Saskibaloia
Eurokopa
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gyorren aurka lortutako garaipenarekin F multzoko bigarren postua ziurtatu du, eta, ondorioz, final-zortzirenen aurreko play-offean egongo da.
Gernikako jokalariak zenbait zalerekin ospatu dute lortutako garaipena. Argazkia: Lointek Gernika
Lointek Gernika Bizkaiak Eurokopako hurrengo fasean izango dela ziurtatu du asteazken honetan, Gyorren aurka Hungarian irabazi ostean (60-74).
Izan ere, garaipen horrekin bizkaitarrek ziurtatu egin dute F multzoko bigarren postuan amaituko dutela ligaxka, Perfumerias Avenidaren atzetik.
Mario Lopezen taldea 2-0 galtzen hasi bada ere, horixe izan da etxekoak neurketa osoan zehar aurretik egon diren une bakarra. Nicolina Milicek berehala jarri du berdinketa markagailuan, eta hortik aurrera Lointek jaun eta jabe izan da. Hartara, lehen laurdena 21-25 aurretik bukatu du agintzen.
Gernikarrek bigarren laurdena baliatu dute markagailuan alde egiteko, saskiari begira izan duten eraginkortasunari esker (% 75eko batez bestekoa biko jaurtiketetan eta % 54koa hirukoetan, lehen zatiaren amaieran). Ondorioz, hamaika puntuz irabazten joan dira atsedenaldira (39-50).
Aldageletatik bueltan, ordea, Lointeken puntu jarioak etena izan du, eta etxekoek hori baliatu dute laurdeneko partziala bereganatzeko (10-8). Dena den, Mario Lopezen taldeak alde erosoa izaten jarraitu du (49-58).
Azken hamar minutuetan, kontrol lanean aritu dira gernikarrak, esku-eskura baitzuten garaipena eta, bide batez, hurrengo faserako sailkapena. Azkenerako, ez dute estutasunik pasatu, eta gernikarrak Eurokopako 24 talde onenen artean egongo dira, hau da, final-zortzirenak jokatu aurretiko play-offa jokatuko dute.
Lointeken aldetik, bost jokalari izan dira gai hamar puntu edo gehiago lortzeko: Nikolina Milic (16 puntu eta 13ko balorazioa), Blake Dietrick (14 eta 15), Julie Wotja (14 eta 19), Gintare Mazionyte (12 eta 17) eta Nogaye Lo (10 eta 15).
Etxekoei dagokienez, bi jokalari nabarmendu dira beste guztien gainetik: Zofia Hruscakova (18 puntu eta 20ko balorazioa) eta Judit Barnai (14 eta 19).
Gernikak datorren asteazkenean amaituko du multzoen fasea, Olivaisen aurka Malosten jokatuko duen lehiarekin (20:00).
Fitxa teknikoa:
60 - Uni Györ (21+18+10+11): Papp (9), Raksani (5), Torok, Barnai (14) eta Hruscakova (18) -hasierako bostekoa-; Czank (2), Varga (4), Dombai (2), Devaughn (6).
74 - Lointek Gernika (25+25+8+16): Ariztimuño, Dietrick (14), Wojta (14), Mazionyte (12) eta Milic (16) -hasierako bostekoa- Arrojo (2), Molina (6), Nogaye Lo (10) eta Ocete.
Partzialak: 21-25, 39-50 (atsedenaldia); 49-58 eta 60-74 (amaiera).
Epaileak: Jelena Tomic (Kroacia), Christoph Rohacky (Austria) eta Sinisa Prpa (Serbia). Papp kaleratu dute faltengatik (37. min).
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa