitzen joan da apurka-apurka, eta, hirugarren laurdena amaitzeko minutu bat besterik falta ez zenean, markagailuan aurretik jarri dira (55-56). Gainera, Blake Dietrick estatubatuarrak, gaurkoan Gernikakoen jokalaririk nabarmenena izan denak, hiruko ikusgarri batekin itxi du laurden hori, txirrinaren soinuarekin batera sartu dena (57-61).

Horrenbestez, kanporaketa Lointeken interesen aldera bideratuta zegoela ikusita, azken 10 minutuetako jakin-min bakarra bueltako norgehiagokaren irabazlea nor izan behar zuen erabakitzea besterik ez zen geratzen. Moreak zazpi puntugatik irabazten joan dira laugarren laurden horren hastapenean (57-64), baina azken txanpan, etxekoak grina gehiago azaldu dute, eta ohorez esan diote agur txapelketari, lehia lau puntuz irabazita (79-75).

Hartara, Lointekek Endesa Ligan ari den Valentzia izango du aurkari otsailaren 20an eta 27an jokatuko den hurrengo kanporaketan.

Estatistiken alorrean, Julie Wojta (14 puntu, 12 errebote eta 19ko balorazioa), Blake Dietrick (21, 9 asistentzia eta 20) eta Nikolina Milic pibot bosniarra (21) nabarmendu dira euskal taldeari dagokionez.

Etxekoen aldetik, berriz, Erica McCall (20, 7 eta 26), Sara Krnic (13, 5 eta 19) eta Ivana Djokic eskolta (23, 6 asistentzia eta 20) izan dira onenak.

Fitxa teknikoa:

79 - KSC Szekszard (26+16+15+22): Theodorean (5), Marshall (5), Dojkic (23), McCall (20) eta Krnic (13) –hasierako bostekoa–; Agnes Studer, Balint (3), Ruzickova (10) eta Kiss.

75 - Lointek Gernika Bizkaia (16+20+25+14): Ocete (8), Dietrick (21), Wojta (14), Arrojo (4) eta Milic (14) –hasierako bostekoa–; Mazionyte (2), Lo (5), Díez (4), Molina (3) eta Ariztimuño.

Partzialak: 26-16, 42-36 (atsedenaldia); 57-61 eta 79-75 (amaiera).

Epaileak: Peter Zenis (Eslovakia), Bojan Jovanic (Bosnia) eta Kresimir Kati (Kroazia). Theodorean (24. min) eta Milic (39. min) kaleratu dituzte bost faltengatik.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    23 21:45 - 23:59 ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena